Donostiako 72. Zinemaldia

Hamalau film lehiatuko dira Donostiako Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean

Besteak beste, Nele Wohlatz, Celina Murga eta Jose Luis Torres Leiva zuzendarien lanak ariko dira Horizontes saria irabazteko lehian. Bi mundu estreinaldi hartuko ditu sailak: Mariana Rondonen 'Zafari'-rena eta Salvador del Solarren 'Ramón y Ramón'-ena.

Jose Luis Torres Leiva zuzendariaren 'Cuando las nubes esconden las sombras' filmeko irudi bat; lan horrek hasiko du Horizontes Latinos sailaren programazioa. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Jose Luis Torres Leiva zuzendariaren 'Cuando las nubes esconden las sombras' filmeko irudi bat; lan horrek lan horrek hasiko du Horizontes Latinos sailaren programazioa. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Uxue Rey Gorraiz.
2024ko abuztuaren 8a
14:22
Entzun 00:00:0000:00:00

Batera edo bestera Latinoamerikari lotuak diren filmak hartzen ditu barnean Donostiako Zinemaldiko Horizontes Latinos sailak, sorreratik. Orain, festibala hasteko sei aste falta diren honetan, antolatzaileek jakinarazi dute aurten zer lan kabiarazi dituzten zerrenda horretan; hamalau dira guztira. Banan-banan emanen dituzte jaialdian, eta, hala, guztiak izanen dira Horizontes saria irabazteko lehian sartuta. Zehazki, Jose Luis Torres Leiva zuzendari txiletarraren Cuando las nubes esconden las sombras filmak hasiko du sail horretakoen programazioa, eta Celina Murga argentinarraren El aroma del pasto recién cortado filmak amaituko. Hain zuzen, Murgak Donostiako Zinemaldiaren Industria Saileko egitasmo baten gerizpean abiatu zuen film hori ontzeko bidea: Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan landu zuen, 2020an. Film horrengatik Tribecako zinema jaialdian gidoi hoberenaren saria jaso berritan, Donostian bistaratuko du lana; abiapuntura bueltatuta hala.

Murgaren filma ez da aurrez Donostiako Zinemaldian urratsen bat eginda sortutako bakarra. Esate baterako, antolatzaileek nabarmendu dutenez, aurten Horizontes Latinos sailean lehiatuko diren hamalau filmen arteko lau WIP Latam sailean izandakoak dira, 2022ko edo 2023ko aldietan: Iair Saiden Los domingos mueren más personas —sail horretako industria saria jaso zuen iaz—, Sofia Paloma Gomez eta Camilo Becerraren Quizás es cierto lo que dicen de nosotras, Lola Ariasen Reas eta Yennifer Uribe Alzateren La piel en primavera —2022an izan zen WIP Latam sailean, baina orduan Sandra izenburuarekin aurkeztu zuten—.

Bestalde, Nele Wohlatz zuzendarialemaniarrarenDormir de olhos abertos filma ere Horizontes saria irabazteko lehiatuko da, eta, hain justu, Donostiako Zinemaldiaren bidez eginiko egonaldian ekin zion hura josteari. Zehazki, Wohlatzek Ikusmira Berriak programaren 2018ko aldian parte hartu zuen lan hori eskuetan zuela. Brasilen, Argentinan, Taiwanen eta Alemanian ekoitzi dute lana, eta haren bidez kontatzen den istorioak honako hau du abiapuntua: Taiwandik Brasilera oporretan joandako Kaik hautsia du bihotza, eta, bertan delarik mandatu bat egitekoa denean, Xiaoxin ezagutuko du. Filmak Fipresci saria irabazi du Berlinale jaialdiko Encounters sailean, berriki.

(ID_14153615) DONOSTIAKO 72. ZINEMALDIA
Nele Wohlatz zuzendariaren Dormir de olhos abertos filmeko irudi bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Bi estreinaldi

Donostiako Zinemaldiak zehaztua duenez, Horizontes Latinos sailean parte hartzen duten filmak derrigor izan behar dira Hego Euskal Herrian estreinatu gabeak; hortaz, aurtengo hamalau lanek ezinbestean betetzen dute irizpide hori. Edonola ere, aurten badira, gainera, Donostiako emanaldia guztiz estreinakoa izanen duten bi film: mundu mailako estreinaldia izanen dute bai Salvador del Solarren Ramón y Ramón-ek, bai eta Mariana Rondonen Zafari-k ere.

Salvador del Solar lehendik ere egona da Donostiako Zinemaldian. Zehazki, 2014ko aldiko Horizontes Latinos sailean izan zen zuzendariaren opera prima, Magallanes (2015), eta Zinema Eraikitzen Industria saria irabazi zuen hari esker. Hain zuzen, ibilbideko bigarren film luzea du Ramón y Ramón. COVID-19aren pandemiaren garaian bi gizonek Perun izandako topaketa bat da filmaren ardatza.

Mariana Rondon zuzendari eta gidoigile venezuelarrak ere Zinemaldian aurkeztuko du bere azken lana, aurrenekoz: Zafari. Hain zuzen ere, Zinemaldiko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan parte hartu zuen ideia horrekin 2019an. Filmak mundu distopiko bat du agertoki, eta zoologiko batera hipopotamo bat azaldutakoan sorturiko gatazkek ardaztuko dute istorioa. Bestalde, nabarmentzekoa da Rondonek aurrez ere erdietsia duela aitortza Donostiako Zinemaldian. Urrezko Maskorra irabazi zuen 2013an, Pelo Malo filmagatik —zuzendariaren hirugarren filma da hori—. 

Aipatuez gainera, beste film hauek aukeratu dituzte Horizontes Latinos sailean aritzeko: Ana Endararen Querido Trópico, Federico Luisen Simón de la montaña, Luis Ortegaren El jockey, Juliana Rojasen Cidade; Campo, eta Astrid Rondero eta Fernanda Valadezen Sujo. 

Sailean parte hartzeko aukeratutako hamalau filmak dira Horizontes saria irabazteko lehian. Sari hori 35.000 eurokoa da zehazki, eta propio sail horretaz arduratzen den epaimahaiak du nori eman erabakitzeko ahalmena. Gainera, Zinemaldiak oroitarazi duenez, Horizontes Latinos sailean dauden eta filmok zuzendarien lehenbiziko edo bigarren lanak diren kasuetan, aukera izanen dute Gazteriaren Dama saria jasotzeko ere. Aurten, film hauek betetzen dituzte irizpide horiek: Reas, Simón de la montaña, Ramón y Ramón, La piel en primavera, Dormir de olhos abertos eta Los domingos mueren más personas. 18 eta 25 urte arteko 150 ikaslez osatutako epaimahai batek erabakiko du garaikur hori nori eman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.