Benetan gertatu zen; zehazki, 1942. urtean, ekialdeko Prusian —gaur egungo Polonian—. Bigarren Mundu Gerra betean, hamabost emakume Hitlerrentzat prestatutako janaria probatzeko lanak egitera behartu zituzten. Diktadoreak bere jana pozoituko zuten susmoa zuen, eta, hain zuzen, horixe zen emakume haien lana: prestatutako janaria jateko modukoa zela egiaztatzea. Noski, hori ziurtatzeko modu bakarra prestatutakoa irentsi eta itxarotea besterik ez zen izaten. Eta orduan, biziraun ala hil. Bi urte eta erdiz egon ziren horrela, baina istorioa ez da jakina izan Margot Wolk idazkari alemaniarrak 2012an bere larruan bizitakoa kontatu zuen arte, 70 urtez isilik egon ondoren. Hamabost emakume haietako bat izan zen.
1941eko neguan Berlindik ihes egin zuen Wolkek, bere gurasoen etxea bonbardatua izan ondoren. Amaginarrebaren etxean lortu zuen babesa, orduko Prusiako Gross-Partsch herrian —24 urte zituen—. Handik hiru kilometro baino gutxiagora, Hitlerren Ekialdeko Fronteko egoitza militarra zegoen, Otsoen Gordelekua izenez ezaguna, eta horrek erabat baldintzatuko zuen gaztearen patua. Wolk herrira iritsi berria zela, alemaniar naziek haren etxeko atea jo zuten. Inguruko kuartel batera eraman zuten, beste hamalau neska gazterekin batera. Bertan prestatzen zuten Otsoen Gordelekurako janaria, eta bertan dastatu beharko zituzten, ordutik aurrera, janariz gainezka zeuden erretiluak —jakiek jatorri begetarianoa zuten, Hitlerrek ez baitzuen haragia jaten—. «Janaria gozoa zegoen, oso gozoa. Baina ezin izaten genuen disfrutatu», kontatu zion Wolkek Der Spiegel aldizkariari. Hala, Hitler bere gordelekuan ezkutatuta zegoen bakoitzean, goizeko zortzietan, leiho azpiko ulua iristen zitzaion Wolk gazteari: «Margot, jaiki zaitez!». Eta inoizko banketerik ederrena probatzera abiatzen zen, etxera itzuliko ote zen jakin gabe.
Memoria eta fikzioa
Wolken istorioa, lehenengoz, Rosella Postorino idazle italiarrak eraman zuen fikziora Le assaggiatrici nobelan (Dastatzaileak) —Italiako Campiello saria jaso zuen—. Hain zuzen, 2018an kaleratutako liburua Wolken testigantzan dago oinarritua, baina ez da nobela biografiko bat. Eta, 2024an, Silvio Soldini zinemagileak nobela moldatu eta izen bereko filma ondu zuen. Filmak dastatzaileek sufritutakoa islatzen du, baina alde intimoan jartzen du arreta. Hala, sistema totalitario baten barruko lotura afektiboak, tentsioak, emozioak eta erresistentziak ageri dira bertan. Besteak beste, Italiako zinema akademiak banatzen duen David Di Donatello saria jaso zuen egokituriko gidoirik onenaren kategorian.
'LE ASSAGGIATRICI'
Beste estreinaldi batzuk:

'A Sad and Beautiful World'
Nino eta Yasmina egun berean jaio ziren, Beiruten, eta, urteak pasatuta ere, elkarren bideek etengabe egingo dute topo. Mutilak Beiruten bizi nahi du, baina neskak ihes egin besterik ez du nahi. Erabaki egin beharko dute: maitasunaren alde egin eta familia bat osatu, edo amore eman.
'DOS DÍAS'
Jose Antoniok 89 urte ditu, eta, memoria galtzen ari den arren, ez du laguntza eskatu nahi. Familiak debekatu egin dio, baina laguna konbentzitu du txalupan arrantzatzera joateko. Gasolinarik gabe, itsasoaren erdian noraezean geldituko dira. Bidaiak zahartzaroari, laguntasunari eta denboraren joanari buruz hausnartzeko balioko du.
'VAINILLA'
Mexikon, 1980ko hamarkadaren bukaeran, Roberta izeneko 8 urteko neskato batek bere familia ikusi beharko du etxearengatik borrokan. Zazpi emakumek osatzen dute familia, eta, etxea mantendu nahi badute, zorrak kudeatu beharko dituzte. Borroka horrek aldatu egingo du Robertak bere burua eta ingurukoak ikusteko duen modua.