Kritika. Musika

«Hau da benetan bizitzea!»

Marta Garcia
2026ko apirilaren 12a
04:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

euskadiko orkestra

Zuzendaria: Juraj Valcuha. 

Pianoa: Nikolai Lugansky. 

Egitaraua: A. Liadoven Laku sorgindua, S. Rachmaninoffen Piano eta orkestrarako 3. kontzertua eta B. Bartoken Orkestrarako kontzertua. 

Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. 

Eguna: apirilaren 10a.

 

Kontzertua amaitu eta esaldia barren-barrenetik atera zitzaion nire alboan eserita zegoen emakumeari. Tarte batez hitz egin genuen, atsedenaldiaren ostean nire besaulkira itzuli nintzenean, eta kontatu zidan piano ikasketak Donostian eta Alemanian eginak zituela, gazte zela. Begietan sumatzen zitzaion Nikolai Lugansky bezalako pianista bikaina zuzenean ikusteak eragiten zion zirrara. Solasaldi txiki bat nahikoa izan zen konturatzeko biak bat gentozela errusiarraren tasun funtsezko bat nabarmentzean, notak jotzeko ez ezik musika egiteko funtsezkoa: fraseatzea. Norabidea argi eta esaldi amaierak zainduz, «hitz egiten dugunean bezala», zioen berak. Are gehiago, kontuan hartuz Rachmaninoffek berak esan zuela pianoaren lehen gaiaren helburua «abeslari batek egingo lukeen moduan melodia bat pianoan abestea» zela. Ez da erraza, noski, naturaltasuna erdiestea teknikoki hain exijentea den partituran, bere ehundura trinko, polifonia konplexu eta aldibereko zortzidunekin. Baina Luganskyk egin zuen, eta orkestrak fin lagundu, eta guztiok pozez txalotu.

Aurretik, Anatoli Liadoven Laku sorgindua magikoak aukera eman zigun Juraj Valcuharen gidaritza sendoa atzemateko, konpositorearen hitzetan «soilik natura; hotza, maltzurra eta maitagarri-ipuin bat bezain fantastikoa» den horretan murgilduz. Itxurazko estatismoa da nagusi eta, aldi berean, koadroa mugimenduan dagoelako sentsazioa zabaldu zen. Atsedenaldiaren ostean, Bela Bartokek exilio estatubatuarrean idatzitako Orkestrarako kontzertua-n, musikariek sekzio bakoitzaren luzimendurako pentsatutako obra baliatu zuten kontzertuaren lehen zatian azaleratutako fintasuna garatzen jarraitzeko. Bereziki nabarmenak izan ziren bigarren mugimenduan nagusi den bikote-jolasaren gardentasuna, Intermezzo interrotto-ak aurkezten duen sarkasmoan behar den zehaztasun erritmikoa, Valcuhak histrionismorik gabe erakutsi ziguna, eta azken kodaren erabateko baieztapena. Ziurrenik arrazoia zuen nire alboko emakumeak: benetan bizitzeko aukera izan genuen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA