Literatura

Harkaitz Canok «nobela tranpa bat» idatzi du: 'Silueta'

Berez existitzen ez den eleberri bati egindako 31 kritikak osatzen dute liburua, eta irakurleak iruzkin horien bidez jasoko du istorioa. Askotarikoak dira kritikariak, eta haiei egindako omenaldi gisa ere har liteke lana, idazlearen hitzetan.

Harkaitz Cano idazlea ispiluan, 'Silueta' bere nobela berria atzean duela, Donostian. JON URBE / FOKU
Harkaitz Cano idazlea ispiluan, 'Silueta' bere nobela berria atzean duela, Donostian. JON URBE / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2025eko azaroaren 28a
18:57
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi nobela batean, idatzitakoa eta idatzi gabea, liburu berean bildu ditu Harkaitz Canok. Silueta jarri dio izenburu bere seigarren eleberriari, eta beste eleberri bat ezkutatu du barruan. Irakurleak, baina, ez du istorioa zuzenean jasoko, hari egindako kritiken bidez baizik. Jolas literario hori proposatu dio idazleak irakurleari, eta Susarekin eman du argitara, Xabier Gantzarainek sortutako azalean bilduta.

«Esan dezakegu Silueta erdi ezkutuan izen bereko beste nobela bat gordetzen duen nobela bat dela», azaldu du Leire Lopez Susako editoreak. Hain zuzen, barruko nobela horri askotariko iruzkingileek egindako 31 kritikak osatzen dute liburua —«nobelak zeresana eman zuen seinale, euskal literaturan ez baitira ohikoak bost iruzkin baino gehiago dituzten liburuak»—. Kritikek xehatzen duten nobela hori, baina, berez ez da existitzen, ez bada Canoren buruan, editoreak ohartarazi duenez. «Hortaz, existitzen ez diren liburuen inguruan egindako literaturaren kidea da» idazlearen lan berria.

Ibarbia izeneko idazle batek idatzi du Silueta-ren barruko Silueta, eta bahiketa baten istorioa kontatzen du. Irakurleak, baina, kritika sorta horren bidez, «iruzkingileen ikuspegi subjektibotik» baino ez du jakingo zer gertatzen den Ibarbiaren nobelan. Lopezen hitzetan, «iruzkinez osatutako nobela bat egin du [Canok], eta, iruzkin horien bidez, beste nobela bat iradoki du. Nobela bat idatzi du, eta beste nobela baten aukera ere bai». Kritikak, halere, ez dira barruko nobelara iristeko bide bat soilik, editoreak gaineratu duenez, «liburu bati eta literaturari buruz pentsatzean har daitezkeen ikuspegi eta bideen bilduma bat» ere badira.

«Ez dauden, falta zaizkigun, idatzi ez ditugun, gai izan ez garen liburuen inguruan hitz egiteko aitzakia bat besterik ez da 'Silueta'»

HARKAITZ CANO Idazlea

Idazleak irakurleari hasiera-hasieratik jolas bat proposatzen diola nabarmendu du Lopezek. Eta jolas horri segida eman dio Canok berak liburuaren aurkezpenean, «32. kritika» irakurrita, atzetik 33.a, 34.a, 35.a... helduko direlakoan, eta liburuak hedatzen jarraituko duelakoan. «Liburuko kritikak ez daude sinatuta, inizialak bakarrik aipatzen dira, eta hau H.C. batek sinatu du; aurreratuko dut liburuaren aldekoa dela». Kritika horrek, bada, gogorarazten du idazleek maiz esan izan dutela «testuak trinkotu, laburtu eta soberakoak kendu» egiten dituztela, premiazkoa den hori uzteko. «Silueta-n muturreraino eraman da ariketa hau, halako moldez non irakurleari nobela osoa izan baitzaio ezkutatua». Irakurleak eraiki beharko du, beraz, existitzen ez den nobela hori, arrastoetatik eta oihartzunetatik, iruzkinetatik abiatuta. «Ez dauden, falta zaizkigun, idatzi ez ditugun, gai izan ez garen liburuen inguruan hitz egiteko aitzakia bat besterik ez da Silueta».

Kritikak eta kritikariak

Euskal literaturan hainbeste iruzkin izan dituzten liburuak urriak direla esanaz segitu du azalpena; Canoren arabera, azken urteotakoen artean, Danele Sarriugarteren Erraiak izan da aipatuenetako bat, hamabost kritika egin baitizkiote, eta dezente atzerago egin behar da beste aurrekari nabarmen bat topatzeko: Lauaxetaren Bide barrijak, 31 kritikarekin. «Ezin da kasualitatea izan». Garai hartako kritikak —gizonek eta gazteleraz idatzitakoak— luzeagoak ziren, eta beraz, espazio handiagoa zuten liburuen argi-itzalez mintzatzeko. «Gaur egun, ordea, kritikari batek apenas duen espaziorik ñabartzeko. Eta nobelari egindako edozein komentario ezkorrek, denik eta mendreena izanik ere, bonba atomiko baten pisua hartzen du».

