Pantxika Telleriak (Donibane Lohizune, Lapurdi, 1972) Senpereko Larreko kulturgunean (Lapurdi) emana dio hitzordua kazetariari. Elkarrizketa hasi baino lehen, «bere etxea» presentatu dio. Lehen estaian dira 2001ean Telleriak sortu Elirale konpainiaren bulegoak. Banazka agurtu ditu lankideak, eta, kafea zerbitzatu bezain fite, adineko emazte bat sartu zaio gela handira. Bi besoak hartu dizkio, eta dantzan hasi dira biak segundo batzuez. «Senperekoa da, eta ene tailerretara heldu da», azaldu du Telleriak. Elirale konpainia ezaguna izan daiteke dantza garaikidea garatu duelako haurrentzat eta publiko orokorrarentzat, baina egun, adinekoentzat ere dantza klaseak proposatzen ditu. Telleriak «sorgin zahartzat» dauka bere burua, eta, beraz, bizia «hobeki» irakurtzen dakiela nabarmendu du.
Ibilbide luzea egin duzu dagoeneko. Egin dituzun gauza guziei behatzean, nola sentitzen zara?
53 urte ditut, eta ibilbide ttipia dut. Momentu zailak eta latzak bizi izan ditut. Menopausiaren atarian naiz, eta ene ibilbide osoa ulertzen dut. Gainera, orain ez dut zentsurarik. Dena irudikatzen dut: aski argi dut zer utzi didaten aitzineko belaunaldiek eta zer utzi nahi dudan nik. Haurtzaroan ene ondoan izan ditut ama, amatxi, izebak, eta baita aita, aitatxi eta osabak ere. Biziki babestua izan naiz, eta biziki alaiak ziren denak. Otordu denboretan denak juntatzen ginelarik, amatxi kantuz hasten zen, eta amak pianoa jotzen zuen. Bestalde, nire izeba abertzaletu berri zen, eta haren hegalpean hartu ninduen. 4 urte nituela bestetara eta edozein ekitalditara eramaten ninduen. Ez dut merezimendurik!
Nolako haurra zinen dantzaren munduan sartu baino lehen?
Nire ahizpa ttipia eritu zen, eta amatxirengana igorri ninduten. Nire izebak kontzientzia zuen abertzaletasuna feminismotik eraiki behar zela, eta hori transmititu zidan. Oro har, betidanik zailtasunak ukan ditut ene burua genero etiketa jakin batean sartzeko. Ez dakit zer naizen, eta ez dit axola. Aitak ile apaindegira eramaten ninduelarik, ileak motz-motz mozten zizkidaten, eta nik ttipitan panpinekin arazo bat nuen, ez nituen maite. Nik ama eskolan dorreak eta dorreak eraikitzen nituen.
Aski goiz sentitu zenuen adierazpenerako beharra, beraz?
Mugimenduaren bidez espresatu nahi nuen. Begiraleak dantza taldean sartu baino lehen, tindatzen nuen eta trapezioa egiten nuen Urruñan. Dantza taldean sartu nintzelarik, zailtasunak nituen mutxikoak ikasteko, ezin nuelako arreta atxiki. Nahiago nuen Dukontenia parkeko arboletan dilindatu [irriak].
«Begiraleak dantza taldean sartu baino lehen, tindatzen nuen eta trapezioa egiten nuen Urruñan. Dantza taldean sartu nintzelarik, zailtasunak nituen mutxikoak ikasteko, ezin nuelako arreta atxiki»
Eta 13 urterekin erran zenien gurasoei: «Dantzari profesionala izan nahi dut».
13 urte nituela, lagun batek erran zidan: «Banoa dantza modernoa ikastera, bazatoz?», eta baietz erran nion. Euskal dantzan aski ongi moldatzen nintzen, baina fisikoki nahiko malestruka nintzen luzaketak egiterakoan, adibidez. Ez nintzen fina. Urte batez dantza modernoa ikasi nuen Donibane Lohizunen, eta, udako ikastaro batzuk egin ondotik, gurasoei erran nien dantzari profesionala izan nahi nuela. Mahaian ginen denak, eta momentu hartan uste nuen ene aitak platerean sartuko zuela bere burua [irriak]. Amak baiezkoa eman zidan, baina erran zidan Donibanetik kanpo joan beharko nuela.
