Hari mutur bat Ilunberaino

Hilaren 20an hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, Aitor Sarriegi txapelduna gabe

Txapelketan ariko diren bertsolari, gai-jartzaile eta epaileak, atzo, Beasaingo Igartza jauregian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Beasain
2015eko irailaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Udaberrian egin zuen lehen urratsa Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak. Maiatza-ekainean 74 bertsolari aritu ziren Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean, eta, 24 saio jokatu ostean, haietako 30ek lekua eskuratu zuten datorren igandean Beasainen hasiko den bigarren fasean parte hartzeko. 30 horiei 2011ko txapelketan finalaurrekoetara edota finalera iritsitako beste 13 bertsolari gehituko zaizkie orain, eta 43rekin abiatuko da txapelketako bigarren fasea. Guztira, sei final-zortziren, bost final-laurden eta hiru finalaurreko jokatuko dira, eta horietan erabakiko da zer zortzi bertsolari iritsiko diren azken saiora, finalera. Aurten, gainera, ez dute inor izango zain Donostiako Ilunben jokatuko den finalean, Aitor Sarriegi egungo txapeldunak ez baitu parte hartuko txapelketan.

Lehenengo saioa Beasaingo Usurbe antzokian jokatuko da, hilaren 20an (17:30), eta sei bertsolari lehiatuko dira han: Ane Labaka, Jon Maia, Haritz Mujika, Iñigo Mantzizidor Mantxi, Eli Pagola eta Beñat Iguaran. Aurkezle lanetan, berria, Itziar Etxezarreta ariko da.

Horiek eta beste asko eta asko elkartu ziren atzo Beasaingo Igartza jauregian txapelketa aurkezteko eginiko ekitaldian. Bertsolariak ez ezik, gai-jartzaileak eta epaileak ere han izan ziren, baita Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko ordezkariak ere. Elkarteko presidente Saroi Jauregik gogora ekarri zuen txapelketa herrialdean egiten diren bestelako egitasmoen osagarri dela: «Badakigu txapelketa gauza handi bat dela, baina bertsolaritzan badira egunero egiten diren gauza txiki asko». Hain zuzen, Gipuzkoa Bertsotan ere bertsolaritzaren inguruan sortzen diren egitasmoen artean dago, Jauregiren iritziz: «Mugimendu horren adibide guztiak bildu nahi ditugu: bertso eskolak, herrietan egiten diren saioak, gazte sariketak eta urte guztian bertsolaritzak erakusten dituen hamaika adierazpide. Azkenean, txapelketak lortzen du oihartzun handiena, baina ez dugu ahaztu behar horren inguruan gauza piloa egiten dela».

BERTSOLARIAK

43 bertsolarik parte hartuko dute txapelketan, horietatik 30 udaberriko lehen fasean sailkatutakoak. Haiei zuzenean sailkatutako sei bertsolari gehituta, honako hauek jokatuko dituzte final-zortzirenak: Ane Labaka, Jon Maia, Haritz Mujika, Iñigo Mantzizidor Mantxi, Eli Pagola, Beñat Iguaran, Unai Mendizabal, Amaia Iturriotz, Nerea Elustondo, Ander Lizarralde, Nahikari Gabilondo, Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Maider Arregi , Mikel Artola, Aitor Irastortza, Xabier Sukia, Beñat Lizaso, Gorka Azkarate, Manu Goiogana, Unai Muñoa, Oihana Iguaran, Iñigo Gorostarzu, Iban Urdangarin, Manex Mujika, Eneritz Artetxe, Haritz Casabal, Egoitz Eizagirre, Aratz Igartzabal, Iñaki Gurrutxaga, Felix Zubia, Ibai Esoain, Gemme Urteaga, Jokin Uranga, Antton Fernandez, Asier Azpiroz eta Unai Gaztelumendi.

Final-laurdenetan sartuko dira Agin Laburu, Jexux Mari Irazu, Beñat Gaztelumendi, Jon Martin, Alaia Martin, Iñaki Apalategi eta Unai Agirre.

IRUDIA ETA SINTONIA

Sailkapen faseak bere irudi propioa izan zuen, eta bigarren faseak ere berea izango du. Bata bestearen segida da, Jauregik azaldu zuenez: «Lehenengoa kaosarekin lotu nahi izan genuen, uste dugulako bertsolaritzak baduela zerbait kaotikotik. Mugimendu autonomo, dinamiko eta bizia dela uste dugu. Baina zientzialarien ustez, kaosaren barruan ere bada ordena bat, eta hori islatu nahi izan dugu irudiarekin». Txapelketaren irudiak badu hari mutur bat ere, «biak lotzen dituena».

Txapelketaren sintonia, berriz, Pello Ramirez kontrabaxu eta soinu jotzaile ordiziarrak osatu du.

SARRERAK

Sarrerak aurrez erosi ahal izango dira www.bertsosarrerak.eus webgunean, baina, horrez gain, saioen egun berean ere jarriko dira salgai, aretoan bertan. Bertsozale Elkarteko bazkideek eta 16 urtetik beherakoek prezio berezia izango dute sarreretan. Bestalde, bertsozaleek txapelketa osorako bonua erosteko aukera izango dute. Bonu horiekin, saio guztietara sartu ahal izango dira, finalera salbu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.