Horrenbestez, balizko nobelako pertsonaiak baino, ez ote dira kritikariak Silueta-ren benetako pertsonaiak, idazleak adierazi duenez. Eta denetariko 31 ahots daudela gaineratu: «Laudorioetan urtzen dena, destroyerra, idatzi ahala iritzia aldatzen duen kritikari zalantzatia, bere aldartearen berri eman edo bizitza kontatzen dizuna, beste idazleen benetako aipuekin edo aipu apokrifo zein okerrekin mintzo dena, sumindua, liburua irakurri ez duela aitortzen dizuna, irakurri ez duena baina aitortzen ez duena, nobelagileari idatzi beharko lukeen nobela hura gaztigatzen diona, spoiler-ak irristatzen zaizkiona, eta beste hainbat. Liburua, nobela baino, irakurketa performatibo bat eskatzen duen artefaktua ote den dioen kritikaria ere ez da falta, eta agian hark du arrazoia azken buruan».

«Liburua, nobela baino, irakurketa performatibo bat eskatzen duen artefaktua ote den dioen kritikaria ere ez da falta, eta agian hark du arrazoia azken buruan»

HARKAITZ CANO Idazlea

Kritikariei egindako omenalditzat ere har liteke liburua —«esker txarreko lanik bada, kritikari izatea da hori»—. Baita silueta hitzari egindakoa ere. «Nobela tranpa hau, hala deituko nioke nik, silueta hitzaren aldarrikapena ere bada, hauxe baita silueta: euskarak munduari eman dion hitzik hedatuena eta ederrena». Idazleak zehaztu du beste hizkuntza askok jasotako hitza dela baina etimologiak ez duela zalantzarako tarterik uzten —liburuko kritiketako batek ere badakar azalpena—: Zulueta, Zilueta, Zilhoeta... deiturek salatzen dutenez, leizeak edo zuloak dituen lekua esan nahi du. «Zuloa bere baitan du, honenbestez, Silueta-k; silueta hitzak ere zuloa bere baitan du».

Idazleak kritika irakurtzen segitu du, eta hala, entzuleei jakinarazi die liburuaren egitura ez dela «lirudikeen bezain originala». Duela mende erdi Stanislaw Lem poloniarrak idatzitako Doskonała Próżnia liburua (1971, Hutsune perfektua) ekarri du gogora; hartan, hamasei kritika egin zizkien existitzen ez ziren beste hainbat liburu eta testu zientifikori. Eta bere azken liburuetan «Silueta nobelaren egilea, bere harridurarako, komedia suerte batera lerratzen ari ote den» ere galdetu du. «Baina ez gaitezen erratu, bere irriak eta txisteak gezien muturretan idazten ditu. Jakina, omenaldia dagoen lekuan parodia ere badago; maite duguna parodiatzen dugu».

Idazteko motorrak

«Liburu hau idazteko bi modu zeuden: modu sensatoa eta modu insensatoa. Eta nik insensatoa aukeratu nuen, jakina». Silueta idazteko barruko nobela aurrez idatzi ote zuen galdetuta, Canok erantzun du hori litzatekeela zentzuzkoena, folio eta erdian ipuin bat idatzi, nobela izango zena, eta gero hori erreferentziatzat hartuta kritikak idaztea. «Kontua da niri oso aspergarria iruditzen zitzaidala hori, eta askoz ere politagoa egiten zitzaidan kritikari bakoitzak kritikatu ahala nik neronek nobela zer zen jakitea apurka-apurka. Eta benetan, nire bidez, baina kritikariek idatzi dute balizko nobela idatzigabe hori». Azken kritika idatzi zuen arte ez zuen jakin nobela hori zer zen, azaldu duenez. «Kritikari bakoitzaren maniei esker, uste dut nobela aberatsagoa izan dela, kritikarien kritikek idatzi baitute nolabait nire buruan baitezpadako nobela hori. Ez dut egingo, baina orain gai izango nintzateke folio eta erdian idazteko balizko nobela horren argumentua; idazten hasi nintzenean ez».

«Askoz ere politagoa egiten zitzaidan kritikari bakoitzak kritikatu ahala nik neronek nobela zer zen jakitea apurka-apurka. Eta benetan, nire bidez, baina kritikariek idatzi dute balizko nobela idatzigabe hori»

HARKAITZ CANO Idazlea

Badira hamabost bat urtetik zuen idazleak buruan kritikaz osatutako liburu bat idaztea. Lemek hori egina zuela gogora ekarrita, beste motibazio bat behar zuela azaldu du. «Idazleak behar ditu motorrak bere alde karburatuko dutenak, eta motor bat askotan ez da aski; behar duzu motor formal bat, mamiari dagokiona...». Nobelaren barruko nobela zeri buruzko izango zen, horrek eman zion bigarren bultzada. «Hor topatu nuen bahiketaren gaia, aukera ematen zidana gure gertuko historiaz hitz egiteko. Baina jolas bat ere bada, ze liburuan benetan bahitua dagoena nobela da. Orduan, bat-batean, bahitutako nobela bati buruzko kritika sorta bat idaztea erakargarria egin zitzaidan». Eta hirugarren motorra, berriz, izenburua bera izan zen, «konturatzea silueta hitza euskaratik datorrela eta zuloa bere baitan duela».

Bere asmoa liburuaren proposamena zabalik uztea dela ere azaldu du idazleak. «Silueta-ri egingo zaion iruzkin bakoitza liburuaren hedapen bihurtuko da aurrerantzean, liburu hau infinitua baita. Denok gonbidatuta zaudete».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.