Parisko Goi Mailako Kontserbatorioan sartu zinen dantza klasikoa ikasteko.
Parisko Operako irakasle bat jin zen Donibanera ikastaro bat ematera. Hark erran zidan aurkeztuko ninduela kontserbatorioan, eta horrela egin zen dena! Parisko balleteko izar Christiane Vaussardek ematen zizkigun goizetako klaseak. Pertsona beldurgarri eta latza zen! Ez dut sekula ahantziko: hogei neska ginen xuriz beztiturik, eta denak lerroan ematen gintuzten. Vaussard gure aitzinetik pasatzen zen, eta ehun gramo hartu bagenituen, ez gintuen agurtzen, eta hilekoa bazenuelarik eta jantzi xuriaren gainean ageri bazen, hor konpon! Eta nola ez, dantzari batek ez zuen harreman sexualik izan behar. Funtsean, hain argal ginen, non kasik denok amenorrea pairatzen genuen.
«Ez dut sekula ahantziko: hogei neska ginen xuriz beztiturik, eta denak lerroan ematen gintuzten. Vaussard gure aitzinetik pasatzen zen, eta ehun gramo hartu bagenituen, ez gintuen agurtzen, eta hilekoa bazenuelarik eta jantzi xuriaren gainean ageri bazen, hor konpon!»
Bortizkeria egunero pairatzen zenuten, beraz.
Egun guziz. Urrian sartu nintzen kontserbatorioan, eta hilabete bat berantago gurekin ari zen neska bat bere buruaz beste egiten entseatu zen. Arras sistema militarra zen: aitzina joaten zinen, edo literalki hiltzera kondenatua zinen. Zorroztasun ikaragarria zen, hezkuntza eremu biziki bortitza baitzen. Denborarekin ohartu naiz bortizkeria horren barnean onartu izan dugula leku batzuetan hunkituak izatea erraterako, eta beste gauza franko ere.
Zer, adibidez?
Giro oso bat ulertu nuen. [Parisko] Pigalle auzoan hartzen genituen klaseak, han zirelako estudio batzuk. Auzo berean ziren Moulin Rouge eta halako egiturak. Finean, neska ala mutiko izan, trebatzen gintuzten Frantziako Estatuko elite politikoaren prostitutak izateko. Ikusi izan ditut ene begiekin goi politikariak balleteko dantzariekin ibiltzen.
Eta belauna kolpatu artio egon zinen bertan.
1989an belaunean zauritu nintzen, baina mentalki eragin zidan egoerak. Orotara, hiru aldiz operatu ninduten. Lehen aldian kirurgialari famatu batek operatu ninduen, baina, hortik gutira, mina ezkerreko belaunean agertu zitzaidan. Eta garai hartan, operatu eta bi egun berantago, zango punten gainean eman behar zinen. Euskal Herrira itzuli nintzen, eta bigarren operazioa egin zidan medikuak erran zidan: «Zuretzat, neska, dantza fini da».
«Urrian sartu nintzen kontserbatorioan, eta hilabete bat berantago gurekin ari zen neska bat bere buruaz beste egiten entseatu zen. Arras sistema militarra zen: aitzina joaten zinen, edo literalki hiltzera kondenatua zinen»
Baina sendatu ondoan Begiraleak taldean sartu zinen berriz.
