‘Lau, teilatu gainean’
Testua eta zuzendaritza: Arantxa Hirigoien. Aktoreak: Aña Amestoi, Maialen Zuburu, Maite Kasirain, Elena Kasirain. Lekua: Ortzaizeko Goikoetxea Lur-untziak lantegia. Eguna: abenduaren 14a.Â
«Hemen gaude eta poztutzen naiz» abesten zuen Itoizek. Melodia horrekin, hain zuzen, bukatu zen Lau, teilatu gainean. Eta bai, «poztutzen naiz eta zein ondo», zein ona izan den gure asteburua. Larunbatean Baigorrin Altxaliliren kabaretaz gozatu ondoren, igandean Arantxa Hirigoienek paratutako antzezlana ikusi dugu Ortzaizeko Goikoetxea Lur-untziak izeneko lantegian; gainera, berrehun lagun baino gehiagok inguratuta.
Kezka ekologikoaren hizpidea umorez zipriztindurik aurkeztu digu Hirigoienek, Eneka, Lili, Ixabel eta Gabi pertsonaien bitartez. Ondo marraztuta daude, eta nork bere izaerari eusten dio joko dramatikoa aberaste aldera: influencer txolinaren, ama larrituaren, ikertzaile ausartaren eta Santiagorako bidean dabilen neskatxa jakintsu eta batzuetan desegokiaren arteko kontrapuntuak bikain funtzionatzen du. Horrela, euren elkarrizketak biziak dira, ateraldi gatzdunez baina neurtuz emanak, komeria txatxu edota errazegietan inolaz ere erori gabe.
Gure planetaren berotzea dela eta, lau lagunek Martera iristeko simulazio batean parte hartzea erabaki dute. Lau, teilatu gainean-eko argumentuak baditu, beraz, zientzia fikziozko ukitu batzuk, baina horiek ere tamainan. Bada galdera bat obra osoa zeharkatzen duena: noiz arte izango dugu gure bizilekua habitagarri? Egia esan, urteotan gaiak badu presentzia tauletan; esaterako, kezka bera jaso du AzkonaToloza taldeak bere azken obran (Cuerpos celestes), zeinetan planeta gorriaren kolonizazioa duten hizpide. Bi antzezlan hauen kasuan nik esango nuke kasualitateak ez direla existitzen, baina kezka komunak baietz, eta ikusleentzat gozamena dela ikustea arte sortzaileek nola adierazten duten modu ezberdinetan kontatu nahi digutena.
Lau, teilatu gainean-en eszenografia argiz ondo jantzita dator, eta eszena erdian paratu duten aldamioak primeran betetzen du bere funtzioa. Pertsonaiek bertan gauzatzen dituzten gora eta beherako ibilaldiek erritmo biziz hornitzen dituzte eszenen arteko trantsizioak. Hirigoienek ondo baino hobeto daki zertan dabilen eta arizaleen zuzendaritzan erakutsi digu bere teatro ezagutza. Ze aktore dira hauek? Non ikasi dute? Noiztik dabiltza taulen gainean? Kasualitatea? Ez.
Larresoron, Liginagan eta Domintxainen aritu dira aurreko emanaldietan. Bi asteburutan lau saio eskaini dituzte. Igandean oso fotogenikoak izan ziren antzeztokiaren eta publikoaren artean sortzen ziren irudiak. Jendez lepo zegoen tokia. Kasualitatea? Dagoeneko esana dut ez dudala horietan sinesten. Hemen kontua da —iruditzen zait niri— lehengoko sabaietako antzezpenak eraldatu egin direla eta egun beste formula bat atxikitzen diotela, baina, finean, antzerkia herriak herriarentzako egiten duela. Eta teatroak ekialdeko lurretan izana baduela, tradizioa baduela gauza jakina dugu, baina, asteburuan ikusitakoaren arabera, gaur ere adin guztietako ikusleen babesa ere baduela esan beharra dago. Ondo merezitakoa, gainera.
Publikoak zutik egin zien azken agurra. Pizkunderik behar? To! Hementxe daukazue adibide bat.