Hamar klasiko proiektatuko dituzte, bihar hasita, Lumiere emanaldietan

Donostian, Bilbon, Iruñean, Gasteizen eta Donibane Lohizunen izango dira saioak, ekainera bitarte

Charles Vanel zinemagilearen Dans la nuit filma. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Miren Mujika Telleria.
2023ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Euskadiko Filmategiak, Lyongo Lumiere institutuarekin eta Donostiako Zinemaldiarekin lankidetzan, hamar film eskainiko ditu bihartik ekainera bitarte. Antolatzaileek azaldu dutenez, zinemaren historian garrantzitsuak izan diren zenbait zuzendariren lanak izango dira ikusgai; besteak beste, C.T. Dreyer, Francis Ford Coppola, Martin Scorsese, Wim Wenders eta Buster Keaton. Hain ezagunak ez diren beste zuzendari batzuen obrak ezagutzeko aukera ere emango du programak; Kinuyo Tanaka, Gilles Grangier eta Andre Cayatte, adibidez. Film klasikoak eta bertsio berrituak proiektatuko dituzte.

Euskal Herriko hainbat aretotan egongo dira ikusgai filmok: Donostiako Tabakaleran, Gasteizko Artium museoan, EHUren Bilboko Bizkaia aretoan eta Iruñeko Golem zinema aretoan. Gainera, Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Le Select salan zikloaren lau proiekzio eskainiko dituzte. 19:00etan izango dira denak.

Dans la nuit (Charles Vanel, 1929) izango da proiektatuko duten lehen filma; bihar, Donostian. Joserra Senperena musikariaren piano doinuak adituko dira zuzenean bertan, eta baita Bilboko emanaldian ere.

Tabakaleran eskainiko denThree Ages (Buster Keaton, Eddie Cline, 1924) filmaren emanaldian ere Senperenak joko du pianoa, eta Josetxo Fernandez de Ortegak, berriz, Gasteizen, Bilbon eta Iruñean.

1950eko hamarkadako bi lan izango dira, halaber, programan. Batetik, Carl Theodor Dreyer zinemagilearen Ordet; eta, bestetik, Gilles Grangierrren Gas-oil.

Antolatzaileek zehaztu dute zinemagintza garaikideko hiru egilek zuzendutako filmek itxiko dutela egitaraua: Francis Forden Apocalypse Now. Final Cut (1979), Martin Scorseseren Raging Bull (1980), eta Wim Wendersen Im Lauf der Zeit (1975).

Internet bidez eta proiekzio guneetan eskuratu ahalko dira sarrerak, Bizkaia aretoan salbu. Bilbon egingo diren emanaldietarako sarrerak Arte Ederren Museoan egongo dira salgai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.