Gotzon Barandiaran Arteaga.

Hegan egiteko protokoloa

2025eko abuztuaren 3a
04:30
Entzun 00:00:0000:00:00
Gotzon Barandiarenen 'Hegan egiteko protokoloa' narraziorako ilustrazioa
EXPRAI

Ikusi nuen azken egun hartan odolak utzi ditzakeen arrasto ezberdinez aritu zitzaidan. Alde handia zagok odolak lur bustian uzten duen arrastoaren eta asfalto zabaldu berrian uzten duenaren artean. Zer esanik ez odola mendeetan urtu gabeko elur gainean aurkitzen bada. Odolak ez dik berdin jokatzen. Ez dik bere gorritasuna berdin mantentzen. Ezberdintasunak antzemateko gakoa altuerak eta txoriek eman ziotela kontatu zidan. Ornitologia ikasketak bukatuta unibertsitatean lanean hasteko tesia ontzen ari zela aurkitu zuen, ustekabean. Interneten informazio bila ari zela, letoniar batek hegaztiek uzten duten odol arrastoak erori diren altueraren arabera sailka daitezkeela frogatu zuela irakurri zuen, horretarako munduko leku askotatik bidaiatu zuela eroritako hegaztien odol arrastoak aztertzen. Lurra odol arrastoz beterik zagok, errepikatzen zidan, milioika izaki bizidunen odol arrastoz betea. Are, mundua odol arrastoz osatutako flyscha dela, hasi ozeano sakonetako orogeniatik eta Alpeetako tontorretaraino. Eta nire hipotesia duk, hegan egiteko protokolo bat adostuz gero, askoz gutxiago eroriko ginatekeela edo, bederen, ez lurretik horren urrundik, eta orduan, ornitologiak bere garrantzia berreskuratuko lukeela komunitate zientifikoan eta iritzi publikoan eta horrek ukaezinezko ongizatea lekarkiokeela mundu honetako biztanleen gehiengoari, uste baitiat munduaren salbazioa pertsonok hegan egiteko gaitasuna garatzean datzala. Hor zagok gakoa, transespeziean. Udako bazkaloste sargoria zen elkar ikusi genuen azken eguneko hura. Langile auzo bat, jatetxe horitu bateko terraza, menu merkea, zuhaitzik gabeko hiri batean, zazpi solairuko etxebizitzez inguratutako plaza hutsean. Txolarreak ausarki hurreratzen ziren guk utzitako ogi birrinez asetzera, plateretaraino, gu, bertatik bertara, begira geundela. Lotsagabeak direla entzuten dudan bakoitzean sutu egiten nauk, Biziraupena duk, ez besterik. Dena lapurtu zieagu eta nahi ez dizkiagun ogi papurrak jaten dituztelako kexatzen gaituk. Txoria txori kantatzen diagu gero, eta nik txoria nuen maite, kakaputza. Hipokrita galantak. Nik nahiago dinat Hegal egiten, erantzun nion. Hori da, Hegal egiten, oraintxe esan duk. Badakik horri zelan deritzon? Transespeziea. Batzuek pertsona baten gorputzean gatibu dauden animaliak direla sentitzen ditek. Hegal egiten kantako protagonistak, adibidez. Ikusi duk Birdy filma? Alan Parkerrek zuzendu zian 1984an, William Wharton idazlearen izen bereko nobelan oinarrituta. Itoizen Hegal egiten 1985ekoa duk. Nire ustez, Atxagari film horrek sorrarazi zion letra. Protagonista nagusiak, Vietnamgo gerran bizitakoen eraginez, pertsona izateari utzi eta txori bihurtzea erabakitzen dik. Lagun min batek baino ez dik horrenbeste gorroto duen mundura lotzen. Hirutan ahaleginduko duk hegan egiten. Lehenengo bietan, ez dik lortzen. Hirugarrenean lortu duen jakin gabe amaituko duk filma. Nire irudimenean hirugarrenean aurreko bietan baino goragotik ahaleginduko duk, demagun psikiatrikoko kanpandorretik, zeina izan zitekeen etxe horren zazpigarren horren parekoa. Eta arrastoa utziko dik, burdeos kolorekoa. Begira, begira horra behera, ikusten duk? Lurra bustirik dagoela dirudi, ezta? Ba ez duk euriak busti duelako. Eta ez duk autobusak galtzen duen gasolio orbana, ezta lehen solairukoak gauerdian leihotik behera botatako olioa. Garaiera eta kolpea behar dizkik arrasto batek irauteko. Kolperik gabeko odola atoan desagertzen duk.

Argiro gogoratzen dut hontz-zuriarenak baino handiagoak zituela begiak eta ahotsa belatzaren antzera goratzen edo beheratzen zuela kontakizunak eskatzen zion konpasarekin bat. Begonia morez eta krabelin zuriz estanpatutako alkandoraren lepokotik atzera sartzen zituen eskuak, hazka egin eta bularra aurreratu eta besoei atzera eragiten zien. Kafea trago laburretan hartu eta ahoan atxikitzen zuen, irentsi aurretik. Isiluneekin ere akordatzen naiz. Ez zen bere ezaugarrietarik behinena isilik egotea. Aspaldian elkartu gabeak ginelako izango zen, akaso, sargoria izango zen, bestela. Akordatzen naiz luze egin zitzaizkidala eraikin artean ikus zitekeen zeru txatalari begira eman zituen une haiek. Halako batean, Endurance aipatu zidan. Gogoan duk Endurance?. Shackletonen itsasontzia, Antartika parean hondoratu zena? Bai, gogoan dinat. Ez dinat egundo ulertu zergatik itzultzen zen Shackleton hori behin eta berriz Antartikara. Ez, ez nauk itsasontziaz ari, senarrak egunero jipoitzen zuelako balkoitik salto egin zuen emakume nigeriarraz ari nauk. Ez, ez dinat gogoan. Umedun zegoen. Badakik zenbat hegaztik egiten duten hegan umedun direla? Ez, ez zekinat. Eta badakik hegazti batzuek ez dutela inoren beharrik ernaltzeko? Hori ere ez zekinat. Eta nola demontre ikasi nahi duk hegan? Nik ez dinat hegan ikasi nahi, aspaldi ikusi gabeko lagun batekin bazkaltzera etorri naun, besterik ez. Eta gogoan duk Amaia Egaña? Etxez desjabetu behar zutelako egin zian salto. Eta? galdetu nion, zer esan gura dun? Zer zerikusi din batak bestearekin, zertarako ostia deitu didan? Protokoloa adosteko deitu nian. Lehenik azaldu eta ondoren, hirekin adosteko. Hegan egiteko protokoloa. Ez duk deus ulertu, ezta?

Arratsaldeko bost eta erdiak izango ziren. Plaza erdian, emakume gazte batek, ile luze beltza mototsean bildurik, kamiseta gorria, praka bakeroak, belkrodun sandaliak eta bizkar-zorro higatu beltza soinean, eskuineko eskuan goraki eusten zuen txartela astindu eta biltzeko deia egin zuen. Hurbil zaitezte, mesedez. Eskerrik asko. Plaza honi, Antzaren plaza deritzo. Diotenez, sasoi batean, berton zegoen aintzira batera etortzen ziren antzara aldrak udaberrian eta bertotik abiatzen ziren negua heldu baino. Bizitzeko paraje ederra ei zen hau. Urte asko dira antzararik ez dela itzuli.   

GOTZON BARANDIARAN

(Larrabetzu, Bizkaia, 1974)
Bi nobela —Errotik (Susa, 2010), Gidariaren okerra (Susa, 2015)—, antzezlan bat —Hildako haurra (Susa-Ehaze, 2023)—, saiakera bat —Hitzen ahairea (Susa, 2018) eta hiru poema liburu —Arrakalak (Susa, 2004), Katamalo (Susa, 2007), Galbahea (Susa, 2024)— ditu argitaratuak. Hain justu azken liburu hori musikak lagunduta eraman berri du oholtzetara. Bihotz Bakartien Kluba taldeko kide gisa, Katamalo ikuskizuna sortu zuen 2007an, eta horretan oinarrituta disko bat ere argitaratu zuten. Horretaz gain, hainbat kultur egitasmoren sustatzailea izan da: Literaturia, Literatura Eskola, Ahotsenean eta beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.