Heriotza eta maitasuna

1936ko gerran girotutako maitasun istorio bat kontatzen du Bilbon filmatzen ari diren 'Gernika' filmak. Ingelesez ari dira nagusiki, baina baita euskaraz ere tarteka.

1936ko gerran girotutako Gernika pelikularen filmaketa, atzo, Bilboko Arriaga plazan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2015eko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Setiorako ari da prestatzen hiria, hareaz betetako zakuak Arriaga antzokiko atarian, ume batzuk baloi txar batekin jolasean, eta elkarren ondoan gurdiarekin barazkiak eta ardoa saltzen dabiltzan nekazariak eta defentsa prestatzen dabiltzan gudari eta errepublikako soldaduak. Autobus bat plazaren erdian atzerritik gerrari buruz idaztera etorritako kazetarientzako bidaia hasteko zain. 1937a da, eta egunak baino ez dira falta Kondor Legioak Gernika bonbarda dezan. Mapa batean egindako marra batzuk baino ez dira oraindik berehala zauri eta herio izango direnak. Jaitsi du kamera garabiak, sartu da Henry izeneko kazetaria planoan, piztu du zigarreta, eta badoa autobusera besteekin. «Corten!». Agindua lehenik gazteleraz Koldo Serra zuzendariak, eta ingelesez gero: «Cut!». Eta txalo plazan bildutako 120tik gora langile, aktore eta teknikariek. Sony Pictures Worldwide Acquisitions ekoizpen etxeak mundu osora zabalduko du ingelesez filmatu eta euskaraz eta gazteleraz tarte batzuk izango dituen Gernika, baina, orain, historia gertatutako leku berean ari dira fikzioa filmatzen.

Sei milioi eurokoa da aurrekontua, nazioartekoa izango da hedapena, eta hasiera-hasieratik egin dute abisua ekoizleek: «Gernika ez da Espainiako gerra zibilari buruzko film bat». 36ko gerran girotuta dago, bai, Gernikako bonbardaketak aipatzen ditu, bai, baina sakonean maitasun eta gerra kazetaritzari buruzko pelikula bat da. Henry izeneko pertsonaia da protagonista, eta Jose Alba ekoizleak egin du haren deskribapena: «James D'Arcy aktoreak jokatzen du haren rola, eta Gernikan gertatutakoari buruzko egia kontatu zuen John Steer kazetariaren lanean oinarrituta dago, baina baita Hemingway, Capa, Dos Passos eta nola edo hala gerra haren berri eman zuten beste atzerriko kazetarien lanetan ere. Haiek guztiak batzen ditu berak». Eta aktore eta pertsonaia sorta dabil orain protagonista horren inguruan: Maria Valverde errepublikako prentsa bulegoko kidearen rolean, haren buru den aholkulari errusiarrarena egiten Jack Davenport, eta bulegoko kide gisa dabilen Barbara Goenaga. Arriaga plazan dagoen autobuserantz doaz denak. Bertan ezagutuko dute elkar pelikulan.

'Titanic' moduko formatua

«Fikzio lan bat egiten ari garen arren, errespetu handiz jokatu nahi izan dugu errealitatean gertatu zenarekin». Esaldi horrekin laburbildu du Albak pelikula sortzeko hartu nahi izan duten jarrera. «Titanic moduko formatu zinematografikoa du pelikulak, nolabait ere. Hondamendia benetakoa da, baina aurreko guztia fikzionatu egiten duzu pelikulak amaierara arte segida bat izan dezan». Onartu du emozioa ekoizleak. «Koldo Serra zuzendariari eta hemengo jendeari bereziki eragiten dio kontakizunak, eta gu ere, gertatutakoa jakiten joan garen neurrian, historialariekin eta biktimekin hitz egin ahala, istorioan gero eta gehiago sartu gara. Baina, noski, bistakoa da bertako jendeak modu berezian bizi duela». Eta ez da debaldeko aipamena, izan ere, mila estra inguru izan baitituzte Euskal Herrian egiten dabiltzan filmatze lanetan.

Geruzaz geruza deskribatu du filma Albak. Maitasun istorioa azalean, gerra sasoiko kazetarien zailtasunei buruzko filma barrurago, Euskal Herria II. Mundu Gerran erabilitako guda tekniken probaleku izan zela erakusten duen lana sakonago, eta baita gerora helduko zen Gerra Hotzaren printza batzuk ere han-hemenka.

«Oso garaikideak dira pelikula honetan lantzen diren gaietariko asko». Zinema historikoan espezializatuta dago Daniel Dreifuss ekoizlea, eta haren hitzak dira. Gidoiaren garapenean ere laguntzaile aritu da oraingoan eta aurrez Oscar sariketetaraino heldu zen Txileko diktaduran oinarritutako No filma ekoitzi zuen. «Iraganeko gaiak lantzea beti izan daiteke gaur egungo gaiei buruz hitz egiteko bide oso interesgarria; askatasunari buruz aritzeko, zentsurari buruz, demokraziari buruz, herri baten nortasuna mantentzeko borrokari buruz...».

Eskozian jaio eta Brasilen hazi arren, badu lotura pertsonalik Dreifussek filmeko istorioarekin. «Alemaniako juduak ziren nire aitona-amonak eta Frantzia hegoaldean zegoen Gurseko kontzentrazio esparruan egon ziren. Juduak heltzerako, Euskal Herritik, Kataluniatik eta Espainiatik ihes egindako jendea eduki zuten han. Amonaren eta aitonaren hemengo gerra zibilari buruzko kontuak gogoratzen ditut umetatik, baina demokraziaren aldeko borrokak ikertzen hasi ondoren ulertu nuen zer esan nahi zuten esparru horiek, eta bertan zeuden presoek».

Eztabaidarako prest

Pozik dago Dreifuss orain arte lortutakoarekin. «Film bat egitea ez da inoiz erraza izaten. Hiru-lau urte ematen dituzu pelikula bat egiteko, bizitza puska handi bat, eta azkenean ateratzen denean ia mirakulu bat da». Eta dioenez, oraingoan, bereziki ongi doa dena. «Amesten genuen baino hobeki doa filma». Onartu du zailtasunik, halere. «Gai historikoak lantzen diren guztietan prest egon behar duzu eztabaidarako. Beti. Egin duzun lanari buruz arituko dira oraindik ere badauden Franco zaleak, egin duzun lanari buruz arituko dira biktimak, historialariak... Beti egongo dira kexak, baina argi izan behar dugu ez garela ari dokumental bat edo historia lezio bat egiten. Fikzio erromantiko bat sortzen ari gara; trama historikoduna, bai, baina fikziozko lana. Kezka badugu egiazkotasunarekin, baina garrantzitsuena da film handi bat sortzea, eta haren bidez XX. mendeko funtsezko une bateko askatasunaren aldeko borroka kontatzea».

Asteon amaituko dituzte Bilbon lanak, eta uztailerako listo izango dituzte grabaketak. Aragoiko herrixka huts batean (Espainia) filmatuko dute bonbardaketaren osteko Gernika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.