Batzuetan, begiak estalita posible da benetan ikustea. Iluntasunak entzumenari ateak parez pare irekitzen dizkio, ukimenari bidea egiten dio, eta barruan dabiltzan ahotsak ozenago eta argiago entzuteko modua izaten da. Iluntasun horretan murgiltzera gonbidatzen du, hain zuzen ere, Hegan egiteko gogoa da antzezlanak: begiak estalita beste zentzumenekin mundua berriz deskubritzeko eta, akaso, besteengana iristeko modu berri bat aurkitzeko proposamen bat da. Piszifaktoria Ideien Laborategiak sortutako obra bihar iritsiko da lehen aldiz oholtza gainera —edo, hobeto esanda, eremu eszenikora—. Leitzako herri aretoan (Nafarroa) izango dute lehen emanaldia, eta ondoren beste bi egingo dituzte: martxoaren 18an Errenteriako Lekuona Fabrikan (Gipuzkoa), eta martxoaren 25ean Bilboko Azkuna zentroan.
Obra berezia da, ikusmena ez beste zentzumen guztiekin bizitzeko pentsatuta baitago. Ikusmen arazoak dituztenentzat guztiz irisgarria da, eta ikusmena dutenek, berriz, begiak estalita biziko dute ia emanaldi guztia. Sortzaileen helburua argia da: publikoak inguruan dagoen hori beste modu batean entzutea, ukitzea eta sentitzea.
Piszifaktoriako kide eta antzezlanaren dramaturgoa da Mikel Ayllon, eta, hark kontatu duenez, publikoaren rolarekin jostatzea izan da betidanik konpainiaren asmoa. «Ez dugu nahi publikoa publiko hutsa izatea. Izan dadila protagonista, senti dezala bere burua istorioaren barruan». Publikoak protagonismo hori hartzeak sortzen duen efektua guztiz erakargarria da konpainiarentzat, batez ere «ardura moduko bat» hartzen duelako obrarekin.
Ikusteko aukera kentzea, hain zuzen, horretarako bidea da: «Irudiak sarritan toki pasibo batean jartzen gaitu; zerbaiten aurrean gaude, begirada leku jakin batera bideratuta», azaldu du Ayllonek. «Ikusmena kenduta, gainerako zentzumenek inguratzen gaituzte: soinuak edozein tokitatik etor daitezke, eta erdigunean kokatzen gaituzte».
Eromenaz eta estigmez
Antzezlanaren ardatza buru osasuna da, «puri-purian dagoen gai bat». Osasun mentalari lotutako errealitateak beste modu batean bizitzeak nolabaiteko «bertigoa» sortuko dio publikoari, eta erotzearen ideiez eta estigmez sortzen diren galderak izango dituzte hizpide antzezlanean. Gai horiek denak ikusmenik gabe bizitzeak are gehiago lagunduko du haiek ulertzen, Ayllonen arabera. Adibidez, eskizofreniaren gaia jorratuko dute, eta «ahotsak buruan entzute horrekin» lotutako esperientziak azalduko: «Ikusmena kentzeak laguntzen du ohituta ez gauden plano batean jartzen, eta hortik beste errealitate batzuk ulertzen saiatzen».
«Ez dugu nahi publikoa publiko hutsa izatea. Izan dadila protagonista, senti dezala bere burua istorioaren barruan»
MIKEL AYLLON Piszifaktoria Ideien Laborategiko kidea
Helburua, baina, ez da soilik deserosotasuna sortzea, hortik «enpatia» bideratzea baizik. Lanaren izenburuak berak ere horrekin du zerikusia: «Normaltzat hartzen ez ditugun gauzak sentitzen ditugunean, lehen erreakzioa beldurra edo mesfidantza izaten da», azaldu du Ayllonek. «Baina guk kontrakoa proposatzen dugu: bertigoa bada, hegan egiteko gogoa ere bada. Besteengana hurbiltzeko aukera bat».
Publikoa, benetako motorra
Antzezlana gehienez 40 lagunentzat pentsatuta dago, eta ezinbestekoa da publikoa parte hartzeko prest egotea. Horregatik, martxoan egitekoak diren hiru saioak nolabaiteko «aurrestreinaldi biziak» izango dira, maiatzean Leioako Umore Azokan (Bizkaia) egingo duten estreinaldi nagusiaren aurrekoak.
«Oso zaila izan da eta izaten ari da lan hau egitea, benetako protagonista publikoa delako», aitortu du Ayllonek. «Guk entseguetan gauza batzuk probatu ditzakegu, baina beste asko ezinezkoa da egitea jenderik gabe». Horregatik, sortze prozesua pixkanaka osatuz joan dira, jendearekin egindako proba saioen bidez, eta publikoaren erantzunak berak moldatuko du azken emaitza. «Inongo obra ez da noiz erabat amaitutzat ematen, baina hau are gutxiago: benetan publikoa aurrean dagoenean sortzen da obra».
Irati Agirreazkuenaga eta Ayllon bera izango dira lanaren protagonistak publikoarekin batera. Dramaturgia Ayllonek berak eta Amaia Garatek sortu dute, eta prozesu horretan «bi bide paraleloan» joan dira: Ayllonek testua landu du, eta Garatek, materialtasuna eta espazioa. Biek ala biek galdera batzuen inguruan ondu dute testua: «Nola piztu ukimena? Nola kontatu istorio bat entzumenaren bidez?».
Antzezlana zentzumenak pizteko gailu eta materialez osatutako instalazio eszeniko baten barruan egiteko prestatu dute, eta lanarentzako bi formatu landu dituzte: areto barrurakoa eta kalerakoa. Kalean, tokia libreagoa izango da, eta ingurua bera esperientziaren parte izango da. «Gure asmoa da obra kaletik labaintzea eta leku bakoitzean dauden elementuak integratzea».