«Hegoaldeko kultur sistemak ez du Iparraldeko literatura behar bezala ezagutzen»

Ipar Euskal Herriko ipuingintzaz solasean aritu dira Itxaro Borda, Ur Apalategi eta Xan Idiart, Aldekoa Ipuin Literarioaren Nazioarteko Jaialdian. Muga administratiboez eta ipuingintzaren ezaugarriez mintzatu dira hiru idazleak.

Xan Idiart, Itxaro Borda, Ur Apalategi eta Irati Majuelo, gaur, mahai inguruan. RAUL BOGAJO / FOKU
Xan Idiart, Itxaro Borda, Ur Apalategi eta Irati Majuelo, gaur, mahai inguruan. RAUL BOGAJO / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2026ko martxoaren 11
16:53
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ipar Euskal Herriko literatura eta ipuingintza, gaur. Izenburu soil bat dirudi, baina galdera asko gordetzen ditu barruan. Ba al dago halakorik, benetan? Ba al dago Ipar Euskal Herriko ipuingintza deitu daitekeen zerbait? Edo, besterik gabe, euskaraz idatzitako literaturaren parte da, mugek baino gehiago hizkuntzak lotzen duena? Galdera horien inguruan mahaiaren bueltan, hiru belaunaldi eta hiru ibilbide elkartu dira EHUko Micaela Portilla ikergunean, Gasteizen, Aldekoa Ipuin Literarioaren Nazioarteko Jaialdian: Itxaro Borda, Ur Apalategi eta Xan Idiart. Ikasleak ipuingintzara hurbiltzeko asmoz antolatutako topaketa bat izan da; Irati Majuelo EHUko irakasleak gidatu du solasaldia.

«Hurbildu zaitezte aitzinera, gertutasuna gustuko dugu eta». Literaturak distantzia txikiak nahiago omen ditu, eta aretoaren atzeko partean sakabanatuta dauden ikasleei zuzendu zaie Borda mahai ingurua hasi baino lehen. Gustura hartu dute aholkua gazteek, eta pixkanaka aurreko aldean esertzen hasi dira. «Ikasleak ipuingintzaren mundura hurbiltzea da asmoa», azaldu du Majuelok, solasaldiari hasiera emanez.

Hitza hartu bezain laster ohartarazi du Idiartek mahai inguruaren izenburua bera problematikoa iruditzen zaiola. Azaldu du euskarara literaturaren bidez hurbildu zela, Bordaren liburuak irakurrita besteak beste, baina inoiz ez diola egilearen jatorriari erreparatu. Idazle gisa soilik ez, irakurle moduan duen iritzia ere eman du hala, argi eta garbi: «Ez dut sekula kontsideratu Ipar Euskal Herriko ipuingintza dagoenik, ez baitut sekula mugarik ezarri euskaraz idatzia den bitartean». 

Galderari heldu dio Bordak ere, gogorarazita askotan Ipar Euskal Herrian egindako literatura ezezaguna dela Hegoaldean, nahiz eta tradizio luzekoa izan. «Lehen liburua Iparraldean atera zen, Bernart Etxepareren 1545eko Linguae Vasconum Primitiae; ondoren etorri ziren beste asko eta asko, eta XIX. eta XX. mendeetan literatur mugimendu sendoak sortu ziren». Ipuinaren tradizioa ere badela azaldu du, eta ipuinak aldizkarietan argitaratu dituela sarri— bereziki Maiatz aldizkarian— baina ez duela sekula bildumarik egin, «urrats ekonomiko handia baita».

«Ez dut sekula kontsideratu Ipar Euskal Herriko ipuingintza dagoenik, ez baitut sekula mugarik ezarri euskaraz idatzia den bitartean»

XAN IDIARTIdazlea

Apalategik osatu du testuinguru historikoa, beste izen bat gehituta: Jon Mirande. «Haren ipuingintzak ekarri zuen berritasun bat, doinu bat, atmosfera berezi bat». Gaur egungo panorama, berriz, hitz batekin definitu du: aniztasuna: «Unibertso literario oso ezberdinak daude gaur egun. Idazteko maneretan barietate handia dago». Haren iritziz, Ipar Euskal Herriko literaturaren historian badago jarraipen bat, batez ere hizkuntzan, baina «etendurak» ere badira: «Linguistikoki badago tradizio bat; literarioki, berriz, badirudi belaunaldi bakoitzak bere kabuz berrasmatu duela literatura».

Ipuinaren erritmoa

Ipuin jaialdiaren leloa ere ahotan hartu dute solaskideek— Hitzaren erritmoa—, ipuinaren ezaugarriez aritzeko. Idiarten ustez, erritmoa da ipuina ipuin izateko giltza, hasieratik «harrapatu» behar baitu irakurlea. «Eleberri bati hasieran aspertzeko aukera uzten diozu, ipuinari ez». Apalategik, berriz, ipuingintzaren eraginkortasuna azpimarratu du, genero «praktikoa» delako, «saio bakar batean irensten duzun zerbait delako». Eta metafora bat erabilita egin du konparazioa: «Eleberria maitasun harreman baten modukoa da, non kide bakoitzak esfortzua egin behar duen harremana mantentzeko; ipuina, berriz, sexu harreman baten antzera kontsumitzen da».

«Eleberria maitasun harreman baten modukoa da, non kide bakoitzak esfortzua egin behar duen harremana mantentzeko; ipuina, berriz, sexu harreman baten antzera kontsumitzen da»

UR APALATEGIIdazlea

Bordak irribarrez jaso du metafora, eta erantsi bere ustez ipuina poesiaren eta nobelaren artean egon dela luzaroan, baina gaur egun beste maila bat hartu duela. Eta metafora bat egin du hark ere: «Nobela Far West bat da; ipuina, berriz, oihan zedarritu bat». Edo beste era batera esanda, eleberria «paisaia zabala» da, norabide askotara zabaltzen dena, eta ipuina, berriz, «bide estuko basoa, trinkoa, zuzena, ebakitzailea».

Periferia eta idazlea

Beste bi galdera jarri dituzte mahai gainean: kanonek nola eragiten dute literaturaren transmisioan? Eta zergatik agertzen dira hain gutxi Iparraldeko idazleak eskola programetan? Argia izan da Borda egoera azaltzerakoan: «Azken hamarkadan gero eta leku gutxiago du Iparraldeko literaturak hemengo [Hegoaldeko] programetan». Idazlearen ustez, Hegoaldeko kultur sistemak ez du Iparraldeko literatura behar bezala ezagutzen, eta horrek sentsazio bitxia sorrarazten dio: «No man's land literario batean gelditzen gara».

«Azken hamarkadan gero eta leku gutxiago du Iparraldeko literaturak hemengo [Hegoaldeko] programetan»

ITXARO BORDAIdazlea

Euskarazko literaturari dagokionean, Hegoaldearen eta Iparraldearen arteko urruntzea ere sumatzen du Apalategik —«tristea» dela dio—, baina, hala ere, baikor agertu da azken urteetako aldaketa sozialak direla eta: «Euskaraz eta euskaratik lan egiten duen klase profesional berri bat sortu da Iparraldean, eta horrek kultur ekoizpena aberasteko balio duela uste dut».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA