Irakurri serie honetako artikulu guztiak
Badago jende mota bat eskuekin eta aurpegiarekin dena adierazteko gai dena. Irribarre konplize bat. Mehatxuzko begirada bat. Keinu txiki bat eginda aski argi uzten dute zer helarazi nahi duten. Batzuek berezko gaitasuna dute, eta beste batzuk, berriz, trebatu egiten dira hori lortu arte. Badago besoak altxatu eta talde oso batengan eragina duenik ere. Abesbatza zuzendariak dira horiek, eta talde bateko kide guztiek harmonian abes dezaten lortzeko gaitasuna dute. Horietako bat da Katrin Iturralde Izuzkiza (Ordizia, Gipuzkoa, 1975).
Zuzendaritzara heldu aurretik, lehen pausoak abeslari gisa eman zituen Iturraldek. 8 urte besterik ez zituela eman zuen izena Ordiziako musika eskolan. Pianoko eskolak hartu eta musika hizkuntza ikasi zuen bertan, eta, gero, abesbatzan sartu zen. Musika eskolatik Donostiako kontserbatoriora egin zuen salto, eta gogoan du nolakoak ziren egun horiek: «Institutuan nengoen orduan, batxilergoan. Amak ogitartekoa ekartzen zidan, eta eguerdian, trena hartu, eta Donostiara joaten nintzen, kontserbatoriora». Bertan egin zituen ikasketa guztiak, eta horri esker lizentziaduna da hainbat arlotan: besteak beste, pianoan, zuzendaritzan, pedagogia musikalean eta konposizioan.Â
Iturraldek argi zuen hasiera-hasieratik musikagintzan egin nahi zuela bidea, baina prozesua ez zen erraza izan, karrera bat ikas zezan nahi baitzuten gurasoek. «Batxilergoa amaitu nuenean, selektibitatea egin behar nuen, eta zalantzan egon nintzen enpresa ikasketak egin edo musikagintzan murgildu», kontatu du. Aita musikaria zuen, eta aitortu du horrek eragina izan zuela erabakian: «Beldurra ematen zien nik musika ikasketak egiteak, baina azkenean horretara bultzatu ninduten».
1994. urtean zuzendu zuen lehen aldiz abesbatza bat: Ordiziako Oroith Txiki. Handik sei urtera hartu zuen bere gain Oroith abesbatzaren zuzendaritza, eta biak gidatzen igaro zituen zenbait urte. Baina lan eskerga zela eta, abesbatza txikia utzi zuen. Ordutik, Oroith zuzentzen dihardu. Aldi berean, irakasle da Andoaingo udal musika eskolan, eta bertako zenbait abesbatza zuzentzen ditu duela urte batzuetatik. Haurrak, gazteak eta helduak daude talde horietan.
Emozioek transmititu dezaketena
Kontserbatorioan zegoela jabetu zen zuzendaritzan murgildu nahi zuela, eta, bide horri jarraika, jada 32 urte bete dira abesbatzen ardura hartu zuenetik. Azaldu duenez, lanbideari esker pertsonekin lan egiten ikasi du, haiek baitira bere «instrumentua». Era berean, adierazi du horixe bera ere badela erronka nagusietako bat: «Sentitzen duzuna aurrean duzunari helarazi behar diozu, eta hortik atera behar da zuk entzun nahi duzuna. Hori ez da erraza izaten».Â
Jendearekin lan egitea «oso zaila» da, Iturralderen iritziz, eta gehitu du «mundu sakona» dagoela horren barrenean. «Pertsona batek hobeto edo okerrago abestu dezake egunaren arabera. Nekatuta edo triste bazaude, zure ahotsean islatuko da», azaldu du. Horrek, beraz, eragin zuzena du entseguetan, haren arabera: «Kanta alai bat lantzen ari garenean, esaterako, jendeari eskatzen diot alai kantatzeko, baina, agian, barrutik lur jota dago, eta ezin du alai kantatu. Zaila da egoera hori kudeatzea; izan ere, aurrean duzunak alai kantatzea lortu behar duzu».
