Musika

Hatortxu Rock jaialdiak «amaiera berri bat» eskatuko du bihar

Hamazazpi talde igoko dira oholtzara, eta bostehun boluntario ariko dira lanean, jaialdian dena ongi joan dadin.

Hatortxu Rock
2022ko Hatortxu Rock. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
garbine ubeda goikoetxea
2023ko abenduaren 15a
19:10
Entzun

28. Hatortxu Rock elkartasun jaialdiak bihar du eguna, Atarrabian (Nafarroa). Hamazazpi talde arituko dira 16:00etatik aurrera, hala nola Los Chikos del Maiz, Huntza, Tropa do Carallo, Dupla, Los Zopilotes Txirriaos, Auxili, Liher, Skabidean, Stay Homas, Streetwise, Burutik, Baizera!, Etxepe, Arkada Social, Ibil Bedi, DJ Reimy eta DJ Trapella. Bizpahiru talderentzat, berezia izango da gaurkoa. Liher taldeak, esate baterako, etenaldi luze bat iragarri du, eta Hatortxu Rockekoa izango du azken kontzertua. Huntza taldeak, berriz, azken-aurrekoa izango du, biharkoaren ondoren Bilboko Miribillakoa besterik ez baitzaio gelditzen agur esan aurretik. Skabidean taldea ere oholtzetatik urrun ibiliko da oraingoz, baina hurrengo diskoa prestatzeko lanari ekingo diolako.

Antolatzaileek hiru karpa eta beste horrenbeste oholtza atondu dituzte jaialdirako, eta bina talde arituko dira batera. Jantokiari ere garrantzia emango diote, iazko arrakasta kontuan hartuta. Bestalde, diruz karga litezkeen eskumuturrekoak izango dira.

Etapa berri baten akabera iradokitzen du aurtengo leloak (Amaiera berri bat): hain zuzen, euskal presoak urrutiko kartzeletan barreiatuta haien senideak ere zigortu zituzten garaiarena. Izan ere, politika horrek eragindako gastu ekonomikoei aurre egiteko, familiei elkartasuna adierazteko eta egoera salatzeko sortu zen ekinaldia, 1999an. 24 urte joan dira geroztik, baina modu berean aritu dira antolatzaileak urterik urte: alegia, auzolanean. «Lehen urteetan, lau lagun besterik ez ziren, eta gaur egun, hamazazpi lantaldetan gaude banatuta», esan du Nekane Madariaga antolatzaileak. Urte osoan ehun lagun inguru aritzen dira hamazazpi lantalde horietan, betiere boluntario. Egunean berean bostehun lagun behar izaten dituzte jaialdiak eskatzen dituen zeregin guztiak betetzeko. Besteak beste, sukaldean, barran, segurtasunean eta oholtzako lanetan. Madariagak azaldu duenez, «ez da batere erraza hainbeste lagun erakartzea lanerako, baina azkenerako beti lortzen da». Hain zuzen ere, halako jendetza batu ahal izatea da «ekimenaren alderdirik politena», batetik kopuruagatik, baina bestetik «pertsona oso ezberdinak elkartzen direlako, bai pentsamoldez, bai eta musika gustuz ere».

Saltzeke gelditu diren sarrera apurrak leihatilan jarriko dituzte bihar, 15:00etatik aurrera, 25 euroan. Iaz bezala aurten ere, jaialdia espetxeetatik entzun ahal izango da, Hamaika Telebistaren bitartez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.