Haserrearen begiradak

Amarika aretoa itxi zuten aurrena, eta Montehermoso izango da hurrena. Gasteizen jazotzen ari dena «larritzekoa» dela uste dute artearen esparruko eragileek. Instituzioen jarrera salatu dute.

Xabier Arakistain Arakis, Montehermosok ekoitzitako Haserrearen begirada erakusketan jasotako Yurie Nagashimaren obra bati begira, 2008an. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Irune Berro Urrizelki.
2012ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Negua hotz dator Gasteizen. Arte garaikidea izotz bihurtzeraino, hotz. Amarika aretoa itxi egin zuten, Krea ez dute azkenean irekiko, guraizeen politika gupidagabeak betean jo du Artium, eta Montehermosori 2012ari beste egun geratzen zaizkio. Urte hasieran Xabier Arakistain Arakis egotzi eta aurrekontua%80 murriztu ondotik, geratzen diren langile apurrak kaleratzea eta aretoak alokairuan ematea ebatzi baitu orain Gasteizko Udalak.

Neurri horien berri ematean, Montehermoso kulturgunea berrasmatu egingo dutela adierazi zuen Encina Serrano Kultura zinegotziak. Alta, Javier Maroto alkatearen taldearen ibilerak ikusi ostean, inor gutxik sinesten du kultura sustatzeko urratsak egingo dituenik udalak. Aitzitik, kezka eta haserrea dira nagusi Gasteizko eta Euskal Herriko artearen esparruko eragileen artean.

Ruben Diaz de Corcuera artista eta Amarikako kontseiluko ordezkari izandakoak uste du udalari ez zaiola interesatzen kultura sustatzea. «Hartutako erabakiekin, argi dago uko egin diola kultura arloan zeukan eskuduntzari. Iruditzen zait herritarrek jakinaren gainean egon beharko luketela, eta kontuan hartu horrek zer dakarren».

Txaro Arrazolak ezin du ezinegona ezkutatu: «Nire galdera da: kultura galtzeak nori egiten dio mesede gizarte honetan?». Artistak salatu du aurrekontuekin batera eskubideak ari direla murrizten. «Atzera goaz. Dozenaka urtetako borrokaz lortutako askatasun eta eskubideak ari zaizkigu kentzen, abiada izugarrian eta lotsa gutxirekin, gainera».

Montehermosoren auzian, Gasteizko Udalaren jokabidea «onartezina» dela uste du. «Azken erabakiekin ezerezaren ezerez bihurtuko dute». Aretoak alokairuan ematea «pribatizazioan» pauso bat ematea dela uste du Arrazolak. «Eta auskalo zer egingo duten hurrena. Ez daukat argi: edo uste dute ergelak garela, edo zer nahi duten ez dakite eta etengabe inprobisatzen ari dira».

Haizea Barcenilla arte ikertzaile eta komisarioarentzat «larritzeko modukoa da Gasteizen gertatzen ari dena». Maria Mur arte ekoizlea iritzi berekoa da. Haren esanetan, «krisia aitzakia besterik ez da kulturaren eremuan nahi dutena egiten jarraitzeko».

Izan ere, Murren ustez, «krisiaren aurretik ere unean uneko gobernuek nahierara irekitzen eta ixten zituzten kulturguneak. Guggenheim efektuaren ondorioz honako ideia hau zabaldu zen: 'zerbait izan nahi duen hiri orok museo bat izan behar du'. Hala, museo edo kulturguneak unean uneko interes elektoralisten mende erabili dituzte maiz bateko zein besteko agintariek».

Ikuspegi ekonomikoa nagusi

Barcenillaren arabera, gertaerek erakusten dute instituzio publikoek azken urteetan ikuspegi ekonomikoa lehenetsi dutela proiektu artistikoak sustatzean, jarduera politikoaren eta praktika artistikoaren gainetik. «Ezen praktika artistikoa ekarpen gisa kontuan hartu izan balute, bilatuko lituzkete haiei eusteko moduak, eta egingo lituzkete edozein testuinguru ekonomikotan irauteko moduko politikak».

Zuhar Iruretagoiena artistaren esanetan, «arazo nagusia da kulturaren interpretazio kuantitatiboa egiten dutela, ez kualitatiboa. Eta sorrarazten dituen balioak eta pentsamendua ikusezinak direnez, badirudi kulturak ez duela ezertarako balio».

Horregatik, Maider Zilbeti pentsalari eta antropologoak uste du arte garaikidea kudeatzeko bestelako moduak sortzeko tenorea dela. «Erabilera politikotik kanpo uzteko», ohartarazi du.

Barcenillaren iritziz, «instituzioak eta gizartea bera erabat guggenheimtarturik daude, eta ekinbide eta instituzio handinahiak besterik ez dituzte ulertzen. Hala, proiektu garestien iraunkortasuna ziurtatzen dute bakarrik: Guggenheim, Donostia 2016, Tabakalera eta tankerakoena». Barcenillaren ustez, «iritsi da paradigmak aldatzeko garaia, eta kalitatea handitasunarekin nahasteari uztekoa».

