Haragiaren aldaera ugarietan

Karmele Mitxelenaren eta Iñaki Ciden lanak argitaratu dituzte, Donostia Hiriko Kutxa saridunak

Karmele Mitxelena eta Iñaki Cid Larrea, beren lan argitaratu berriak eskuetan, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2022ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Ukigarria, baina lanbrotsua. Organikoa, baina ia kezkoa. Giro hori aurreratzen du izenburutik bertatik Karmele Mitxelenaren lehen narrazio liburuak: Haragizko mamuak. «Lehen hitzak errealitatea ekartzen du, gorputza; eta bigarrenak, berriz, izaera galdu duena, edo zintzilik dagoena, formarik gabea». Kontraste hori irakur daiteke azalera eraman duten irudian ere —Irune Izquierdok sinatu du—, agerikoa baita norbait egon delako arrastoa, tantak eta lurruna dutxako manparan, baina giza figurarik batere erakutsi gabe. Itsasgarri bat ere badarama irudiak gainean orain: liburuak Donostia Hiriko Kutxa Literatura saria irabazi duelako jakinarazpena. Aritz Gorrotxategik, Itxaro Bordak eta Jon Kortazarrek osatutako epaimahaiak erabaki du hala, eta Elkarrek eman du orain lana argitara. Harekin batera aurkeztu dute, halaber, sariketa berak antzerkiaren adarrean utzi duen liburua: Iñaki Cid Larrearen Behin batean Loiolan.

Mitxelenak hamar kontakizunekin osatu du bilduma, eta haragizko mamuen kontzeptua baliatu du guztiak harilkatzeko. Era askotan agertuko dira mamuak, egilearen hitzetan; izan iraganeko oroitzapen modura, izan izaera galdu duen gorputz bat, izan pentsamendu modura, edo izan bestela. Behin baino gehiagotan agertuko da etxe buelta kontakizunen agertoki moduan, baina, horiek esanda, ipuinek bestela «ez dute zerikusirik» batak bestearekin, Mitxelenaren esanetan.

Adineko gurasoekin tirabiran ari den gizonezkoa, bikotekide bila zita batera joko duen gaztea, lan egiten duen etxeko jabeen gustuetara egokitu beharko duen emakumea, ama izateko borrokan ari den andre heldua... Askotariko egoerak eta soslaiak eraiki ditu idazleak ipuinetan, baina zehaztu du «emozioei pisu handia» eman diela guztietan. «Saiatu naiz irakurlea giro horietara ahal beste hurbiltzen».

Aurrez, Erakusleihoan album ilustratua —Irrimarra ilustratzaile bikotearekin batera— eta Marrubizko uda (Mikel Zarate haur literaturako saria) kontakizuna kaleratuak ditu Mitxelenak, eta hainbat bertsopaper ere osatutakoa da. «Prozesu eta behar oso ezberdinak dira niretzat», bereizi ditu bi jardunak. «Bertso idatzian errimatu egin behar duzu, neurri jakinei jarraitu. Literatura idaztean, aldiz, guztiz aske sentitzen naiz».

Bildumako azken ipuina dena idatzi zuenean agertu zitzaion, hain justu, narrazio bilduma nondik eraiki pentsatzeko gakoa idazleari; hortik abiatuta, idatzita zeuzkan beste zenbait testu berrikusi, lehiaketara bidaltzeko beste bizpahiru idatzi, eta halaxe osatu zuen azkenean hamar narrazio biltzen dituen liburua.

Aurrekoen arrastoak

Cid, berriz, etxean entzundako istorio bati tira eginez heldu da Behin batean Loiolan ontzera, eta haragiaren beste aldaera bat jarri du ardatzean: sexualitatea. Edo, zehatzago esanda, «sexu heziketaren falta». 36ko gerraurrean senide bati gertatutako pasadizo «dramatiko baten» berri emana zion amak idazle eta aktoreari, eta bazekien istorio indartsu baterako materiala zuela hor. «Ez nahikoa antzezlan oso baterako, ordea». Antzerki beka bat irabazi zuenean, hortik tiraka hasi zen, baina, aski ez zuela ohartzean, erabaki zuen egile moduan bizitzen ari zena istorioaren parte bihurtzea. Hala, hasierako Candido eta Engraxi protagonistei Iñigo izeneko protagonista gazte, antzerkigile eta homosexuala ere batu zaie kontakizunean. Besteak beste, amak, zeinak 65 urte baititu, kontatuko dio 15 urte zituenean «erromantze bat» izan zuela neska batekin, eta, hala, bateko eta besteko, hiru sasoi harilkatu ditu obran Cidek: 1936 ingurua, 1960ko hamarkada eta egungoa. Gustura mintzatu da horri esker kontakizunak irabazi duen «bizitasunagatik». Izatez, Donostiako Loiola auzoan girotua dago obra, baina garrantzia kendu dio: «Nik denbora guztian oholtza ikusten dut, ez Donostia, ez Loiola: oholtza».

Sexu joera ez normatiboei buruzko errezeloak, iraganeko gertakizunek ondorengoengan uzten duten arrastoa, ama-semeen harremana, metantzerkia... askotariko ertzak elkartu ditu Cidek testuan, eta komediaz jantzi du abiapuntu dramatikoa. «Niretzat, familian gertatu zena sexu heziketaren falta handiagatik izan zen, baina, nahiz eta urteak pasatu, kontatu nahi nuen gure aurrekoek egindakoek gugan ere nola eragiten duten». Libre, «hesirik gabe» idatzi duela ere aipatu du, eta «laugarren horma» etengabe puskatuz.

Eneko Olasagastik, Mireia Gabilondok eta Dorleta Urretabizkaiak osatutako epaimahaiak hartu du Ciden lanaren aldeko erabakia, eta aurkeztutako beste obra guztien mailarekin «diferentzia handia» sumatu zutela aipatu du Olasagastik, aurkezpenean erakutsitako bideoan. «Oso ondo idatzitako testu bat da, eszenarako pentsatua, anakronismoekin jokatzen duena».

15.000 euro ere irabazi ditu egile bakoitzak, eta, horri esker, besteak beste, proiektu berriei heldu ahal izateko «denbora» irabazi izana ontzat jo du Mitxelenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.