Hegoak faltan duen iparra

Pantxoa eta Peioren azken agerpenetako batek eta Errobi talde mitikoaren taularatzeak gau giro berezia sortu zuten asteartean, Euskalduna jauregian ospatu zen Baionatik Bilbora kontzertuan.

Anje Duhalde, Niko Etxart eta Mixel Ducau, kontzertuko une batean. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Euskal Herriko kantagintzaren eta kulturaren historian Iparraldeko eragina zein garrantzitsua den baieztatu zuen asteartean Bilboko Euskalduna jauregian bildu zen publikoak. Hegoak faltan duen iparra gozatzeko aukera izan zuen. Hegoaldeko kantaririk esanguratsuenek Iparraldeko kantagintzari erreparatuta hasi baitzuten euren ibilbidea 60ko hamarkadan.

Baionatik Bilbora kontzertuan pare bat gertaera historiko jazo ziren. Pantxoa eta Peio kantariak elkarrekin kantuan ikusteko azken aukeretako bat izan zen, datorren urtetik aurrera ez baitira batera arituko. Bestalde, kantaldia bikain borobildu zuen Errobi taldearen berragerpenak. Duela 25 urte baino gehiago banandu zen talde historiko horrek euskarazko rockaren lehen harria jarri zuen 70eko hamarkadaren erdialdean. Haien musika elektrikoak oihartzun handia izan zuen askatasunaren eta kultura berrien egarri zen belaunaldi gazte oso batengan.

Gaur egun aitona den eta garai hartan gazte zen ikusle batek kontzertua noiz hasi zain zegoela alboan jesarria zuen lagunarekingogoratzen zuen nola diktadura eta trantsizioaren testuinguru politiko hartan Errobiren kontzertu asko guardia zibilen tiro hotsen artean bukatzen ziren. «Eta horrek karga berezia ematen zien Aitarik ez dut, Gure lekukotasuna eta Nora goaz abestiei».

Nostalgikoen gozamenerako, Ipar Euskal Herriko kantu eta kantari bikainak taularatu ziren. Eñaut Etxamendi (Larralde ezin izan zen etorri), Naia Robles, Erramun Martikorena, Pantxoa eta Peio, Niko Etxart, Anje Duhalde, Maialen Errotabehere, Errobi, Bidaia, Kantiruki eta Kalakan taldeak, hain zuzen.

Mikel Laboa izan zuten gogoan kontzertua hasi eta amaitzeko orduan. «Kantuz sortu naiz eta kantuz nahi bizi». Kantuz abestia jo zuen Kalakan hirukoak publikoaren txaloek erritmoa jarriz. Erramun Martikorenak Txoria txori abestuz amaitu zen emanaldia. Tranbian etxera bueltan kontzertutik irten berri zen herritar edadeduna kantari zioan bertan entzundakoak sorgindurik leihotik gauari so, «eta nik txoria nuen maite» abestuz.

Euskalduna jauregiko giroa gonbidatuak taula gainera irten ahala piztu zen. «Kanpoan euria da, eta hemen izartuta dago», zioen eskuak igurtziz zuzenekoa noiz hasiko irrikan zegoen herritarrak auditoriumeko sabaiko izarrei begira. Maider Segurola kazetariak Bidasoaz gaindiko kantuek euskal kulturan izan duten garrantziaz ohartzeko helburua zuen kontzertu honetara ongietorria eman zion publikoari eta gaueko lehen gonbidatuari. Urduri eta bakarrik —Larralde gabe— hasi zen Agur jende maiteak kantuan Eñaut Etxamendi.Jarraian Naia Roblesek Jean Baptiste Elizanbururen Maitia nun zira goxo-goxo taularatu zuen txikitan aitarekin abesten zuela gogoratuz. Erramun Martikorena ahots gabe eta barkamen eske igo zen oholtzara mendiko haizeak eztarria urratu diola azalduz, baina Primaderari kantatuz berreskuratu zuen. Kantiruki taldeak Maitatua Sobera eztiki abestu ondoren, dantzan jarri zituen publikoan eserita zeudenen oinak Irulegiko arnoari abestuz.º

Niko Etxartek Goizian argi hastian abestu ondoren, Pantxoa eta Peiorekin batera ikusleekozen kantatu zuten Kanta zak euskalduna eta Batasuna. Anje Duhaldek, kantu berri bat abestu ondoren, Errobiren Gure lekukotasuna, Nora goaz, Eperra eta Kantuz gogoratu zituen Mixel Ducaurekin. Eta, amaitzeko, Oi ama Eskual Herria abestu zutenhogei abeslariek giro hunkigarria sortuz. Baionatik Bilbora martxoaren 11n izango da Donostian, Kursaalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.