Anthonyk, Totone-k, 18 urte ditu, eta bere adineko gazte baten kezkak: herriko lagunekin egingo dituen parrandak eta ezagutuko dituen neskak. Jurako eskualdean bizi da, Frantzia eta Suitza artean zabaltzen den mendigunean, eta egunak Jean-Yves eta Francis lagunekin igarotzen ditu. Gau batez, aitak kotxe istripu bat edukiko du, eta bertan hilko da. Totone 18 urteko gazte bat da, baina etxeko heldua bihurtuko da; izan ere, 7 urteko arrebaren arduradun bilakatuko da. Aitak dirurik utzi ez duenez, gazta egiteko zeukan ekipamendu txikia saldu beharko du gazteak, eta fabrika batean garbitzaile hasiko da lanean. Elkarrizketa bat entzungo du orduan Totonek, Comte gazta lehiaketa aipatzen duena. Saria 30.000 eurokoa denez, mutila martxan jarriko da, eta, gaztak egiten ez dakien arren, fabrika txiki klandestino bat muntatuko du, adiskideen laguntzaz.
Louise Courvoisier Genevan (Suitza) jaiotako zinemagile frantsesa da. Lyongo CineFabriquen ikasi zuen zinema, eta, ikasketa amaierako proiektuarekin, Mano à mano izeneko laburrarekin, Cannesko jaialdian Cinefondation saria eskuratu zuen. Vingt dieux bere lehen lan luzea da. Cannesko jaialdiko Un Certain Regard sailean aurkeztu zuen, eta eskuratu dituen sarien artean hauek nabarmentzen dira: opera prima onenaren Cesar saria eta Jean Vigo sari prestigiotsua.
Filmaren abiapuntua pertsonaia nagusia izan zen. Courvoisier Jurako eskualdean hazi zen, filmaren agertoki den ingurune antzekoan. Zinemagile gaztea 15 urterekin joan zen herritik, baina beste gazte asko bertan gelditu ziren, eta ez zuten bizitza erraza izan. Batzuk familiaren baserrian gelditu, eta nolabait moldatu zuten bizimodua; beste batzuek, ordea, erraztasun gutxi izan zituzten aurrera egiteko, egoera ekonomikoa zaila baita eskualdean. Bizitzako garai erabakigarri horretan girotu zuen zuzendariak bere istorioa, eta pertsonaien azalean eskualdekoak ziren aktore ez-profesionalak jarri zituen, ezaguna zuten errealitate bat konta zezaten.
Helduek apenas parte hartzen duten unibertso horretan, gazteen energia, ilusioa eta zaurgarritasuna eraman ditu pantailara Courvoisierrek. Gaztarotik heldutasunerako bidaia bat proposatzen du Vingt dieux-ek, eta, premisa ezaguna bada ere, kritikaren esanetan zinemagileak jakin du erabili dituen elementuak orekatzen: landa eremuan girotutako istorioa da, baina estereotipoetan erortzen ez dena; protagonistak bizitza zaila du, baina kontakizuna dramatik aldentzen da; eta tradizioak bere pisua du, baina egungo errealitatetik bizitakoa da.
'Vingt Dieux'
Zuzendaria: Louise Courvoisier. Gidoilariak: Theo Abadie, Louise Courvoisier. Aktoreak: Clement Faveau, Maiwene Barthelemy, Luna Garret, Mathis Bernard. Argazkia: Elio Balezeaux. Musika: Charlie Courvoisier, Linda Courvoisier. Generoa: Drama. Urtea: 2024. Iraupena: 90 min. Herrialdea: Frantzia. Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko da Hego Euskal Herrian.
Beste estreinaldi batzuk:

'All Shall Be Well'
Zuzendaria: Ray Yeung. Gidoilaria: Ray Yeung. Aktoreak: Patra Au, Maggie Li, Tai Bo, So-ying Hui. Argazkia: Leung Ming-Kai. Musika: Veronica Lee. Generoa: Drama. Urtea: 2024. Iraupena: 93 min. Herrialdea: Hong Kong.
Angie eta Pat 40 urtez egon dira elkarrekin. Pat ustekabean hilko da, eta Angie bikotekidearen familiaren menpe geldituko da. Biek zuten etxeari eusteko borrokatu beharko du.
'Trei kilometri până la capătul lumii'
Zuzendaria: Emanuel Parvu. Gidoilariak: Miruna Berescu, Emanuel Parvu. Aktoreak: Bogdan Dumitrache, Laura Vasiliu, Valeriu Andriuta, Adrian Titieni. Argazkia: Silviu Stavila. Generoa: Drama. Urtea: 2024. Iraupena: 105 min. Herrialdea: Errumania.
Danubio ibaiaren deltako komunitate kontserbadore batean girotua dago filma. Nerabe gay bat bere burua ezagutzen hasiko da, eta horrek talka egingo du gurasoek eta bizilagunek defendatzen dituzten balio tradizionalekin.
'Traslados'
Zuzendaria: Nicolas Gil Lavedra. Gidoilaria: Gustavo Gersberg. Ideia: Zoe Hochbaum. Aktoreak: Dokumentala. Urtea: 2024. Iraupena: 90 min. Herrialdea: Argentina.
Traslados dokumentalean erakutsi nahi izan dute Argentinako azken diktadura zer-nola aritu zen (1976-1983), metodologiarik krudel eta eraginkorrenak erabilita, herritarrak hiltzen eta desagerrarazten. Horretarako, artxibo zabala erabili du; atxilotu ohien eta espezialisten testigantzak bildu ditu, eta eszenaratze hunkigarriak erakutsi.