Literatura

Hanif Kureishiren eskuak

Istripu baten ondotik, Hanif Kureishi idazleak ospitaleko ohetik idazten segitzen du, ingurukoei testuak diktatuz. Bizi duen egoerak ez dio begirada aldatu 'Intimitatea' nobelaren egileari.

HANIF KUREISHI
Hanif Kureishi idazlea. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
2023ko abenduaren 03a
05:10
Entzun

Erroman zela, 2022ko abenduaren 26an, konortea galdu, modu traketsean erori, eta hilzorian egon zen Hanif Kureishi idazle britaniarra (Bromley, Erresuma Batua, 1954). Ospitalean esnatu zenean, ezin zuen gorputza mugitu; hitz egiteko gai bazen ere, lepotik behera ez zen mugitzeko gai. Ordura arte eskuz idazten zuen, baina eskuak erabili ezinik geratu zen orduan. Osatzen hasi zenean, ospitaleko ohetik gertukoei testuak diktatzen zizkien, eta blog berri bati sortu zuen hala: Kureishiren kronikak (Ospitaleko nire ohetik bidalitako kronikak. Idazteari buruzko idazketa; sexua eta drogak eta musika, miresten ditudan telebista saioak eta idazleak, nire memoriak, besteak beste). 2023. urte hasieratik Substack aplikazioan argitaratzen ditu, diru truke; semeek edota bikotekideak jasotzen dituzte haren hitzak. Datorren urtean, Hamish Hamilton argitaletxeak liburu gisa argitaratuko ditu blogeko argitalpenak.

Kureshiren ahots narratiborik gabe ezingo genuke ulertu Londresko subjektu arrazializatu berria: bigarren belaunaldiko kimuak metropolian, gurasoen herrialdeekin harreman handirik gabekoak, baina egunerokoan arrazakeria pairatzen duten gazteak; hots, atzerritar izan gabe bertakoa izateko eragozpen erraldoiak dituen belaunaldia berria. My Beautiful Laundrette filmerako gidoia (1985) eta The Buddha of Suburbia nobela (1990) idatzi zituenean, errepresentazio artistikorik ez zuen belaunaldia irudikatu zuen Kureishik. Abilezia aparta du gizartea islatzen; horren adibide da, esaterako, The Black Album nobela (1995). Fundamentalismoari buruz diharduen eleberri horrek aldez aurretik dakusa dorre bikien ondorengoa. Idazle bikaina izan behar da orainean etorkizunaren erroak irudikatzeko.

Gorputzak baldintzatutako moduak

Gaixotasun larria sufritu duten artistek betidanik egokitu dute euren burua. Zerrenda luzea da. Esate baterako, Frida Kahlok Etxe Urdinean bertan pintatzeko egokitu zuen bere ohea. Derek Jarman zinemagileak ikusmena galtzen hasi zenean egin zuen, 1993an, Blue filma monokromatikoa —irudi bakarra Klein artistaren urdina da—; hiesak lau hilabetera eraman zuen. Gaitzak eraginiko film aparta da, non, izenburuak dioen moduan, kolorea eta tristezia bateratzen diren.

Prozesu genetiko luze baten ondorioz, Jorge Luis Borgesek 1955ean galdu zuen ikusmena. 1977an itsu izateari buruzko hitzaldi bat eman zuen. Homero handiak bezala, Borgesek testuak diktatu egiten zituen, eta, batzuetan, lau eskutara sortu; esate baterako, 1984ko Atlas bidaia liburua, Maria Kodamarekin.

Azken adibide gisa, Juan Carlos Onettik hamalau urte eman zituen ohean, eta dena egiten zuen han: idatzi, lo, larrua jo, jan, baita festak ere bisitan joaten zitzaizkion adiskideekin. Onettiren egiteko moduak du Kureishirekin afinitaterik handiena: biek lagun giroa sustatu dute ohearen bueltan. Kuresihik dio istripua izan zuenetik ezin duela bakarrik egon, bakardadeari izua diola. Hortxe, preseski, eskuen erabileraz gain idazlearen ogibidearekin zerikusia duen bigarren galera handia, idazle izateko ezinbestezkoa baita bakardade hautatua.

