Harrikada bainoago, harribitxi

Konpromiso queer eta transfeminista, bertakotasuna, aniztasuna, indarkeriarik eza, iraunkortasuna eta antikapitalismoa: oinarri horien gainean eraiki dute Harrikada tekno jaialdia. Izarran egingo dute, ostiralean hasita, eta hiru egun iraungo du.

Harrikada jaialdia, iaz. DAVID JULIA
Harrikada jaialdia, iaz. DAVID JULIA
Olatz Artola Apeztegia.
2025eko uztailaren 17a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Harrikada bat zirudiena jaialdi bihurtua da, Harrikada tekno festibal queer eta transfeminista. Uztailaren 18an abiatuko da, ostiralarekin, eta 20ra arte iraungo du. Izarran (Araba) egingo dute, musika elektronikoa kluben esparrutik atera nahi baitute, eta landa eremura eraman. Hori bera izan daiteke harrikada nabarmena, baina ez da hori bakarrik.

Salbuespenak salbuespen, hainbat eguneko festibal gehienen kontrara, dinamika kapitalista hutsetatik aldentzen den jai eredua proposatzen dute Harrikadaren antolatzaileek, jasangarriagoa eta bertakoa, queer eta transfeminista. Ez da harrikada bat, baina mailukada bat bai: heteropatriarkatuari, arauari. Jaialdia gorputz disidenteen fetitxeak garatzeko mailu bat baita, dantzalekuen askapenerako mugimenduan eta errespetuan oinarritutako gune bat. Eta baita behar bat ere. Horregatik iraun du bizirik 2018tik. Galder Beramendi Alvarado (Gasteiz, 1991) eta Laura Legido Perez de San Roman (Gasteiz, 1994) Harrika kolektiboko kide eta jaialdiaren antolatzaileen esanetan hori izan da irauteko arrazoi nagusia: «Sortzen dugunaren beharrezkotasuna». Eta bizi-bizia eta ezinbestekoa izango da aurtengo aldia ere, «alternatibak» planteatzen dituzten guneak arnasgune baitira itotzear bizi diren askorentzat.

«Gizartea oso oldarkorra da arautik kanpo dagoenarekin», azaldu du Gillen Mendikute Uribarren-Iturrieta (Aramaio, Araba, 1998) Eteranal DJ bikoteko eta Harrikadako antolakuntzako kideak. Arautik kanpo dagoen hori da arau Harrikadan. Baina adierazi du «ia utopikoa» dela disidenteek, gorputz ez-normatiboek eta historikoki isilarazitako ahotsek erdigunean lekua izatea eta esparru hori segurua izatea.

Erdigunean, oholtzan. Beramendik eta Legidok azaldu dute zer irizpide hartzen dituzten kontuan programazioa osatzeko orduan, ahaztu gabe jaialdiko kartelak zenbateko pisua duen erreferentzialtasuna lantzeko eta ereduak eraikitzeko: «Bereziki bertako artistak bilatzen ditugu, izen ezagunak, baina baita hastapenetan daudenak ere». Izan ere, uste dute globalizazioaren aztarna geroz eta barneratuago dagoela bestelako jaialdi eta esparruetan —sare sozialetan, kasurako—, eta hegemonia horrek «adierazpen arrakastatsuak» fagotizatzen dituela. Horregatik, begiak eta belarriak ireki nahi izan dituzte, eta «uniformetasun horren zirrikituetatik» bidea egiten duten sormen proiektuei eta adierazpenei atea zabaldu. «Hegemonia horretan daude gizon zis zuri heteronormatiboak ere. Industrian sartzeko erraztasun handiagoa dute, eta, beraz, bestelako identitateen alde egiten dugu». Eskaintza musikala perfomanceekin, drag show-ekin, tailerrekin eta merkatuarekin borobiltzen da.

Harrikada jaialdia 2024
Harrikada jaialdian iaz izandako saio bat. DAVID JULIA

Oholtza soilik ez, oholtzaren beheko aldea ere askotarikoa bezain segurua izatea dute helburu. Horretarako, «egunerokoan jai eremuetan gertatzen diren bazterkeriak eta indarkeriak antzeman eta errotik desagerrarazteko» helburuz, zaintza taldea sortu dute. Laura Elordui Martinezek (Bilbo, 1994) osatzen du Eteranal bikotea Mendikuterekin batera, eta zaintza taldean militatzen hasi zen Harrika elkartean. «Taldekoak dantzalekuan bertan egoten dira, sarreran eta edozein txokotan, ikusgai eta eskura, adi-adi, beharrik egonez gero ahalik eta lasterren laguntzeko».

