BAM Bergara Antzerki Musikala elkarteak 30 urte daramatza martxan, denak izen beraren pean eta konfigurazio berarekin egin ez dituen arren. Berezitasun bat eta bera gorde dute halere: formatu handiko antzerki musikalak ontzen dituzte, Bergarako (Gipuzkoa) musika eskolan parte hartzen duten musikari, irakasle eta ikasleen eskutik. Antzerki musikal horietarik batzuk ipuinen edo bestelako gidoien euskarazko egokitzapenak dira, baina badituzte haiek propio sortutakoak ere, besteak beste, Olentzero & Company edota Bretxa. Iñigo Casali konpositoreak eta Iñaki Elizaldek gaztelaniaz ondutako opereta bat du jatorrian BAMen Hamelingo txirularia antzezlan musikatuak. Grimm anaien ipuina narratzen, 30 abeslari, hamar musikariz osaturiko orkestra eta berrogei haur arituko dira. Abenduaren 23an oholtzaratuko dute, Donostiako Antzoki Zaharrean. Valen Moñux zuzendari eszenikoak, Oihan Vega euskarazko bertsioaren apailatzaileak eta Marije Ugalde abesbatza zuzendariak eman dituzte azalpenak.
1908an, familia osoari zuzendutako antzerki musikal gisa plazaratu zen Casaliren eta Elizalderen lana, Iruñeko Gaiarre antzokian. Vegak azaldu duenez, BAMek ere familia osoa baina bereziki «etxeko txikienak» izan ditu gogoan hura «Bergaratartzerakoan». Antzezlanaren atzean dagoen oinarrizko ideiaren berri ere eman du Vegak: «Gainontzeko antzerki musikaletan bezala, euskarazko ikuskizun herritar eta parte hartzaile bat egitea». Ideia horren haritik, Moñuxek harago jo du: «Oraingo honetan ere, haurrei, gazteei eta amateurrak diren aktore eta abeslariei oholtzan formatu profesionalaren neurriko proiektu batean parte hartzeko aukera emango zaie».
Zuzendari eszenikoaren arabera, taularatze errealista bat planteatu dute: «Ikus-entzuleek ipuin baten barruan daudela sentituko dute. Horretarako, Hamelingo etxeak paratuko ditugu dekoratuan, baina ipuin batean marraztuta baleude bezala». Horren lagungarri, Erdi Arokoen estiloko jantziak eramango dituzte soinean, betiere ipuinean hartuko luketen tonalitatea zainduz.
«Umeak agertzeko moduko musikalak aukeratzen ditugu. Oraingoan arratoiak dira. Disfrutatu dute prestatzen, eta konturatu dira oso polita dela oholtzan egotea eta harrera ona izatea»
MARIJE UGALDEAbesbatza zuzendaria
Ugaldek halako antzezlan musikatuen garrantzia azpimarratu du: «1994an egin genuen lehen musikala: Victor Hugoren Miserableak. Ikasleei erakutsi nahi genien egin dezaketela musika zoragarria jendearen aurrean, haien musika ikasketak oraindik oinarrizkoak izan arren». Geroztik, hamalau musikal ondu dituzte, tartean dramatikoak. Baina generoa edozein dela ere, protagonistak eskolako ikasleak izan dira. Baita haurrak ere. Ugalde: «Umeak agertzeko moduko musikalak aukeratzen ditugu. Oraingoan arratoiak dira. Disfrutatu dute prestatzen, eta konturatu dira oso polita dela oholtzan egotea eta harrera ona izatea». Horren adibide, Leioan (Bizkaia) Musikebarri jaialdian egindako saioa aipatu du: «Umeek autografoak sinatu eta guzti egin zuten».
Musikari lanetan eskolako irakasleak aritzen dira, eta musika tresna guztiak osatzeko lain izaten dute beti. Fagota izan ezik, gainontzeko guztiak Bergarako eskolako kideak dira, eta berdin oholtzara igoko diren aktoreak ere. Lan prozedura jakin bati jarraitzen diotela ere gehitu du Ugaldek: «Aste barruan abesbatzan-eta landu, eta igandean entseatu egiten dugu».
Bestalde, atrezzoa eta talde teknikoa goraipatu ditu irakasleak: «1994an Miserableak oholtzaratu genuenerako bagenuen talde tekniko aparta, eta hori gazteekin handitzen joan da: umetan musikaletan parte hartutako batzuk talde teknikoan daude orain, eta hori oso pozgarria da». Are, zuzendari lanetara iritsi denik ere bada, esate baterako, Ander Arruti; Hamelingo txistulariak operetaren zuzendari eszenikoa da, Moñuxekin batera.
Altxortzat daukaten belaunaldien arteko elkarlan hori tradizio bilakatu dela esan du Vegak. «Musika eskolan sartzen diren haurrek zein irakasle profesionalek, denek dakite musika eskolan sartuta antzoki profesionaletan ibiliko direla bueltaka, lan batekin ez bada, beste batekin». Elkartearen profesionaltasunaz ere mintzatu da: «Amateurrak gara, ez dugu kobratzen, baina gure lan egiteko modua eta produkzioa profesionalak dira guztiz. Eta musika eskolarik gabe ez da BAM ulertzen».
Hamelingo txirularia 2024an estreinatu zen Bergarako seminarioan, eta 2026ko urtarrilean euskaraz itzuliko da gaztelaniaz estreinatu zen tokira, Gaiarre antzokira.