Internetek eraldatutako ereduak

Egungo gazteek asko irakurtzen dute ordenagailuan, tabletan edota mugikorrean. Askotan, mugimenduan, eta, maiz, tartean atsedenaldiak hartuz aritzen dira. Irakasleek badakite estilo eta arreta berri batekin irakurtzen dutela, inoiz ez paperean, inoiz ez jarraian. Han-hemenka testu laburrak irakurtzearen poderioz, idazteko eredu berriak eraikitzen ari dira.

Kureishiren kronikek idazteko eredu hori islatzen dute; testu laburrak dira, fragmentarioak. Ohean idatzi dituen kronikek hic et nunc —hemen eta orain— logika digitalari egiten diote men. Komunikazioa zuzena eta hurbilekoa da; badirudi idazleak, xurxulatuz, dioskula: «Irakurle maitea, hemen nago, oraindik bizirik, eta zurekin hitz egin nahi dut». Ez da nobelaren garaia, Internetena baizik. Bloga ez da ars moriendi bat, ars vivendi bat baizik.

Begirada bera

Kureishiren lan bakarra dago euskaraz, Intimitatea (Txalaparta, 2008, Harkaitz Canoren itzulpenean). Desiraren eta maitasunaren arteko asimetria disekzionatzen duen nobela eskandalagarria izan zen bere garaian. Emaztea maitaleagatik abandonatzean, Kureishiri leporatu zitzaion bere bizitzan gertatu berri zena fikzioan, ia mozorrorik gabe erabiltzea. Familiarekin ere izan ditu antzeko iskanbilak; arrebak betidanik esan du familiari intimitatea lapurtu diola.

Kontua ez da hain zuri-beltza. Intimitatea nobelan bere maskulinitatearen alderdirik toxikoena oso modu gordinean azaltzen du, bere burua inolaz ere zuritu gabe. Eta Kureishi familiari dagokionez, My Ear at His Heart liburua (2005) idazle izan nahi zuen aitari eginiko omenaldi zoragarria da, askoren ustez idatzi duen libururik ederrenetarikoa.

Kureishiren begirada izan daiteke bai hotza eta gogorra, bai beroa eta xamurra. Eta azpimarratu beharra dago gaitzak ez duela idazlearen begirada aldatu. Blogerako Amsterdamen izandako orgia bati buruzkoa bikotekideari diktatzen ari zaionean, lerro artean ohartzen da irakurlea ordurako bikotekide zirela. Seme gazteenarekin bukatzen du sarrera, eta aldaketa (eta elipsi) horretan antzematen da bikotekidearen erreakzioa. Intimitatea idatzi zuen idazlea dago elbarri ohean, eta gizonezko begirada gupidagabe horrek bere baitan segitzen du. Lara Feigel idazleak esan du nahiko lukeela Isabella D'Amicok, Kureishiren bikotekideak, bere egunerokoa argitaratzea, zaintzailearen garrantzia azpimarratzeko.

Ospitaleko kronikak idatzi baino lehen, Kureishi, idazle gisa, txit aburgesatua zegoen; haren kasuan, ezin gaizki idatzi, baina haren azken nobelek ez zuten aurrekoen garrantzia izan. Blogean dio¡ eskuz ez bada ezin diela pertsonaiei eta istorio luzeei jarraipenik eman. Kureishiren irakurleek badakite, zaurgarritasun berri horrekin eta osasun publikoak eman dion inguru oparoarekin, nobela garaikide bikaina idatziko lukeela. Ibon Aranberriren izenburu eder bat, Makina eskua da oroituz, ea makina berria topatzen duen Kureishik. Zain gaude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.