«Sentitzen duzuna aurrean duzunari helarazi behar diozu, eta hortik atera behar da zuk entzun nahi duzuna. Hori ez da erraza izaten»
Are, zuzendariak berak ere bere emozioak ezkutatu behar izan ditu noizbait, azaldu duenez: «Pasa izan zait ni lehertuta egotea eta denen aurrean irribarretsu azaldu behar izatea. Ezin dut esan triste nagoela, edo ez nagoela ondo. Hori irentsi eta entseguari aurre egin behar diot; izan ere, denak niri begira daude, eta baliteke nik sentitzen dudana besteei transmititzea». Esan duenez, zuzendariak «dena» transmititzen du, eta, horregatik, «kontu handiz» ibili behar du, «talde osoari eragin baitiezaioke».
Baina horiek ez dira aurre egin beharreko erronka bakarrak; izan ere, Iturraldek gehitu du bakoitzaren izaerak ere eragina duela taldearen dinamikan. «Kontu handiz ibili behar duzu norbaiti zerbait esan behar diozunean, baliteke-eta batzuei asko eragitea esaten duzun zerbaitek. Txantxa moduan esaten baduzu zerbait, besteek ere hala hartuko dutelako ziurtasuna izan behar duzu». Horrek «berebiziko» garrantzia du zuzendariarentzat, komunikatzea funtsezkoa baita lortu nahi duena lortzeko. Beraz, gaizki-ulerturik sortu ez dadin, Iturralderentzat inportantea da abesbatzako kideek eta zuzendariak elkar ezagutzea.

Zuzendari izateaz gain, abeslari ere bada Vocalia Taldean. Bi aldeetan egoteak asko lagundu diola adierazi du; horregatik, iritzi dio «beharrezkoa» dela zuzendaria talde bateko abeslari ere izatea, «beste aldean egonda zer sentitzen den ulertzeko». Zuzendari roletik, esaterako, gauzak nola adierazi ikasi du, eta moduren bat gustatuz gero, bere abesbatzekin praktikan jartzen du. Aitortu du alderantziz ere gertatu izan zaiola, hau da, moduak gustatu ez, eta argi izatea hori ez diola inoiz taldeko kideren bati esango. Abeslari lanetik ere barneratu ditu zenbait gauza: «Interesgarria da jakitea zer sentitzen den talde bateko abeslari izanda; izan ere, zuk zure abeslariei zerbait eskatzeko, zer sentitzen duten jakin behar duzu».
Taldea obren eraginpean
Iturraldek berak aukeratzen du talde bakoitzarekin zein obra landu. Aukeraketa zorrotza egiten du, eta zehaztu du ez dituela abesti berberak hautatzen Ordiziako eta Andoaingo abesbatzentzat: «Jakin behar duzu zer instrumentu daukazun aurrean, bai eta noraino eramateko gai zaren ere». Horretarako, taldeak «gustura» egon behar du lantzen ari diren kantuekin, eta hori ere erronkatzat jo du zuzendariak: «Abesti batzuk, adibidez, oso egokiak dira koruan musikalki gauza jakin batzuk lantzeko, baina jendeari ez zaizkio gustatzen».
«Jakin behar duzu zer instrumentu daukazun aurrean, bai eta noraino eramateko gai zaren ere»
Lotuta dituzten kontzertuen baitan egiten du aukeraketa. Hortaz, baliteke batzuk taldearen gustukoak izatea eta beste batzuk, berriz, ez. Eta obra bat Iturraldek nahi bezala kantatu dezaten, abeslariei pieza «polita» dela transmititzea da gakoa, haren ustez. «Zuri gustatzen zaizuna helarazi behar diezu, eta jakin behar da hori nola egin. Batzuetan lortzen da, eta beste batzuetan ez». Hain justu, hori lortzeak ematen dio poztasuna Iturralderi: «Eskuak altxatzen ditut, eta nik nahi dudana entzuten dut. Hori arrazoi batengatik gertatzen da: aurrean dagoenak berbera sentitzen duelako».
