Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna da gaur, apirilak 2, eta IBBYk (International Board on Books for Young People), urtero bezala, testu bat eta kartel bat zabaldu ditu ospakizun hori gogoratzeko. Galtzagorri Elkartea arduratu da mezua euskaratu eta Euskal Herrian zabaltzeaz. Siobhan Parkinsonen Gutuna munduko haurrentzat da aurtengo testua; kartela Niamh Sharkey ilustratzaileak egin du.
Horrez gain, ohi bezala, Euskal Herriko hainbat liburutegik bat egin du egun horrekin. Bizkaian: Bilbo, Getxo eta Iurreta; Gipuzkoan: Donostia, Itsasondo, Eibar, Tolosa, Arrasate, Errenteria eta Usurbil; Nafarroan: Leitza, Ziordia eta Iruñea. Tokian tokiko udal liburutegiek jarduera bereziak antolatu dituzte, eta bat egin dute IBBYk eta haren bidez Galtzagorri Elkarteak egun honetan zabaldu nahi duen mezuarekin.