Pablo Zurutuzak (Donostia, 2002) 17 urte besterik ez zuela sortu zuen Mugan taldea, beste zenbait lagunekin batera. Orain 23 urte ditu, eta aldaketak izan dituzte han-hemenka, ez soilik ordutik hona taldea osatu duten partaideen joan-etorriengatik, baizik eta baita abestietan jorratzen dituzten gaiengatik ere. Gaur egun, kide hauek osatzen dute Mugan: Zurutuzak (ahotsa eta gitarra), Joseba Pastorrek (baxua), Enara Rodriguezek (ahotsa eta teklatua), Marcos Muruak (gitarra) eta Ander Muruak (bateria). Gaien aldetik, berriz, taldearen beraren gainean hitz egin izan dute orain arteko kantuetan, baina Bizitza ozen denean lan berrian bestela aritu direla kontatu du Zurutuzak: «Kanpora begiratzen saiatu garen lehen aldia izan da. Heldutasunak dakartzan arazoak aipatu ditugu, hausnarketak, ikasi beharreko gauzak, heriotzak… Funtsean, ikasi behar izan ditugun gauzen laburpen bat da».
Taldearen hirugarren lan luzea da Bizitza ozen denean, eta sorkuntza prozesua nolakoa izan den azaldu du abeslariak: «Hasieran, zortzi kantako disko bat egitea zen gure asmoa; hori buruan genuela joan ginen estudiora. Baina diskoaren ekoizle Xabier Erkiziarekin hizketan hasi, eta argi zegoen bi kanta mota zeudela». Hortaz, azaldu du euren plana zela abesti lasaiak animatuago bihurtzea, eta animatuak lasaiago, «disko uniforme bat egiteko». Erkiziak, ordea, beste zerbait proposatu zien: «Kanta bakoitzari bere lekua ematea».
«Jendeari denbora eman nahi genion zati bakoitzeko abestiak entzuteko eta gozatzeko»
PABLO ZURUTUZA Musikaria
Ekoizlearen esanei men eginda, bi zatitan banatu dute diskoa: lehenengoan, kanta lasaiak daude; bigarrengoan, animatuagoak. Lehen zatia martxoan kaleratu zuten; bigarrena, berriz, maiatzean. Banaketa horren zergatia kontatu du abeslariak: «Jendeari denbora eman nahi genion zati bakoitzeko abestiak entzuteko eta gozatzeko».
Aldaketen diskoa
Zurutuzak idatzi ohi ditu kantuen hitzak, eta etxean egiten ditu doinuen probak ere, gitarraren eta ahotsaren laguntzarekin. Hala, kantuak eginda eramaten ditu gainontzeko taldekideengana; baina, azaldu duenez, modu horretan, besteek ez dute «aukera handirik» kantuak euren gustuko egiteko. Hori dela eta, lan berrian bestela lan egiten saiatu dira. «Kantuak taldekideei erakusten nizkienean, ez nien esaten zer egingo nukeen baxuarekin edota bateriarekin». Estudioan gehitu dituzte gainontzeko instrumentuak, eta gauza «oso bereziak» irten direla kontatu du Zurutuzak.
Grabaketa prozesua ere ezberdina izan dela esan du abeslariak: «Disko bat grabatzera joaten zarenean, normalean, entseatutakoa grabatzen duzu zuzenean. Oraingoan beste modu batera egin dugu: bertan muntatu dugu set guztia, eta kanta batekin aritu gara gustura geunden nonbaitera heldu arte». Hala, prozesua luze joan dela aitortu du abeslariak, eta horrek «urduritu» egin dituela.
Edonola ere, Zurutuza pozik dago egindako lanarekin, aurreko diskoko kantuekin alderatuta oraingoak «borobilagoak» izan direlako. Adierazpen horrek atzera begira jarri du abeslaria: «Hirugarren diskoarekin hasten zarenean, badakizu nondik joan, eta argi duzu zer ez duzun berriz egin nahi. Aurreko diskoak entzuten ditudanean, badaude gustatzen ez zaizkidan gauzak, gustatzen zaizkidanak, eta faltan sumatzen ditudanak».
«Ikusi dugu musika mundua sareekin oso lotuta dagoela; dependentzia handia dago abiadura horrekin»
PABLO ZURUTUZA Musikaria
Musikagintzan igaro dituzten urte hauetan guztietan, beste gauza bat ere ikasi dute: «Presa handirik ez edukitzea. Kanta bat bukatzear gaudenean, ez bagaude konbentzituta entzuten ari garen horrekin, agian berriz hasi behar dugu, zerbait benetan ederra aurkitu arte». Hots, gauzak patxadaz egin nahi izan dituzte, eta gai hori diskoan ere jorratu dute: «Ikusi dugu musika mundua sareekin oso lotuta dagoela; dependentzia handia dago abiadura horrekin. Gu saiatzen gara sareetan mugitzen, hau da, promozioa egin behar badugu egingo dugu, baina abestietan ez dadila presa hori sartu». Azaldu du diskoaren izenburua ere hortik datorrela, «gehiegitasun horrekin lotuta» dagoela. Zurutuzak adierazi duenez, heldutasunez jokatu dute, eta, horregatik, Bizitza ozen denean «inoiz baino gehiago da Mugan».
Estudiotik oholtzara
Abuztuaren 28an emango dute hurrengo kontzertua, Elorrion (Bizkaia), eta Zurutuzak aitortu du «lana» ematen duela diskoko bi estiloak oholtza gainean uztartzeak. «Diskoa atera genuenean, esan genuen: 'Oso ondo, diskoa egin dugu, baina orain nola egin kontzertuak?'». Kontatu du kontzertuaren arabera egokitzen dutela emanaldia, hau da, lekuaren edota orduaren arabera, kanta batzuk ez dituzte abesten, esaterako. «Zorionez, kanta asko edukitzeak askatasuna ematen digu egokitzeko, eta guk aukeratzeko nolako kontzertua eman nahi dugun». Azaldu du orain, hain justu, kanta bakoitzari bere tokia ematen saiatzen ari direla.
Dena den, adierazi du taldearen kantuek beti eduki dutela puntu lasai bat, eta entzuleek ere badakitela hori. Hortaz, esker ona adierazi du jendearen erantzuna dela eta: «Guk beti esaten dugu ez garela inoiz talde handi bat izango, eta ez da hori gure helburua. Guk gauza interesgarriak egin nahi ditugu, eta gure tokitik zerbait berezia egiten saiatu. Uste dut jendeak eskertzen duela ausardia eta egia puntu hori».