«Hemen Mondrianek, Giacomettiek eta Picassoek egon behar dute»

59rivoli artisten guneari emandako laguntza zuritu du Christophe Girard Parisko Udaleko Kultura arduradunak

Artisten gune autogestionatua da Parisko Rivoli kaleko 59 zenbakiko eraikina, 1999an okupatu zutenetik. 59RIVOLI.
Agentziak
Paris
2011ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
«Okupazioa ez da legezkoa, eta horixe da gune honek duen interesaren muina», adierazi du Christophe Girard Parisko Udaleko Kultura arduradunak, 59rivoli eraikinari buruz egin dioten elkarrizketa batean. Baina Rivoli kaleko 59 zenbakiko eraikinak, okupazio bidez bereganatua izan arren eta funtzionamendu autogestionatua izan arren, Udalaren baimena eta laguntza du joan deneko bi urteetan, eta bertan milatik gora artistak izan dute dagoeneko sormena garatzeko lekua eta aukera. Etxea bizileku ez izatea ezarri zuen, haatik, laguntza emateko baldintza nagusitzat Parisko Udalak.

«Eraikina Credit Lyonnaisena zen, eta guk erosi eta zaharberritu egin genuen», argitu du Girardek. «Lekuak oso ondo funtzionatzen du, eta mundu osoko jendearen bisitak jasotzen ditu». Parisen erdialdean dago, izan ere.Udalak ia hamar milioi euro inbertitu ditu eraikinaren bost solairuak artea lantzeko eta erakusteko gune erraldoi eta erakargarri bihurtzeko. Asteko sei egunez, doako tailerrak eskaintzen dira, 30 artistarentzako, eta eguneko hainbat ordutan —13:00etatik 20:00etara— edonor sar daiteke, ezer ordaindu beharrik gabe, artistak lanean ikustera edo haiekin solas egitera.

Ez da, gainera, gisako gune bakarra Parisen, ezta oso bakana ere. Gehienak askoz txikiagoak badira ere, gisa bereko erabilera eta funtzionamendua duten 25 gune daude orotara Parisen.

«Hemen, artisten artean Mondrianek, Giacomettiek, Juan Grisek eta Picassoek egon behar dute derrigorrean», adierazi du Girardek. «Ondasun higiezinen salneurrien leherketarekin, diru sarrera finkorik gabeko artista gazte batentzat ia ezinezkoa da hirian bizi ahal izatea».

Artistaren lana, ikusgarri

Maitena Barret da 59rivoliko tailerretako baten erabiltzailea, eta oso gustura dago eskaini dioten aukerarekin. «Eraikinaren ezaugarrietako bat da egunero dagoela zabalik. Doan da, eta jendeak aukera du etxea ikusteko, artistok lanean ikusteko eta artistokin hitz egiteko. Horregatik, hemen tailer pribatu batean baino askoz jende gehiagori erakusten diozu zure lana, eta horrek aukera ematen dizu galeristekin harremana izateko, artearen munduan lan egiten duen jendeari zure lana ezagutarazteko, beste herrialde batzuetako jendearekin harremana izateko, baita zure lanak saltzeko ere… Oso ikusgarri bihurtzen da artistaren lana gune honetan lan eginez gero».

«Era honetako guneak artistontzako alternatiba guztiz beharrezkoa dira, espazioa oso garesti baitago», dio Marlene Joebstl dantzariak. 59rivoliren gisako beste eraikin batean egiten ditu berak entseguak, Petite Roquete etxean.

Harreman eta truke handia dago Parisko artista guneen artean, eta baita Pariskoen eta munduko beste hiri askotakoen artean ere: Bartzelona, Berlin, Erroma, Hanburgo… Frantziako arte guneak, hala autogestionatuak nola erakundeen menpekoak, Intersquat plataformaren bidez koordinatzen dira.

Udalak 59rivoliri emandako laguntzek hainbat sektoreren aurkako erreakzioak sortu dituzte dagoeneko. «Artisten istorio indibidualak dira, nor bere bizitzarekin, bere funtzionamenduarekin, bere egitasmoarekin, bere hauskortasunarekin», ohartarazi du Girardek, kritika horiei erantzunez eta artistak defendituz. «Ez dira adierazpen orokorregiak egin behar, eta kasu bakoitzari banan-banan erreparatzea komeni da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.