Dena den, lortzen duten soinua baino, Iturralderentzat garrantzitsuagoa da abesbatzako kideak zoriontsu izatea eta entseguetara disfrutatzera joatea; izan ere, zenbait ikerketatan ondorioztatu dute abesteak onura ugari ekar ditzakeela. «Nik entseguetan ikusten dut: batzuk erabat nekatuta heltzen dira, eta guztiz berrituta atera», azaldu du. Are gehiago, batzuentzat abestea terapia ere badela nabarmendu du: «Arazo guztiak ahazteko une bat da, eta burua beste zerbaitetan jartzen laguntzen die».
Abesbatzen beherakada
Umetan hasi zen Iturralde kantuan, eta azaldu du garai hartan bera bezalako «mordo batek» ematen zutela izena abesbatzetan. «Pentsa, gu ia berrogei haur ginen Oroith Txikin», zehaztu du. Oraingo egoera, baina, bestelakoa da: «Gero eta zailagoa da umeak abesbatzara etortzea. Eskolaz kanpoko ekintza asko daude, eta umeek aukeratu egin behar dute. Erabaki horretan kirola da nagusi». Edonola ere, arazoaren oinarrian «konpromiso falta» dagoela iritzi dio: «Astero etorri behar da entseguetara, eta hori kosta egiten zaio jendeari. Jendeak ez du konpromisorik hartu nahi».
«Astero etorri behar da entseguetara, eta hori kosta egiten zaio jendeari. Jendeak ez du konpromisorik hartu nahi»
Hori dela eta, musika hartzen ari den norabideaz kezka adierazi du Iturraldek: «Ikastea eskatzen duen eskolaz kanpoko jarduera bakarra da musika; edozein instrumentu jotzeko, klasetik klasera ikasi egin behar da». Hala ere, abesbatzetan badago jendea ez dakiena partiturak irakurtzen, baina entzun egiten dutela esan du, eta horrela abesten dutela. Gaineratu du entseguen poderioz partiturak irakurtzen ikasi egiten dela, baina horretarako «gogoa eta ilusioa» eduki behar dela.
Baina, Iturralderen ustez, badira beste arrazoi batzuk haurrek musika ez aukeratzeko. Estigmatizazioa da horietako bat, eta iritzi dio «ezjakintasun izugarria» dagoela abesten dituzten abestien gainean: «Askok pentsatzen dute mezetako kantak abesten ditugula». Argitu du ez duela horrekin inolako zerikusirik, eta gaineratu artista eta talde ezagunen kantak ere abesten dituztela; adibidez, Tina Turnerrenak eta ABBArenak. Hortaz, iruditzen zaio probatzea dela modurik egokiena aurreiritziei buru egiteko: «Hala, abesbatza batean abestea zer den ikusiko dute. Gero, agian ez zaie gustatuko, edo bai, baina behintzat probatu egingo dute, eta zenbait aurreiritzi alde batera utzi».
Ostiralak, egunik «politenak»
Asteko egunak nahiko «berdinak» dira Iturralderentzat, baina ostiralak izaten dira harentzat egunik «politenak». Goizean goiz hasten da Andoaingo udal musika eskolan emango dituen klaseak prestatzen, eta bazkalostean sartzen da lanera. Musika hizkuntza eta kantua ematen ditu, eta abesbatza guztiekin izaten du entsegua, haurrekin zein gazteekin. 18:15 aldera amaitzen du lana, eta etxera itzultzen da, «azkar batean» afaltzeko; izan ere, Oroith abesbatzarekin entseatu baino lehen lagunekin irteten da. 21:15ean hasten du entsegua Ordiziako abesbatzarekin, eta, bi orduren ostean, kideekin batera joaten da trago batzuk hartzera. Hori oso garrantzitsua dela uste du zuzendariak, «dena ez baita lana».