«Gora Liga Komunista Iraultzailea!». Horixe oihukatu zuten Aitor Etxarte Berezibarren hiletan, orain bost urte. Baina okertu egin ziren: Etxarte ez baitzen LKIko militantea, Komunisten Ligakoa baizik. Halaxe argitu zion aitaren kide batek Hedoi Etxarteri, eta elkarrizketa hura izan zen Izen baten promesa liburua idazteko abiapuntua. «Orduan jabetu nintzen, funtsean, ezezagun bat zela niretzat, ez nekiela aita izan aurretik nor izan zen, eta, beraz, ezin nuela jakin nor izan zen gure aita izan zenean ere». Aitor Etxarte ezagutzeko asmoz idatzi du Hedoi Etxartek bere lehen nobela, ez-fikziozkoa; halere, aitortu du ez duela nahi beste erantzun jaso. Besteak beste, militante antifrankista izan zen haren aita eta, hain justu, Francoren heriotzaren urteurrenean aurkeztu du liburua, Donostian, Leire Lopez Susa argitaletxeko editorearekin batera.
Atalka bereizita dago lana: 27 atal ditu guztira, eta atal bakoitietan idazleak aitaren heriotzak eragindako pentsamenduak idatzi ditu; batzuek doluari buruz dihardute, eta beste batzuek ez zuzenean. Hizpide diren hainbat gai aipatu ditu editoreak: «Oinordetza, nola eragiten digun familia jakin batean jaiotzeak, aitaren ospitalizazioa, hildakoekin dugun lotura, literatura bera, troskismoak Euskal Herrian egin duen bide ezezaguna...». Aldiz, atal bikoitietan, lehen pertsonan mintzo dira Aitor Etxarteren gaztetako lagunak, militantzia kideak zein maitaleak. «70eko borroka politikoaz eta Aitor gazteaz ari dira nagusiki», zehaztu du Lopezek. «Frankismoa, militantzia politikoa, artea, sexu desira eta harreman askeak, gurasoen mundua apurtzeko nahia, poliziaren indarkeria, emakumeen greba ahaztuak eta abar». Zera gaineratu du: «Elkarrizketa politiko moduko bat dago hildakoekin, mundua zegoen bezala onartu nahi ez zuten pertsona horiekin».
«Nik liburuetatik eta liburuez hitz egitetik ikasi dut. Nobelan hori dago: nola ikasi dudan dolua egiten eta zerk balio izan didan, eta noraino. Baina bereziki pertsonak daude, pertsonaiak. Haiei esker ezagutu dut Aitor»
HEDOI ETXARTE Idazlea
Informazioa eta testigantzak biltzeko, azken bost urteetan Aitor Etxarteren haurtzaroko lagunekin elkartu da haren semea; baita gaztaroko ikaskideekin, bikotekide edo maitale izan zirenekin eta militantziako kideekin ere. Hala, «Aitor» ezagutzen lagundu dioten pertsonekin elkartu, eta istorioa osatzen lagundu dioten pertsonaiak sortu ditu; liburuan ezizenekin identifikatuta ageri dira. «Nik ez dut uste liburu bakar batean dagoenik egia, baina uste dut liburuetan dagoela. Nik liburuetatik eta liburuez hitz egitetik ikasi dut. Nobelan hori dago: nola ikasi dudan dolua egiten eta zerk balio izan didan, eta noraino. Baina bereziki pertsonak daude, pertsonaiak. Azken bost urteetan ezagutu ditudanak. Haiei esker ezagutu dut Aitor». Izenek zeresan berezia izango dute liburuan, Etxarteren familian bertan zeresana izan baitute. Idazleak aitortu du aita hil ondoren hasi zaiola Aitorri aita esaten.
Dena den, aspaldi hasi zen Etxarte bere lehen nobela idazten; kontatu baitu pasarte batzuk aita bizirik zela idatzi zituela. Hala definitu du lana: «Liburu hau barne solasaldi bat da: bizitzei buruzkoa, bizitzaren zentzuari buruzkoa zuztarreko aldaketen ostean. Iragana berrirakurtzeko ariketa bat da: iragana idatzi, berridatzi eta asmatzeari buruzkoa».
Bi belaunaldi
Bi heriotza, bi garai: batetik, diktadorea hil eta 70eko hamarkadako politika iraultzaileen garaia. Bestetik, Etxarteren heriotza —COVID-19aren eraginez—, eta idazlearen ondorengo doluaren garaia. «Nobela hau ez da gaurko borrokei buruzko liburu bat», argitu du Etxartek, eta esan du, «tamalez», ez duela masa proletarioaren gaineko itxaropenik ematen. Kontrara, mamuei buruz hitz egiten du, «Marxen mamuei» buruz: «gauaren mamua, itxaropenarena, angustiarena edo bakardadearen mamua» daude oinarrian. Baita grina ere, «talde baten parte izateak» sortzen duena. Finean, historia liburuetan kontatzen ez dena azaldu nahi izan du idazleak: ezkutuan gelditu ohi diren pertsonei buruzko harremanak kontatu eta «bizitzaren gaizki-ulertuak» azaleratu ditu.
«Liburu hau barne solasaldi bat da: bizitzei buruzkoa, bizitzaren zentzuari buruzkoa zuztarreko aldaketen ostean. Iragana berrirakurtzeko ariketa bat da: iragana idatzi, berridatzi eta asmatzeari buruzkoa»
HEDOI ETXARTE Idazlea
Hortaz, liburua idazteko iraganari erreparatu dio Etxartek, baina esan du ez duela izan orain 50 urte gertatu ziren gauzak idealizatzeko asmorik. Dena den, ideia hori deusezta dezakeen bulkada bat ere sentitu du: «Oso argi gelditu zait kontrara ibili zen jendeak ezinezko gauza asko egin zituela». Historia maiz korapilatu egiten da, eta badaude atenporalak izan daitezkeen auziak egilearentzat; liburua zeharkatzen duen askatasunaren gaia, kasurako. Hala, idazleak esan du ez duela sinisten «lehengo garaietan hobe, orain gaizki edo lehen bai, orain ez» moduko dikotomietan.
Askotariko argazkiak ageri dira liburuan, eta Aitor Etxarte berarenak dira horietako batzuk. Gainera, dokumentu historiko esanguratsuek ere badute lekua Izen baten promesa nobelan; hala nola Oteiza Museoko artxibotik, Nafarroako Museotik, Durangoko Udal Artxibotik (Bizkaia) edo Iruñeko Udal Artxibotik eskuratutakoak.