Barkatu, barkatu, liatu naiz. Sevillako Cartujan gola sartu zuena Real Sociedadeko Ander Barrenetxea Muguruza aurrelaria izan zen. Eta ez Dublinen jaiotako Lee Cronin zinemagileak bizitzara (edo) ekarritako momia, bendaz bildua eta antzinako, oso antzinako sarkofago batean, odol eta arima egarriz dagoena.
Barka, barka, barka, baina Realak Kopa irabazi zuen gauean nik ikus-entzunezko esperimentutan jardun nuen. Alferrikako saio gozoetan. Badut lagun ero bat (ez badaude burutik jota, zertarako nahi adiskideak?). Behin zera kontatu zidan: ordenagailua pizten du eta pantaila bakar bat izan beharrean, hiru jartzen ditu martxan. Arreta osoz, mimo handiz programatzen ditu bakoitzaren edukiak. Hori egin eta gero, saltoka ibiltzen da monitore batetik bestera. Eskarmentu handikoa denez kontu honetan, ez ditu ez istorioak ez irudiak nahasten. Eta nahasiz gero, bost. Azken finean, beti dugu denok burmuina auskalo zertaz gainezka eta borborka.
Gustatu zitzaidan multipantailen desafioa. Erabaki gogorra hartu nuen. Gipuzkoa osoa Sevillara begira zegoen larunbat hartan joango nintzen ni zinemara. Areto periferiko batera. Banekien inor ez zela izango bertan. Beraz, nire esperimentuak ez luke arimadun bat ere molestatuko. Gainera, futbol final batean denok partekatzen ditugu, gustuz, elkarri eraginiko molestiak. Horretaz gain, bastante ondo antolatu nuen dena: ez nuen, jakina asko, Sorrentinoren La Grazia film dentso, filosofiko, serio hausnartzeko modukorik hautatu, fotogrametako mirari horren aurrean, ditugun bost, sei, zazpi zentzumenak tente, erne, topera izan behar ditugulako.
Zerbait azalekoagoa (bere mendeetako sakontasuna ez dut, ordea, inoiz ukatuko…) aukeratu nuen, beldurzaleok aspaldi zaharretik lagun eta konplize ditugun Atomic Monster eta Blumhouse ekoiztetxeek aurrera ateratako Momiaren mila eta batgarren bertsioa, alegia; azkena izango ez dena, bere estreinako Ghost Train laburrarekin fantasiazko zeluloide ona aitortzen duen Zilarrezko Melies saria lortu zuen Lee Croninek egina. Dastatzeko erraza. Azken finean, iluntasunaren seme-alabok munstro guztiak ondo baino hobeto ezagutzen ditugu, euren truko, tranpa, segada eta engainuetan baikaude ziento bat aldiz eroriak.
Lee Croninen Lee Cronin's The Mummy hasi zenean 69 minutu falta ziren partidurako, baina nik mugikorra nuen, jada, piztua, eta Sevillan ziren lagunek zein algoritmoek (adiskide ditut horiek ere, ez pentsa) bidalitako mezuak, irudiak, reels-ak, story-ak hamaika eta bideoak hasi nintzen jasotzen.
Nire poltsikokoaren pantailara begiratzeari utzi nion tarte batez, hori bai, pelikulak abiapuntu markaz kanpokoa duelako. Neurrigabekerietan sartuko da gero (noraezeko nituen nik neurrigabekeria horiek, bestela, nola jarraitu partida????) baina hasierako minutu luzeetan kristorena da autore irlandarrak elezaharrari ematen dion buelta.
Bi pantailetara begira nengoela iritsi zen Koparen hasiera. Konektatu nintzen munduko kirol egunkari guztiekin eta derrepentean pantaila handian Momiaren adoratzaileak zeremonia zikinetan zebiltzala, Ander Barrenetxea Muguruza aurrelari donostiarrak gola sartu zuen, partida hasi eta hamalau segundora!!! Ulergarri izango zaizue nik bi sentsazio, zirrara, hunkidura horiek nahasi izana. Kasik ez nuen garaipenerako abian jarri gintuen gola ikusi, Lee Cronin's The Mummy-k ere zer pentsatua, zer begiratua, zer gozatua ematen baitu.
Polita izan zen multipantailen esperimentua. Egia, lerroburuak adierazten duen legez, pixka bat aldrebestuak geratu zaizkit neuronak.
Ez dit axola. Onera etorriko dira. Ala ez. Seguru Nafarroako Ikuspuntu zine jaialdian sendatuko naizela. Ala ez. Bihar etorriko da bere amaierara.
Ezin galduzko proposamen batez etorri ere. A Story for the Modlins, O Futebol eta beste dokumental primerakoak, zeinetan memoriaren zepoekin egiten den jolas maltzurra, erregalatu dizkigun Sergio Oksmanen Una película de miedo-k jarriko dio amaia festibalari. Ez, ez da izuzkoa. Bai, Lisboako hotel abandonatu batean gertatzen da. Bai, bertako Akueduktutik behera 100 lagun bota (omen, bide, ei) zituen Diogo Alvesen berri ematen da filmean. Baina ez da izuzkoa. Ala bai, Gola!!! (Barka nire neuronak…).