Logika kapitalistaren kontra

Antolatzaileek argi dute diruari begira egonez gero ezinezkoa dela zaintza bermatzea, logika kapitalistek bazterrean uzten baitute zaintza: «Dirua irabazteko helburuak zapalkuntzak dakartza». Eskuetatik ihes egiten duen izate kapitalista gisa definitu du Elorduik musika eszena, eta haiek ez dute joko arau horiekin aritu nahi. Gainera, elkar zaintzea eta harremanak izatea are zailagoa da jende kopurua handitu ahala. Eta bai, jaialdien ekuazioa sinplea da: zenbat eta jende gehiago, orduan eta diru gehiago. Baina helburua ez da hori, baizik eta «disidentziek» elkar topatzea, ezagutzea, gozatzea, esperientziak trukatzea eta kultur proposamen plural eta aberatsak deskubritzea.

Horretarako lehen harria 2018an jarri zuten, eta Harrikada jaialdia dagoeneko harribitxi bihurtua da askorentzat. Klub kultura landa eremura eramaten dute, kultura deszentralizatzeko eta sare lokalak indartzeko. Euskal Herriko artistei lehentasuna emateaz gain, bertako produktuetan eta ingurunea errespetatzen eta balioesten duen produkzioan jartzen dute arreta, antolatzaileen hitzetan: «Soinuaren alorretik hasi eta antolakuntzaraino, oinak lurrean eta begirada Euskal Herriko sorkuntzaren eta bizitzaren etorkizunean jarrita antolatzen da Harrikada». Antolatzeko ez ezik, musika jartzeko aukera ere izango dute Eteranalekoek, eta set-a ingurura egokituko dute. Musikak inguruarekin bat egiteko moduko set-a ondu dute, barruraino sartu eta zainetatik ibiltzekoa: «Set hipnotikoagoa prestatu dugu, klubetan erabili ohi ditugunak baino ehundura organikoagoekin eta hunkigarriagoekin», zehatz esanda.

«Lehen, betiko gizonak ibiltzen ziren dena kudeatzen, betiko aretoetan. Pandemiaz geroztik, kolektibo asko sortu dira, eta astindua eman dute»

LAURA ELORDUI MARTINEZHarrikada jaialdiaren antolatzailea eta Eterenal taldeko kidea

Ehundura eta ertz askoko jaia da, eta ez da soilik hiru eguneko kontua, urtean guztian klubetan ere jartzen baitute aletxoa. Euskal Herriko hainbat aretotan antolatzen dituzte jaiak, harriz harri osatzen baita Harrikada. Eta horrela lortu dute komunitatea sortzea. Hala ere, ez dira musika elektronikoko kolektibo bakarra, eta gainerakoak ere ekarri nahi izan dituzte gogora. «Lehen, betiko gizonak ibiltzen ziren dena kudeatzen, betiko aretoetan. Pandemiaz geroztik, kolektibo asko sortu dira, eta astindua eman dute. Batzuetan, gainera, elkarrekin aritzen dira, eta proposamen oso apurtzaileak sortzen dituzte», azaldu du Elorduik.

Proposamen horien guztien artean, Harrikada eredu bat besterik ez da, «huts egin eta huts horietatik ikasten duena». Bizitza luzea opa die Elorduik, militantziak dakarren nekearen gainetik poz kolektiboa gailentzen baita; baina, era berean, existitzeko beharrik ez izatea litzateke benetako arrakasta, hau da, «alternatiba horiek guztiak egunerokoaren parte izatea eta horrelako proposamenak berrikuntza izateari uztea». Pluraltasuna aldarrikatu ordez ospatzea, aurreiritzien aurkako borrokan aritu gabe.

Eteranal DJ bikotea: Gillen Mendikute Uribarren-Iturrieta eta Laura Elordui Martinez
Eteranal DJ bikotea: Gillen Mendikute Uribarren-Iturrieta eta Laura Elordui Martinez. NEREA GARCES

Amets konpartitu bat

Harrikada jaialdia Harrika kolektiboak antolatzen du. Amets bera zuen jendearen elkartuta sortu zen, aisialdirako bestelako eskaintza bat sortzeko asmoak bultzatuta. Gasteizko Jimmy Jazz aretoan jai bat antolatuta ekin zioten Harrikaren ibilbideari, 2022an, eta gorputz eta identitate baztertuak festaren ardatz izan ziren orduan ere, hori guztia euskaraz eta Araban. Gerora, hilero hasi ziren Jimmy Jazzen festak antolatzen, baina kobatik atera eta aldarrikapenak kalera eraman nahi izan dituzte gerora; eta kalera ez ezik, baita landa eremura ere. Horretan dabiltza elkartea sortu zutenetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.