Astebete daramat Australiara joandako nomada digitalak alokatu didan duplexean. Ez ditut maletak desegin. Lehen egunean erositako gaztainei harrak atera zaizkie. Doris Reyes prostitutaren erailketa idatzi beharrean hitzok idazten nabil. XXL tamainako bi maletak, pistatxo kolorekoa bata eta beltza bestea, lurrean zabalduta. Azken bi urteetan biluztasuna estali didaten puskak, larruazal-geruzak, hor daude denak.
Zazpi egunotan soilik kuleroak aldatu ditut, eta ez egunero. Erabakia da, eta ez utzikeria: neure zukuen, fisiko zein irudimenezkoen beldur ez izateko erabakia hartuta nago.
Giltzak eta ordenagailua besterik ez ekartzekotan egon nintzen, polipropilenozko bi hilkutxa gurpildun diruditenak han uztekotan. Baina larruazalak higatutako zuntzak oparitu eta han abandonatzea zatekeen.
Han: nor bere espazioan. Atmosfera ikusezina eta usaingabea; askotan zaporegabea. Astronautentzako aproposa, seguru asko. «Espazio» hitza gailentzen zitzaigun Andoitz eta bioi eztabaidetan, zerbait birtuala, kasik metafisikoa, «etxe» hitza inkontzienteki baztertuta. Andoitzenean ginen, ordea, haren gurasoen etxebizitza izandakoan.
Bakeroak eta mahuka luzeko kamiseta zuriaren gainetik artilezko jertsea aldatu gabe nabil eta halaxe jarraitzeko asmoa dut, orain arteko nire ohitura ekonomiko, sozial eta profesionalen kontra.
Maletei bultzaka sartu nintzen egunean, pisu argitsua gaztaina erreen lurrinaz girotzeko asmoa nuen. Beharbada, baserri giroaz inauguratzea zen nire desio ezkutua, Saroia zaharberritzen bukatu arte hemen biziko bainaiz. Gaztainek erre berritan duten testura eta zaporea dastatu aspaldiko partez, haien usainaz behin-behineko bizilekua mustu. Bizilekua: utikan «espazio» hitza!
Lehen egun hartan, larunbata zen arren, Ekoizek deitu zidan, eta erantzun egin nion, larunbata zen arren. Uzkur, halere:
–Mudantza bukatu ahala hasiko naiz Doris Reyesen hilketa idazten.
Koldarra ni, prostituta ezezagunaren heriotzan oinarritutako telesaila proposatzeko hots egin zidanean bezala. Ekoizen menpe egotea zer den. Haren benetako izena alboratu eta Ekoiz deitzen diogu Jarek eta biok Donostiako Zinemaldiko festa batean ezagutu genuenetik. Zehatz-mehatz, festa ofizialaren «ondorengo» batean. After hartan, 60ko hamarkadako plastikozko sofa vintageak zeuden biribilean jarrita, eta, erdian, jendea dantzan. Ekoiz, berriz, ur botila eskuan, barraren kontra, asperdura aurpegiarekin.
Goizean egonak ginen Ekoizekin lehen aldiz, filmen finantzazioa lortzeko antolatzen diren pitching bilera horietako batean. Gure lehenengo ikus-entzunezko proiektua, nolabait esateko «profesionala», aurkeztu genuen. Entzun gintuzten hiru ekoizleek ez zuten interesik adierazi, kontrakorik ere ez ordea. Ekoizen iruzkina:
–Kattalin Agirre inork ez du ezagutzen. Hasteko, izenburua aldatu beharko zenukete.
–Hain justu horrexegatik egin nahi dugu, nor zen ezagutarazteko. Titulua, ezinbestekoa –erantzun zion Jarek hasiberrien ausardiarekin.
Barra librean bi ron txupito edan ondoren gerturatu gintzaizkion afterrean, «izenburua aldatzeko prest gaude zuk ekoizten baduzu» edo antzeko zerbait ahoskatu zuen Jarek berak, buruarekin berretsi nik. Hortik aurrera, ekoizle izatetik gure Ekoiz izatera igaro zen, eta lan ibilbide luzea egin dugu elkarrekin. Kattalin Agirreren bizitzan oinarritutako film proiektua telesail bilakatu zen. Ez genituen soilik haren bizipenak kontatu, eta Borderland izenburua jarri genion. Nazioartean saltzea lortu zuen Ekoizek.
Holaxe nauka orain, atrebitu ezinda. Nire hutsa, ezetz ez esan izana. Terraza honetatik ikusten dudan itsasgora eta hutsaren zama antzekoak dira: harrapatzen duen guztia blaitu ondoren erretiratu eta atzera dator tai gabe. Jada ezin dut neure burua zuritu: ezetzik ez nion esan diruaren txin-txinean pentsatu nuelako eta ez eraildako Doris Reyes gajoagan. Saroia zaharberritzen bukatzeko beharko nuen dirua gogoan, ororen gainetik. Nahiz eta, bene-benetan, telesail berria idazten irabaziko dudan diru sarrerarik gabe ere Saroian bizitzeko moduan egongo nintzen, are zaharberritze lanak ordaintzeko moduan, zerbaitetarako baititut gurasoen adosatuaren salmentaren etekinak eta azken urteetako lanaren irabaziak. Ez dut nire menpeko ondorengorik. Azak ontzeko, azken beroaldiek edo larrialdi klimatikoak kezkatuta, Jonek iritziz aldatu eta Saroiaren bere zatia erreklamatu du, zaharberritzeagatik dagokiona ordainduta. Beraz, asumitu behar dut uneotan inolako aitzakia ekonomikorik ez daukadala lan horri baiezkoa ema- ten jarraitzeko. Horrekin batera, beste zera hauek onartu nahian nabil: nire pixa tanta ihartuen kiratsa, baginako fluxu itsatsia, kotoi zikinezko tira ipurtzuloan. Alegia, tanga brasildarra ez aldatzearen albo kalteak. Egunero ez dutxatzea egunero izerditzen ez naizelako: horixe ere ontzat hartu. Eta Lihn Min Nailsera ez joateko erabakia, hango azetonaren usaina faltan bota arren. Eta ilea moztekotan nik neuk moztea. Itxuran ere antzeman behar zait: berraldatzen nabil. Et, et, et: halakorik baldin badago, derrigor antzemango zait itxuran, lasai.
'HARAKINEN ALABA'