Lehenik, ahizparekin izena eman nuen gau eskolan. Nola Parisen pasatu nituen urte franko nihauren burua mugatzen, hona etorri eta herrietako bestetara joaten hasi nintzen etengabean. AEK, ihauteriak, uda eta ziklomotorra, zer gehiago behar nuen, ba? Euskal munduak esperantza handia eman zidan Paristik itzultzean, baina, egia erran, nagusiki gizonen mundu bat zen, eta horrek zailtasunak eman zizkidan nolazpait kokatzeko tenorean. Baina tira, Begiraleak dantza taldean berriz sartu nintzen, eta han Isabelle Zuburu ezagutu nuen. Fitexko abiatu nintzen dantza erakustera Azkaineko haur ttipiei. Azkaineko Ikasleak dantza taldeko Maitena Etxeberrirekin hainbat pieza ematen genituen Saran, Etxalarren, Azkainen eta Beran barna. Sorkuntzan hasi ginen, eta, pixkanaka-pixkanaka, nire mundutxoa eraiki nuen.
Eta, aldi berean, ikasketekin aurrera segitu zenuen.
Baxoa pasatu ondotik, Bordelen euskara eta gaztelera irakasteko DEUGa kausitu nuen [Unibertsitate Diploma Orokorra], baina ez nuen hizkuntzen irakaskuntzan erori nahi; beraz, erabaki nuen dantza irakasteko EAT diploma pasatzea [Dantza Irakaslearen Estatu Diploma]. Ez nuen dantzaren interpretazioan lan egin nahi: nik sortu nahi nuen. Bi urte horietan, dantzaz anitz ikasi nuen Laurence Louppe irakasleari esker, eta egun baliatzen ditudan tresna batzuk Bordelen ikasitakoak dira.
Elirale fitexko sortu zenuen, baina, aitzin, Miarritzeko kultur zerbitzuan lan egin zenuen.
Mediazioan nintzen, eta dantzaren inguruko ekintza batzuk antolatzen nituen. Ikastaroak ere ematen nituen, eta Maritzulirekin lanean hasi nintzen. Claude Iruretagoienak konfiantza egin zidan, eta ikastaroak ematen hasi nintzen ezker eta eskuin.
Thierry Malandain ere iritsi berria zen Miarritzeko Zentro Koreografikora. Zer giro zen dantza taldeen artean?
Elkarri tiroka ari ziren! Roger Goihenetxeren eta Claude Iruretagoienaren artean biziki gaizki pasatzen zen. Baina, oro har, Jean Nesprias, Popo Oihanburu eta Roger Goihenetxe elkarri tiroka ikusi ditut. Hor ere, euskal munduan badugu zeregina gure arteko gerlak konpontzeko. Ni orain emazte zahar bat naiz, eta transmisioaren aldetik bizi izan dudana erranen dut, ene egia baita.
Giro hori ikusirik, Elirale sortzeko gogoa piztu zitzaizun?
2001ean sortu zen Elirale. Yvonne Poxelu, Filgi Claverie eta beste anitzek lagundu ninduten konpainia sortzen. Berehalaxe, nire gibelean izan dut talde oso bat. Donibane Lohizunen instalatu ginen lehenik, nire etxean. Dantza garaikidea lantzen hasi nintzen, eta piezak nagusiki Hegoaldean ematen genituen. Ipar Euskal Herrian aski guti ari ginen, baina, pixkanaka-pixkanaka, sorkuntzek lekua hartu zuten.
Zer-nolako harrera izan zuen dantza garaikideak?
Zaila zen hastapenean, Frantzian dantza estilo hori mespretxatua zelako. Garaikidean ari ginenoi erraten ziguten ez genuela dantza egiten. Baina hain baztertuak izan gara, non horrek indarra eman digun ondotik loratzeko. Bestalde, poliki-poliki Frantziako Estatua dantza garaikidea haren ekintza kulturalean sartzen hasi zen. Frantziako Zentro Koreografiko Nazionaletan dantza garaikidea sartu zuten —Aix-en-Provence aldean Angelin Preljocaj emanez eta Jean Claude Gallotta Grenboblen, adibidez—.
«2001ean sortu zen Elirale. Yvonne Poxelu, Filgi Claverie eta beste anitzek lagundu ninduten konpainia sortzen. Berehalaxe, nire gibelean izan dut talde oso bat»
Eliralen ere behar izan dituzue Frantziatik etorri dantzariak?
