Hamaika orduko 'Metamorfosia'

Klasikoen Irakurketa Jarraitua egingo dute ostegunean, Arriaga antzokian. Frank Kafkaren 'Metamorfosia' eleberria aukeratu dute

Iaz, Joseba Sarrionandiaren Narrazio guztiak irakurri zuten. MARISOL RAMIREZ / ARP.
Bilbo
2016ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
«Euskara ikasleei eskerrak emateko antolatzen dugu ekitaldi hau, baina, jadanik, bederatzigarren edizioa da; ibilbide polita egin dugu, eta egitasmoak pisua hartu du». Pedro Alberdi Bilbo Zaharra euskaltegiaren arduraduna da, eta, dioenez, euskara ikasleei egindako omenaldia da Klasikoen Irakurketa Jarraitua, «hor egoteagatik, hor jarraitzeagatik».

Ohikoa den legez, Bilboko Arriaga antzokian egingo dute irakurraldia. Ostegunean, 08:00etan hasi eta 19:00ak arte, irakurketak ez du etenik izango. Oraingo honetarako, Franz Kafkaren Metamorfosia irakurlana aukeratu dute; izan ere, ehun urte bete dira idazle austriarrak bere eleberririk famatuena idatzi zuela. «Munduko literaturako autore garrantzitsuenengan izan du eragina lan horrek. Hamaika hizkuntzatara izan da itzulia, eta autore eta pentsalari gehienek interpretatu dute».

Lehenengoz aukeratu duteitzulitako liburu bat, eta, Alberdiren esanetan, horixe da aurtengo «berezitasuna». Anton Garikano tolosarrak (Gipuzkoa) egin du Metamorfosia-ren euskarazko azken itzulpena. «Jatorrizko hizkuntzatik, alemanetik, zuzenean itzuli du, ez gazteleratik. Irakurraldiaren helburua ere bada beste hizkuntza batzuetatik euskarara egindako zuzeneko itzulpenen garrantzia aldarrikatzea. Horrek eragina dauka mundua ulertzeko daukagun moduan».

Laurehun lagunek baino gehiagok parte hartuko dute irakurraldian. «Besteak beste, euskal kulturarekin, gizartearekin, ekonomiarekin eta politikarekin zerikusia duten herritarrak», azpimarratu du Alberdik. Halere, parte hartzaileen erdiak, gutxi gorabehera, euskaltegiko ikasleak izango dira. Eta, horiez gain, hainbat Euskal Etxetako kideak ere streaming bidez ikusi ahal izango dira irakurtzen. «Bitxikeria» baten berri ere eman dute: «Joan den urtean, Joseba Sarrionandiaren Narrazio guztiak ipuin bilduma irakurri genuen, eta, horregatik, aurten Sarrionandiak berak pasarte bat irakurriko du. Audioan grabatuta daukagu haren ahotsa, eta entzungai jarriko dugu». Anton Garikano izango da irakurtzen lehena, eta gero etorriko dira beste guztiak. «Jada adostuta dago irakurle guztiak nortzuk izango diren; izena eman behar da aurretik. Pasarteka egingo dugu irakurketa».

Axularren Gero, Jose Antonio Mogelen Peru Abarka, Jon Miranderen Haur Besoetakoa, Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik Panpox, Bernardo Atxagaren Obabakoak eta Gabriel Arestiren Harri eta Herri izan dira aurreko urteetan irakurri diren liburuak. Eta horiek gogorarazteko, Klasikoen Irakurketa Jarraituak bederatzi urteotan izan duen ibilbideari buruzko erakusketa egingo dute Bilboko metroan, ekainaren 15etik uztailaren 15era bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.