Hegaldi betean diren buruak

Erika Elizarik estreinako nobela plazaratu du: 'Zendabalitz'. Duela bi urte Igartza literatur beka irabazi ostean ondu du «gehiegi pentsatzeari buruz» hitz egin nahi duen lan korala

Erika Elizari idazlea, Zendabalitz nobela eskuetan hartuta, atzo, Donostiako Parte Zaharrean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2020ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Hegaldi baten kronika. Horixe kontatzea zuen buruan Erika Elizarik (Hernani, Gipuzkoa, 1988) Igartza literatur lehiaketara aurkeztu zenean, duela bi urte, CAF enpresak eta Beasaingo Udalak (Gipuzkoa) Elkarrekin batera antolatzen duten literatur lehiaketaren XXI. aldira. Irabazi egin zuen sariketa nobela proiektu harekin, eta atzo aurkeztu zuen emaitza: Zendabalitz. Eleberri koral baten forman eraiki du kontakizuna, eta emaitza oraindik ere «hegaldi gorabeheratsu baten kronika bat» dela berretsi du: hori, ordea, aitzakia bat baino ez dela dio: «Zenak, denak eta litekeenak sortzen dizkigun buruhausteei buruzko lan bat da». Eta hortik izenburua.

Haurrentzako istorioak idatzi izan ditu Elizarik —batik bat Txirri, Mirri eta Txiribiton pertsonaien ingurukoak—, baina orain artean landu gabea zuen helduen literatura. Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasketak egin zituen, eta urteak egin ditu telebistan lanean. Hala, sormena batez ere «bideogintzara» bideratu izan duela azaldu du. Istorio hau buruan bueltaka hasi zitzaionean, baina, irudiz bainoago idatziz errazago kontatu ahalko lukeela iruditu zitzaion, eta horrela pentsatu zuen lehiaketara aurkeztea.

Paristik Bilbora doan hegaldi bat da Zendabalitz-en datorrena. Charles de Gaulle aireportuan aireratu eta Loiun lur hartzen duena. Ehun bidaiari joango dira hegazkinean, baina zazpirengan jarri du fokua Elizarik. Haien bitartez kontatuko ditu hegaldian gertatuko diren ezustekoak, baina batez ere momentu horretan bidaiarien euren buruetan pasatuko dena kontatzen ahalegindu da. Hauek dira bidaiariak: Elene, segurtasunik ezak ezkutatzeko «moderno plantak» egiten duen neska gaztea; Gabriel, banketxe bateko zuzendari ohia, erretiro aurreratua hartu berri duen gizon ozpina; Paule, lan elkarrizketa batetik bueltan datorren eta haurdun dagoen gaztea; Xabier, ardura oso ondo kudeatzen ez duen pilotua; Enara, Parisera lan bidaia batera joan dela esan duen baina egiaz plazerez bidaiatzera joan den enpresaria; Malox, 60 urteren bueltako andrea, duela bi urte alargundu zena eta beheak jota segitzen duena; eta Sukaina, bere burua oso segurutzat duen gaztea. Sukainaren eta Eleneren arteko interakzioak indartsuak izango dira istorioan, baina, oro har, pertsonaia guztiak nolabait gurutzatzea izan du helburu Elizarik.

Atalka egituratu du kontakizuna, pertsonaiak tartekatuta eta atal bakoitzean hegaldiaren ordua, hegazkinaren kokapena eta pertsonaiaren eserlekua ere zehaztuta. «Irakurleari jolas bat planteatzea ere izan da asmoa eta zalantza asko sortu dizkidan kontua. Baina arriskatu nahi nuen. Modu kronologikoan, pertsonaia bakoitzak bere ataletan hegaldiaren pista bana ematen du; denaren berri daukagu bakoitzaren ikuspegiaren arabera».

Hegaldi berean joateaz aparte, bada pertsonaiak batzen dituen beste hari bat: «Buruari gehiegi eragiten diotela». Hori izan da, hain zuzen, Elizarik nobelarekin landu nahi izan duen gaia. «Ez nuen hobetsi nahi asko edo gutxi pentsatzea, besterik gabe hori azalarazi nahi nuen». Bere buruarekin etengabe eztabaidan dagoen pertsona bat dela aipatu du idazleak, eta «merezi du?» galdera helarazi nahi izan diola irakurleari. Horri keinu egiten dion aipu batekin ireki du liburua, Izaro kantariaren hitzekin: «Sinistu nahi dut denok dugula errotuta kaosa, hura maitatzen ikastea ote da bizi honetan poza?». Elizari: «Nik gutxien pentsatuta egin ditudan gauzek eman didate askotan ilusio eta poz handiena. Ez diot hori denik bidea, baina batzuetan off egin beharko genuke».

Tonuari lotuta, «egin ezin diren aitorpen horietako bat» gehitu du egileak: «Asteburuetako telebistako filmak asko gustatzen zaizkit. Nahiz eta badakidan zer gertatuko den, oso ondo pasatzen dut, eta uste dut horren kutsu bat bai nabari daitekeela liburuan».

Deialdi berri bat zabalik

Joxe Begiristain CAF enpresako euskara arduraduna eta Aitor Aldasoro Beasaingo alkatea ere izan ziren atzoko aurkezpenean, Donostiako Elkar dendan. Pozik agertu ziren biak sariketa «osasuntsu» ikustearekin. Gogora ekarri zuten irekita dagoela Igartza lehiaketaren beste deialdi bat , eta ekainera bitartean jasoko dituztela lanak. Irati Goikoetxea iazko sarituak, bestalde, datorren urtean aurkeztuko du bere lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.