Celia Thomas etorri zen. Gure arloan aritzen ziren dantzariak deitu genituen. Hastapenean beldur nuen nire koreografia estiloa ez zutela harrapatuko, baina denbora joan ahala, ikusi nuen funtzionatu zuela. Publiko orokorrarentzat egin piezak sortzeaz gain, haurrentzat sortu ditugu gauza anitz. Frantziako Hezkuntza Nazionaleko EAC programaren barnean sartu ginen [Hezkuntza Artistiko eta Kulturala], eta ikastetxeekin sare bat sortu genuen. Geroztik, eskoletan anitz ibiltzen gara.
Nola irakasten diezu dantza garaikidea haurrei?
Usatuak gara dantza imitazioz ikasten, hots, jestuak kanpotik barnera ekartzen. Nik gorputz barnetik azalerako eta azaletik kanporako sorkuntza garatzen dut, eta, imitazioz baino gehiago, espresioz jarduten dut haurrekin eta dantzariekin. Hasieratik argi nuen dantza gorputzaren barnetik biziarazi nahi nuela.
Baina nola egiten da hain haur ttipiak dantzara erakartzeko?
Haurrei bost axola zaie Sylvie Guillem edo dantzari ezezaguna zaren zu. Ikuslearen eta dantzarien arteko momentu sakratu bat sortu behar da, eta gakoa horretan dago. Haurrak erakartzeko, 2008an Amaia Hennebutten Lodi Kroko liburua ikusgarri bihurtu genuen, Joselu Berasategi, Celia Thomas eta beste hainbatekin. 2010era bitarte 340 aldiz eman genuen Euskal Herri osoan, eta hemendik kanpo ere bai! Adin guzietako pertsonak erakartzen ahal dira dantzara, ez da mugarik!
«Usatuak gara dantza imitazioz ikasten, hots, jestuak kanpotik barnera ekartzen. Nik gorputz barnetik azalerako eta azaletik kanporako sorkuntza garatzen dut, eta, imitazioz baino gehiago, espresioz jarduten dut haurrekin eta dantzariekin»
Haurrekin jarduteaz gain, 50 urtetik gorakoentzat ematen dituzu klaseak.
Biziari tiraka garatzen dira emanaldiak. Taula handietan izateko beharra badugu, baina beste batzuetan ospitalean edo zahar etxean izateko ere bai. Denetarik egin behar da konpainia bat aberats egiteko. Haurrekin ala zaharrekin, dantza gorputzak ezagutarazteko tresna ikaragarria da. Zahartzen ari den pertsona gisara, nire gorputz zaharra konprenitzen eta ezagutzen ikas dezaket nire tailerretako zaharrei esker.
2014tik Senpereko Larreko kulturgunean zaudete. Nolako garapena izan du konpainiak?
Ez dizkizut sorkuntza guziak aipatuko. Baina Artha pieza niretzat garrantzitsua izan zen. 2017an pentsatzen hasi ginen, eta hainbat aldiz eman genuen, bost dantzari zoragarrirekin. Jestuen isurkortasuna eta jauzi zaharren inguruko ikerketa batek bultzaturik sortu genuen koreografia. Jauziei loturik, berriki Bota ikusgarria atera dugu, Kataluniako eta Euskal Herriko jauziak oinarri harturik. Jon Vernier eta Joana Millet dantzariek ematen duten 30 minutuko pieza bat da.
Mediaziorako eta profesionalizaziorako tresna zarete?
Hala da. Halere, garrantzitsua zaigu hainbat talde eta erakunderekin lankidetzan aritzea. Baina nagusiki hemengo biztanleekin ari gara lanean, Ezpeletatik Miarritzeraino.
Zuen tresna biziarazteko aitzinkontu bat behar da, eta jakina da hainbat kultur erakundetan diru murrizketak egin berri dituztela. Zuenean ere gauzatu direa?
