Bertsolaritza

Haritz Mujika eta Beñat Iguaran, final-laurdenetara

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako hurrengo bi saioak asteburuan izango dira, Ordizian eta Zumaian.

Beñat Iguaran bertsotan, Amasa-Villabonan. BERTSOZALE ELKARTEA
Erredakzioa
2019ko irailaren 16a
09:12
Entzun

Oñatiko Santa Ana antzokian jokatu zen, larunbatean, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen final-zortzirena, eta Haritz Mujikak irabazi zuen, 447 puntu eskuratuta. Horrenbestez, urriaren 20an Irunen jokatuko den final-laurdenetarako sailkatu da zuzenean. Kantukide izan zituen bost bertsolariak hurrenkera honetan geratu ziren: Maider Arregi (436), Felix Zubia (428,5), Amaia Iturriotz (416,5), Aratz Igartzabal (403) eta Andoni Mujika (380,5).

Atzo, berriz, Beñat Iguaranek lortu zuen hurrengo fasera pasatzeko txartela, Amasa-Villabonako saioa irabazita. 440,5 puntu lortu zituen, eta haren atzetik Iñigo Mantzizidor (433,5), Maialen Akizu (432,5), Iban Urdangarin (420,5), Oier Etxeberria (408,5) eta Odei Lopez (392,5) geratu ziren. Andoaingo final-laurdenean kantatuko du Iguaranek, urriaren 19an.

42 bertsolarik parte hartuko dute guztira final-zortzirenetan. Zazpi saio izango dira, eta irabazleak ez ezik, puntuaziorik altuena lortzen duten hamazazpiak sailkatuko dira final-laurdenetarako. Asteburu honetan izango dira hurrengo bi saioak. Larunbatean, Ordiziako Herri Antzokian, Ainhoa Agirreazaldegik, Aitor Urbietak, Ane Zuazubizkarrek, Asier Azpirozek, Beñat Lizasok eta Manex Mujikak kantatuko dute; igandean, berriz, Zumaiako Aita Mari zineman, Ander Lizarraldek, Beñat Jauregik, Gorka Maizek, Iñigo Gorostarzuk, Jokin Bergarak eta Unai Muñoak.

Aipatzekoa da jende ugari elkartu dela lehen bi saioetan. Sarrera guztiak amaitu egin ziren aurrez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.