Bear protagonista gazteak urteak daramatza haurtzaroko lagun Nikkirekin maiteminduta, baina inoiz ez da ausartu bere sentimenduak aitortzera. Egun batean, desioak betetzen omen dituen objektu misteriotsu bat erosiko du, eta zera eskatuko dio: Nikki berarekin maitemintzea. Hasieran, dena ezin hobeto doala dirudi; Nikki bat-batean hurbilduko zaio, eta bien arteko harremana loratzen hasiko da. Baina laster agerian geratuko da maitasun hori ez dela naturala. Nikkiren jokabidea gero eta obsesiboagoa, kontrolatzaileagoa eta arriskutsuagoa bihurtuko da, eta Bearrek ulertuko du bere desioak espero gabeko ondorioak izan dituela.
Azken urteetako ustekabeko arrakastarik handienetako bat da Obsession. Curry Barkerrek aurrekontu oso apal batekin idatzi eta zuzendutako beldurrezko film horrek ikusleen eta kritikarien arreta bereganatu ditu, nazioarteko fenomeno bihurtzeraino. Youtuben edukiak sortzen hasitako zuzendari gazteak erakutsi du Interneteko plataformetatik at ere baduela zer esana zinemaren munduan.
Ideia sinple batetik abiatuta, Barkerren filmak maitasun erromantikoaren idealizazioari buruzko hausnarketa bat proposatzen du. Fantasia erromantiko gisa hasiko dena terrore psikologiko bihurtuko da pixkanaka-pixkanaka, eta gero thriller bortitz. Horrela, filmak obsesioaren, dependentzia emozionalaren eta harreman toxikoen inguruko irudi iluna erakutsiko du, umore beltzaren eta tentsioaren arteko orekari eutsita.
Barkerrek aurretik ere arreta piztua zuen Milk & Serial film independentearekin. 2024an egindako lan hark apenas 800 dolarreko aurrekontua izan zuen, baina, Interneten milioika ikusle lortu, eta kultuzko film txiki bihurtu zen.
Kritikariek oso harrera ona egin diote Obsession filmari. Askoren ustez, Barkerrek erakutsi du gai dela ikusleengan ezinegona sortzeko izualdi merkeetan erori gabe, eta ikusleak giro deseroso eta gero eta itogarriago batean murgiltzeko.
Interneteko sortzaileei begira
Orain arte arrakasta ikusgarria lortu du filmak. Milioi bat dolarretik beherako aurrekontuarekin ekoitzia izan arren, ehunka milioi dolar bildu ditu mundu osoan, eta urteko ezusteko handienetako bat bihurtu da. Obsession-en arrakastak beste ondorio bat ere izan dezake: Hollywoodek arreta handiagoz begiratzea Interneteko sortzaileen belaunaldi berriari. Azken urteotan Youtubetik edo sare sozialetatik etorritako hainbat egilek zinemara egin dute jauzi, eta film honek erakusten du bide horrek etorkizun oparoa duela.
'obsession'
Zuzendaria: Curry Barker.
Gidoia: Curry Barker. Aktoreak: Michael Johnston, Inde Navarrette, Cooper Tomlinson, Megan Lawless, Andy Richter. Herrialdea: AEB. Iraupena: 100 minutu. Estreinaldia: ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Beste estreinaldi batzuk:

'La Bataille De Gaulle – J’écris ton nom’'
Zuzendaria: Antonin Baudry. Gidoilaria: Antonin Baudry, Berenice Vila. Generoa: drama. Herrialdea: Frantzia. Iraupena: 157 min. Estreinaldia: ostiralean estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian.
1940ko ekainean, Frantziak armistizioa sinatuko du. Testuinguru horretan, Charles de Gaulle jeneralak ez du errenditzea onartuko, eta Londresera ihes egingo du borrokari eusteko. Baliabiderik eta babesik gabe, Frantziaren askatasunaren aldeko deia egingo du.
'Erupcja’
Zuzendaria: Pete Ohs. Gidoilaria: Pete Ohs, Charli XCX, Lena Gora, Jeremy O. Harris, Will Madden. Aktoreak: Charli XCX, Lena Gora, Jeremy O. Harris, Will Madden. Generoa: drama. Herrialdea: AEB. Iraupena: 71 min. Estreinaldia: gaur estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian.
Varsoviako sumendi baten erupzioak Bethanyren eta haren bikotekidearen opor erromantikoak zapuztuko ditu. Egoerak bere bizitza zalantzan jarraraziko dio Bethanyri: haurtzaroko lagun batekin berriz elkartu, eta bere sentimenduei buruz hausnartuko du.
‘Unidentified’
Zuzendaria: Haifaa al-Mansur. Gidoilaria: Haifaa al-Mansur, Brad Niemann. Generoa: thrillerra. Herrialdea: Saudi Arabia. Iraupena: 99 min. Estreinaldia: ostiralean estreinatuko da Hegoaldean.
Neska nerabe baten gorpua agertuko da basamortuan, baina inork ez du bere gain hartuko. Kasua ahalik eta azkarren ixteko presioari aurre eginez, haurra galdu berri duen eta krimenak ikertzea gustuko duen emakume gazte bat egia argitzen eta biktima nor den jakiten saiatuko da. Horretarako, gizarte oso baten isiltasunari eta aurreiritziei aurre egin beharko die.