Hemingwayren Iruñea, Jason komikilariaren begietatik

Norvegiako komikigintzak eman dituen egileen artean ezagunenetakoa da Jason, eta Iruñean girotu du bere azken lan luzea, Ernest Hemingwayren itzalari segika.

Jasonen gizotso bat, eta Tojours Pampelune-ko bineta bat. BERRIA.
Inigo Astiz
2022ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Etsipenaren mugako asperdura komiko bat darie maiz Jason komikilariaren lanei. Eguneroko bizitzaren moteltasunak irensten du gizotso bilakatu berri den pertsonaiaren hasierako izua, adibidez, Les loups-garous de Montpellier komikian, eta, transformazioz transformazio eta orriz orri, halaamaitzen du protagonistak, dena letagin eta dena ile, maiteminduta daukan neskari bere benetako izaera zein den aitortzen: «Gizotsoa naiz». «Eta min egiten dizu?», sofatik altxatu ere egin gabe neskak. «Pixka bat». Isilune bat. «Zer ari zara ikusten?». «Pelikula bat». Isilunea. «Eseri». Isiltasuna berriz. «Krispetarik baduzu?». Denboraren makina asmatu, iraganera bidaiatu eta han Adolf Hitler hiltzeko asmoa dute I killed Adolf Hitler izeneko liburuko pertsonaiek, baina, sakonean, maitasun istorio konplexu bat ezkutatzeko darabil autoreak zientzia fikziozko parafernalia hori guztia. Geldotasun moduko horrek eta genero bakoitzaren konbentzioak nahieran moldatzeko duen gaitasunak bihurtu dute Jason norvegiarra komikigintzaren ahotsik pertsonalenetako bat, eta Iruñera egin du bidaia orain, Tojours Pampelune lanarekin, Ernest Hemingwayren figuraren atzetik.

Molde herrian jaio zen John Arne Saeteroy, 1965ean, eta umetatik izan zen komikiak irakurri zalea. Nerabe zela hasi zen KonK izeneko aldizkari alternatiboan argitaratzen, eta ilustrazio eskolatik atera ostean kaleratu zuen bere lehen liburua. Estilo errealistakoa zen lan hura, ordea, eta handik bi urtera hasi zen bere egungo estiloa azaleratzen, 1997an: txakur eta txori burudun pertsonaiak, narrazio ia estatikoak, eta isiltasuna.

Eta hala kontatu du Iruñea ere, bere azken komiki luzean.

Euskal Herria, lau izpitan

Azken urteetan egin ohi duenez, frantsesez eman du argitara lana lehenik, eta hamaika hizkuntzatara zabaldu dute argitaletxeek gero. Bilboko Astiberri argitaletxeak ere, esaterako, hamarkada pasa darama haren lanak gazteleraz kaleratzen, eta Siempre nos quedará Pamplona izenburuarekin eman du argitara azken hau.

Istorioa da erdigunea Jasonentzat, eta ez da bereziki paisaia zalea ere. Gehienetan, nahikoa zaio mahai bat, hormaren bat, sofa bat edo detaile txikiren bat narrazioa eta pertsonaiak kokatu eta aurrera egiteko. Horregatik, apenas dagoen Iruñeko irudirik ere Hemingwayri eskainitako komikiaren 160 orrietan. Udaletxearen teilatuaren detaile bat, Foruen plazako kioskoaren silueta sinple bat geroxeago, Frantziako atea, San Lorentzo elizako dorre oktogonala, eta gutxi gehiago. Baina antzera gertatzen da komikiaren bigarren eta hirugarren ataletan azaltzen diren Parisko eta Kubako eszenetan ere. Eta nahikoa du horrekin, gainera, Hemingwayk Fiesta, eguzkia jaikitzen da eleberrirako asmatu zituenak, idazleak sanferminetan benetan bizitakoak, eta komikigileak bere uztatik gehitutakoak elkarrekin nahasian biltzeko.

Hasi, 1925ean hasten da kontakizuna, Hemingwayk, Parisen, Athos mosketaria ezagutzen duen egunean. Iruñean batuko dira gero biak berriz ere. Eta fikzioaren eta historiaren artean joango da kontakizuna hasieratik amaierara. Idazlea nazien aurka borrokan irudikatuko du komikigileak 1944an, eta Kuban, azkenik, malenkoniak jota, 50eko hamarkadaren amaieran, hain justu bere lagun Athosekin bizitakoak gogoratzen. Idazleak entzuna duenez, Fidel Castrorekin batera parte hartu baitu mosketariak iraultzan.

Eta, berriz ere, umore eta etsipen nahaski batekin bukatzen du komikia Jasonek; gizotsorik gabe, oraingoan, baina berriz ere mitoaren eta eguneroko bizitzaren arteko talka bera irudikatuz.

Idazlea idazmahaian dago. «Nork ez luke kondaira izan nahi? Nork ez luke betirako bizi nahi?». Eta katu gosetu bat dator, orduan, idazlearen barne gogoetak etetera. «Gose zara? Ekarriko dizut katilu bat esne?». Eta isiltasuna.

Tojours Pampelune ez da komikigileak Hemingwayri eta 20ko hamarkadako Parisi eskaini dien lehen lana, ez eta azkena ere. Kontakizun laburren bilduma bat ere eman du argitara egileak aurten bertan, eta hartan ere badago unibertso hori. Atrabile argitaletxeak kaleratu du Au-dessus l'odyssée lana frantsesez, eta bistakoa da Jasonen literaturazaletasuna, orokorrean, eta, are zehatzago, baita Hemingwayren sasoiaren inguruko lilura puntu hori ere. Kontakizunetako batean, behin denboran eta espazioan bidaiatu ostean, Parisen margolari bizitza aurrera atera nahian irudikatzen baitu Star Trek sagako Spock kapitaina, esaterako. Kasu horretan ere, Hemingwayren lagunen zirkulutik ez oso urrun.

Turistaz inguratuta

Aurrez ere irudikatua zuen Euskal Herria autoreak Un Norvégien vers Compostella bidaia liburu autobiografikoan, 2017an. Bidaiak bezalaxe, Donibane Garazin (Nafarroa Beherea) du abiapuntua komiki horrek, eta, beraz, Nafarroari eskainitakoak dira liburuko lehen orriak. Gurutzatzen du Garaziko harrizko zubia lehenik, handik Orreagara doa, Zubirira, Iruñera; igotzen du Beriain, Lizarrara gero, eta, azkenik, Santiagoraino.

Eta paradoxikoki, badu Hemingwayri buruzko aipamen bat liburu horrek ere. Iruñean, idazleari eskainitako eskulturaren ondoan ageri da Jason komikian, txakur aurpegiz bera ere, gogoetan. «Ez zait burutik pasatu ere egiten Hemingwayren urratsei jarraitzea. Behin egin nuen Parisen, eta Select hotelean garagardo ezin garestiagoa edaten amaitu nuen, turistaz inguraturik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.