‘Harrimena lantzeko ariketak’
Taldea: Zirrara kolektiboa. Jatorrizko testua: Edu Zelaieta. Zuzendari artistikoak: Kepa Errasti, Josune Velez de Mendizabal. Zuzendari laguntzailea: Beatriz B. Morgado. Dramaturgia: Edu Zelaieta, Kepa Errasti. Argiak: Beñat Gorroño. Antzezleak: Aitzol Iraola, Ehiara Irazusta, Josune Velez de Mendizabal. Lekua: Gasteizko Arkabia antzokia. Eguna: Otsailak 26.
Harrimena lantzeko ariketak Gasteizko Antzerki Jaialdian estreinatu zen, eta Aiaraldeko Ekintzen Faktorian (Laudio) beste emanaldi bat egin ostean, Gasteizko Arkabia antzoki berrian ikusi dugu, zaletu euskaldunen besaulkiak polito beteta zeudela.
Antza denez, antzezlanaren jatorria Edu Zelaietak idatzitako zutabe sorta batean datza. Harrimena zen haien idazgaia, eta Fernando Pessoarekin izandako ustezko solasaldiak ziren zutabeen euskarria. Esku-programan azaldu digutenez, «Alea aldizkarirako idatzitako abentura literario batetik sortua, antzezlanak eszenatokietara egin du jauzi, ulertezina bizi eta absurduaren botere eraldatzailea deskubritzera gonbidatzeko».
Eremu eszenikoaren xumetasunak asko esan digu hasierako begiradan, eta zera pentsatu dut lehen begi-kolpe horretan: «Hau antzerki militantearen produktu jatorra da, parte-hartzaileek beraiek sortua beren nahi eta kezka estetiko-filosofikoei irtenbidea eman eta gurekin konpartitzeko».Â
Agertokiaren erdia lau makiletatik eskegitako sokek definitu dute. Haietatik zintzilik, paper idatzi asko egon dira eta orriekin batera bonbilla zuriak, behin-behineko sentsazio nabarmena eraginez. Ikusleei begirako lerroa, aldiz, zenbait errekarrirekin markatu da eta harriek presentzia fisikoa nahiz metaforikoa eduki dute proposamenean. Azkenik, egurrezko kutxa bat egon da guztiaren erdian eta nolabaiteko rola jokatu du dramaturgiaren zerbitzura. Esparru zehaztugabe horretan ibili dira izenik gabeko hiru pertsonaiak, beraiek ere non ote zeuden ez zekitelarik eta egia filosofikoak zein itaun existentzialak beren buruei eta elkarri planteatuz.
Alde horretatik, behin baino gehiagotan etorri zait burura Samuel Becketten urruneko gidaritza —beraiek ere aitortzen dutena—, baina ez da irlandar hura lan honetan eragina izan duen egile bakarra. Izan ere, ez dute haren figura beren-beregi aipatu. Bai, ordea, Pessoarena, eta bai fadoek bai portuges hizkuntzak noizbehinkako presentzia eduki dute emanaldian zehar.
Proposamenaren kutsu intelektuala arintzeko, ahalegin handia egin dute dramaturgiaren arloan. Adibidez, eszena batean beren burua mozorrotu dute beste izaera baten bila zebiltzan pertsonaiek, eta esandako kutxa zentrala gauza askotarako erabili dute. Baina efekturik nabarmenena noizbehinkako argi-etenetatik etorri da interferentzia elektrikoen soinuak lagunduta. Horrela markatu dituzte jatorrizko testuen amaierak eta hasierak, eta horrek parada eman die hirurei barruko eremutik kanpo egoteko eta, beste batzuetan, berriz barrura sartzeko, hasierako beldurrak uxatuta.Â
Esan bezala, antzerki militantearen produktutzat jo dezakegu lan hau, eta beharbada taldeak bere bidea egiten jarraituko du beste sorkuntza batzuekin. Denbora garrenean jakingo dugu! Â Â