Alde horretatik, Zilbetik instituzioak eta artea bereizteko premia argia ikusten du. «Agian, artearen ekoizpena eta hedapena gehiegi instituzionalizatu dira azkeneko urteetan, eta udalek eta aldundiek zentro ugari kudeatudituzte, hala nola Arteleku, Rekalde, Amarika, BilbaoArte...».

Zilbetiren ustez, instituzioen eta kulturguneen artean horren lotura estua egoteak «agintarien apetaren mende egoteko arriskua» dakar. Horregatik, halakorik eragotzi nahi bada «bestelako planteamendu batzuetan» pentsatu behar dela dio. Eta adibide bi jarri ditu: Miren Jaiok kudeatzen duen Bulegoa z/b eta Maria Murrek gidatzen duen Consonni.

Historiografia feminista

Arakisen Montehermosok ere izango zituen hutsak. Alta, Arrazolak, Barcenillak, Murrek, Zilbetik eta Iruretagoienak nabarmendu dute «ekarpen esanguratsua» egin duela, eta lan egin duela Euskal Herriko gainerako museo eta kulturguneetan agerikoak diren «genero politika baztertzaileei» gaina hartzeko.

Bilboko Arte Eder museoaren jardunari erreparatu dio Barcenillak: «Obrak erostean, sistematikoki baztertzen ditu emakumeak; eta azken hamar urteetan egin dituen 24 erakusketetatik bakar bat ere ez dio eskaini emakume bati». Guggenheimen estatistikak oso antzekoak direla ohartarazi du Arrazolak. «Eta Artiumenak ez dira askoz hobeak».

Ikuspegi feminista jarduera orotan txertatu, eta emakumeen lana ikusgarri egin eta balioetsi du Montehermosok. Baina ez hori bakarrik: bazterkeriaren gakoak aztertzeko eta konprenitzeko gogoetabidea ere ireki duela azaldu du Barcenillak. «Eta hori oso garrantzitsua da», ohartarazi du.

Alde horretatik, Montehermoso eta tankerako tresnak «ezinbestekoak» direla uste du Ana Revueltak, «sexu-generoaren araberako bereizkerian oinarritutako sistema irauli eta hezkuntza prozesuen bidez jendarte parekide eta bidezkoa sortu nahi badugu».

Montehermosoko Hezkuntza saila kudeatzen duen Artaziak taldeko hezitzailea da Revuelta. Argi du zein den arte garaikidearen eginkizunetako bat: «Inguratzen gaituen errealitateaz hausnartzeko bitartekoa da». Horri dagokionez, Montehermoso «aitzindaria» dela azpimarratu Arrazolak. «Gurearen moduko gizarte hipermediatizatuan oso beharrezkoak dira errealitate hertsia auzitan jarriko duten obrak sortzea, pentsamendu kritikoa sustatzeko, gizarte bidezkoagoa eratzeko asmoz. Eta Montehermosok xede horri jarraitu dio».

Hutsune nabarmena

Zilbetiren esanetan, «tresna teoriko eta metodologikoak landu ditu arte ekoizpen feminista sustatzeko eta artearen historiografia feminista euskarritzeko». Eta Arrazolak zalantza zirkinik ez du: «Politika horrek emaitza zoragarriak eman ditu arlo askotan». EHUko irakaslea ere bada Arrazola. Eta ezagutu ditu «trebakuntza sendoa izanagatik legitimazio guneetara iristeko zailtasun handiak izan dituzten emakumezko artista asko, erabakimena eta lidergoa genero maskulinoaren esku baitaude egun, Arte Ederretako fakultatean gehien-gehienak emakumeak izan arren».

Barcenillak, Arrazolak eta Zilbetik gogorarazi dute Montehermosok «zubi lana» egin duela unibertsitatearen eta testuinguru profesionalaren artean den amildegian. Garrantzi handia eman diote EHUrekin lankidetzan garaturiko Next egitasmoari. Bi arrazoi azaldu ditu Barcenillak: «Batetik, testuinguru profesional batean kokatzeko aukera eman dielako Arte Ederretako ikasleei. Eta bestetik, herritarrei aukera eman digulako hainbat proiektu interesgarriren berri izateko. Bidenabar, Arte Ederretako Fakultatea linbo bohemioaren mitotik urrundu du».

Alabaina, Arakisen lantaldeak abiarazitako proiektu oro bertan behera geratzear da. Proiektuari «a priori arazorik ez ikusi arren», Diaz de Corcuerak «zalantzak» dauzka Arakisena «ba ote zen proposamenik egokiena Montehermosorentzat eta Gasteizentzat». Oso bestela pentsatzen du Iruretagoienak. Artistaren hitzetan, «Montehermosok munduko artearen mapan kokatu ditu Gasteiz eta Euskal Herria». Murrek ere uste du Arakisen taldeak «nazioartean erreferente eztabaidezina» bihurtu duela kulturgunea.

Montehermosotik «urrun harturiko erabakiek» kulturguneko «lana zapuztu» egin dutela adierazi du Revueltak. «Egun, inoizko parte hartzerik handiena dago jarduera guztietan. Hezkuntza eta kultura pertsonon garapen integralerako ezinbestekoak dira, eta herritarren eskubidea da zerbitzu horiek jasotzea. Hutsunea nabarmena izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.