Pirinio Atlantikoetako Departamenduko diru laguntza erdiz jaitsi zaigu. Frantziako Kultura Ministerioak «lurralde ekitatea» saltzen digu, baina ez da egia, eta, denborarekin, gorrotatu ditut bi hitz horiek. Dantza konpainia gisa konbentzionatua zarelarik, eskualdeak [Akitania Berriak] 50.000 euro eman behar dizkizu, baina, momentuz, ez dugu hein horretako laguntzarik jasotzen. Baina lasai egon: Bordelen gutiengo diru zama hori badute. Beraz, lurralde ekitatea gezur hutsa da. Kulturan arras mundu desberdinak badira, eta, oro har, arlo prekarizatua gara. Egun batetik bestera zauden lekutik kanpo eman zaitzakete, hauteskundeen emaitzen arabera edo dena delako erabaki politiko baten ondorioz. Ez dugu sistema segururik.

«Zauriek elikatu gaituzte, dantzaren grina mantentzeko tresna izateraino»
Telleriari linfoma bat diagnostikatu zioten duela hemezortzi urte; bigarren haurra sortu eta hamabortz hilabetera, hain zuzen. Dantzak egunero bizi esperantza ekarri diola kontatu du. Arta ukan duen denboran dantzak «bizitzen» lagundu dio, eta argi du osasuna eta dantza elkar juntatzen direla, «elkar elikatzen» baitute.
Linfoma borrokatzeko tresna izan da dantza?
Duela hemezortzi urte agertu zen linfoma batekin bizi naiz. Bost urte eman dituzte linfoma zehatz-mehatz diagnostikatzeko. Dantzak sortu didan alaitasunari eta pozari esker aitzina egin dut. Dantzak salbatu nau, eta, egun, jende arruntak baino gehiago ulertzen dut nire gorputza. Dantza da bizia, eta ikasi dut irakurtzen denborarekin. Artatua nintzelarik, elkar osatzen zuten ospitalean ukan nituen tratamenduek eta dantzak: elkar elikatu dute nire terapia denboran.
Dantzak onura baizik ez dizu ekarri?
Dantza antsiolitiko handia da. Izan gazte ala zahar, dantzak on egiten du, baldin eta pedagogoak leku egokietara eramaten badu dantzaria. Pertsona bakoitzak mugak ditu, eta, erori baino lehen, mugarriak segurtatu behar dira. Eskaladan bezala, pertsonari puntuak segurtatu behar dizkiozu, baina irristatzeko edo erortzeko arriskua denez, pedagogoari dagokio dantzaria hara ez eramatea.
Erranen zenuke egun ere gorputzak gehiegitan eramaten direla muga horietara?
Antzokiko teknika batzuk garatu dira dantzaria gutiago zauritzeko. Gorputza etengabe intentsitate handietara eramatea da arazoa. Gorputzari hori pairarazten diozularik, beste leku batetarik konpentsatu behar duzu gorputzak jasanikoa. XVIII. mendeko barraren ariketak edo grand ecart bortxatuek ez dute gehiago balio, gorputza muturreko egoeretara eramaten baitute bakarrik.
«Dantzak sortu didan alaitasunari eta pozari esker aitzina egin dut. Dantzak salbatu nau, eta, egun, jende arruntak baino gehiago ulertzen dut nire gorputza»
Zu Parisen zauritu zinen. Nola zahartzen da zauriekin?
Gu zauritu gara sistema ez zelako egokia. Zauriek elikatu gaituzte dantzari zaharrok, dantzaren grina mantentzeko tresna izateraino. Zauriek ahalbidetu digute dantza gorputzaren beste leku batzuetatik sortzen. Egun ez du gehiago zentzurik dantza militarki erakusteak, dantzariaren gorputza hamar urtez ez baduzu higatu nahi behintzat.
Gizartean gehiago zabaldu behar litzateke dantza?
Dakidan gauza bakarra da, zer gerta ere, jendartea beti dantzatuko dela, beharrezkoa baitu. Duela urte erdi, Laure Guilbertek kontzentrazio esparruetan ematen ziren dantza zantzuak aztertu zituen, eta horrek erakusten du testuingururik zakarrenetan ere dantzak gizakia goxa dezakeela.