Hazten jarraitzen du erraldoiak

Hamahiru kategoriatako hautagaitzak eskuratuta, Goya sarietarako faboritoa da 'Handia' filma

Eneko Sagardoik aktore berri onenaren saria eskura dezake Migel Joakin Eleizegi Handia-ren rolagatik. BERRIA.
Maialen Unanue Irureta.
2017ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
«Inor ez da etengabe hazten». Hala esaten dio Handia filmean Juan Martin Eleizegik anaia Migel Joakin Eleizegi Handia-ri, Joseba Usabiagaren pertsonaiak Eneko Sagardoirenari. Baina Altzoko Handia etengabe hazi zen bizi zen artean, eta hazten jarraitzen du etengabe erraldoiaren itzalak ere, irailean Donostiako 65. Zinemaldian estreinatu zutenetik: Goya sarietarako hamahiru kategoriatarako hautagaitzak lortu ditu. Eta, gainera, izendatu guztien artean, hautagaitza gehien Handia-k lortu ditu: otsailaren 3an banatuko dituzte sariak.

Jon Garañori deitu, eta itzalia du telefonoa; Aitor Arregiri deitu, eta berdin. Bost bat aldiz. Irusoinen eta Moriartin ekoizle ari den Xabier Berzosari hurrena: piztuta. Ondoan ditu Arregi, Garaño eta Jose Mari Goenaga gidoigilea, besteak beste: elkarrekin jarraitu dute agerraldia. Arregi: «Pixka bat urduri geunden, eta, badakizu, notizia onak zein txarrak taldean hobeto jasotzen dira. Bertan geunden hainbat taldekide izendatuak izan gara: bakoitzarekin besarkadak eman dizkiogu elkarri eta, aldi berean, 'itxoin, itxoin, ea hurrengoan zer esaten duten!' [barreak]: oso polita izan da».

Errekonozimendua eta taldea terminoak hitzetik hortzera darabiltza Arregik. «Hamahiru izendapenekin ez zara ari aktore bat edo argazki zuzendari bat errekonozitzen, taldea osoa baizik, eta inportantea da hori guretzat». Honako izendapen hauek lortu dituzte: pelikula onena (Irusoin, Moriarti, Kowalski Films eta Aundiya Film AIE), zuzendari onena (Arregi eta Garaño), jatorrizko gidoi onena (Arregi, Andoni de Carlos, Garaño eta Jose Mari Goenaga), jatorrizko musika onena (Pascal Gaigne), aktore berri onena (Eneko Sagardoi), produkzio zuzendaritza onena (Ander Sistiaga), argazki zuzendaritza onena (Javier Agirre Erauso), muntaketa onena (Laurent Dufreche eta Raul Lopez), zuzendaritza artistiko onena (Mikel Serrano), jantzi diseinu onena (Saioa Lara), makilaje eta ile apaintze onena (Ainhoa Eskisabel, Olga Cruz eta Gorka Agirre), soinu onena (Iñaki Diez eta Xanti Salvador) eta efektu berezirik onenak (Jon Serrano eta David Heras).

Ez zuten «inondik inora» espero Handia-k halako arrakasta izatea, eta, are gutxiago, izendapen gehien lortu duen filma izatea, «kinielatan» egon arren. Eta, pozgarria izanik ere, alde txarra ere baduela ohartarazi du Arregik: «Ez baduzu ezer lortzen, galtzaile nagusia izateko arriskua ere hor dago. Baina, guretzat, garrantzitsuena izendapena da: izendapenak errekonozimendua dakar berekin. Gero zer gertatuko den ez dago jakiterik. Departamentu bakoitzak ordu eta lan andana eskaini dio filmari, eta horien lana errekonozituta ikusteak bete egiten gaitu».

Filmak, bere ibilbide laburrean, hiru mugarri izan ditu, Arregiren ustez. Lehena, Zinemaldiak hautatu izana, han estreinatzeak «fokua» jartzen baitio pelikulari: handik indartuta atera zen, gainera, epaimahaiaren saria eta Irizar saria jaso baitzituen. Bigarrena, areto komertzialetako estreinaldia: «Bikain joan zen». Eta, hirugarrena, Goya sarietarako hamahiru izendapenak.

'Nur' ere, izendatuen artean

Hamar hilabete eman zituzten pelikula editatzen, eta «momentu askotan» ez zeukaten «batere garbi» zer aterako zen hortik, Arregiren esanetan: «Presio handia geneukan, hau kendu, hau jarri...». Izan ere, asko zaintzen eta lantzen dituzte detaileak: «Niretzat, detaileetan dago gakoa: ez du balio edozer gauzak. Ez dit balio denbora gutxi geratzen zaigulako edozerekin aurrera egiteak». Horiek ematen diote «osotasuna» pelikula bati, eta Handia-ren kasuan hori «muturrera» eraman dutela dio: hala, bermatu nahi izaten dute zehazki grabatzen ari direla gero filmera eraman nahi duten hori. «Motel joaten da [prozesua], baina horrek horrela izan behar du pelikula on bat egiteko, edo horretan saiatzeko, behintzat».

Arregiren ustez, «oso muturrekoa» izan daiteke zinemagintza: «Inporta zaizu edo ez zaizu inporta: inporta bazaizu, muturreraino sartzen zara». Horrek dakarren presioa taldean eramatea «errazagoa» da, eta hala egiten dute lan haiek, hain zuzen: «Sorkuntza prozesua oso gogorra da, baina talde lanean egiten dugunez, eramangarriagoa da».

Juanba Berasategi zenaren Nur eta herensugearen tenplua lana ere Goya sarien izendatuen artean dago, animaziozko film onenaren kategorian. Alberto Iglesias, berriz, jatorrizko musika onenaren kategorian lehiatuko da, La cordillera filmarentzat egindako musikagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.