Artea

Herri autoktonoen nortasuna, Graciela Iturbideren begiradatik

‘Bideko ezustekoak’ izenpean, Iturbidek 60ko eta 80ko hamarkaden artean egindako 57 argazki bildu dituzte Donostiako San Telmo museoan. Maria Millan izan da erakusketaren komisarioa, eta gehienbat zapoteken kulturako pertsonen irudiak bildu ditu.

Bisitari bat Graciela Iturbideren argazkiei begira. GORKA RUBIO / FOKU
Bisitari bat Graciela Iturbideren argazkiei begira. GORKA RUBIO / FOKU
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
Donostia
2026ko uztailaren 11
04:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Nire abizenak iturrirako bidea esan nahi du. Familia daukat Euskal Herrian, eta gustatuko litzaidake egunen batean nire lanak Donostian aurkeztea». Hala esan zion behin Graciela Iturbide argazkilariak (Mexiko Hiria, 1942) Maria Millan komisarioari New Yorkeko egonaldi batean. Bai eta gertatu ere: Donostiako San Telmo museoak Iturbideren 57 argazki bildu ditu Bideko ezustekoak izena daraman erakusketan; zuri-beltzean daude guztiak. Maria Millanek egin ditu komisario lanak. Bilduma abuztuaren 30era bitarte egongo da ikusgai museoko Laborategia aretoan. 

Kamera analogikoa eskuetan hartuta, hainbat kulturatan murgildu zen Iturbide 60ko eta 80ko hamarkadetan. Urteetako eskarmentua dela eta, bere lan egiteko modua aski ongi finkatua du, eta ezustekoetara egokitzeko duen gaitasuna goraipatu du Millanek: «Argazki egingarri bat ikusten duenean, egiten ari dena atzean utzi, eta argazkiak ateratzen ditu». Hori agerian utzi zuen uneetako bat aipatu du: «Jachinen [Oaxaca, Mexiko] zegoen Graciela, bertako kulturan erabat murgilduta. Egun batean, bertako azokan zegoen, postu batean elikagaiak saltzen. Halako batean, buruan hainbat iguana zituen emakume bat ikusi zuen. Bi aldiz pentsatu gabe postua utzi, eta korrika joan zen hari argazkiak ateratzera». Komisarioak kontatu du hamabi argazki atera zizkiola, baina horietatik bakarra kontserbatu zuela; horixe da Iguanen andre gurea (1979).

«Argazki egingarri bat ikusten duenean, egiten ari dena atzean utzi, eta argazkiak ateratzen ditu»

MARIA MILLAN Komisarioa

Sona handiko irudi bihurtu da urteen poderioz; Iturbidek berak komisarioari aitortu zion ez zuela espero horrenbesteko oihartzuna izatea, ezta interpretazio ezberdinak izatea ere. «Emakumeari estatua bat egin zioten bere herrian, baina, horrez gain, beste hainbat egokitzapen ere izan ditu argazkiak. Esate baterako, Marilyn Monroe zenarekin ordezkatu zuten haren irudia, eta buruan iguanak jarri zizkioten». Egokitzapen horiengatik, Millanek azpimarratu du argazkiak «bizitza propioa» duela.

'Iguanen andre gurea' (1979). GRACIELA ITURBIDE
Iguanen andre gurea (1979). GRACIELA ITURBIDE

Bere estudioko bakardadean lan egiten du Iturbidek, eta hori ere azpimarratu nahi izan du komisarioak. Horren adierazle da Andre aingerua irudia: «Mexikoko Sonora basamortuan egon zen, eta hainbat argazki atera zituen bertan. Baina bere estudioan zegoenean jabetu zen argazki horren balioaz». Hori dela eta, bakarrik egotearen garrantzia nabarmendu du: «Zera esaten zidan Gracielak: ‘Askotan, lanean ari zarenean ez zara jabetzen ateratzen dituzun argazkien balioaz; gero jabetzen zara, estudioko bakardadean’. Berak argi du: ikusten duenarekin hunkitzen ez bada, argazki horiek ez dira estudiotik irtengo».

'Andre aingerua' (1980). GRACIELA ITURBIDE
Andre aingerua (1980). GRACIELA ITURBIDE

Kultura zapoteka

Iturbidek Juchitanen (Oaxaca) egin zuen beste egonaldi bat, zapoteken kultura sakonki ezagutzeko. Zenbait egun igaro zituen bertan, komisarioaren esanetan, «bertakoen konfiantza eskuratu arte». Bertan ezagutu zuen Magnolia, muxe generokoa. «Muxeak sexu maskulinoko pertsonak dira, rol femeninoak hartzen dituztenak», argitu du Millanek. Aitortu du ordura arte ez zuela muxeen berririk, baina «oso garrantzitsuak» direla zapoteken kulturan. «Emakumeek rol garrantzitsua dute; izan ere, merkatua haientzat bakarrik dago pentsatua. Gizonek ez dute inongo egitekorik bertan, muxe generokoek izan ezik». Generoaren inguruko nondik norako gehiago azaldu ditu komisarioak: «Hirugarren generoa da, eta izenordainetan ez dute genero bereizketarik egiten».

'Magnolia' (1986). GRACIELA ITURBIDE
Magnolia ispiluarekin (1986). GRACIELA ITURBIDE

Bitxikeria gisa, komisarioak kontatu du Iturbide emakume zapoteka batekin geldituta zegoela, hari argazkiak biluzik ateratzeko, eta zehaztu du orduan topo egin zuela Magnoliarekin: «Esan zion berak ere argazkiak nahi zituela». Horren fruitua da Magnolia ispiluarekin argazkia. 

Begirada «independentea»

Kultura ezberdinetan egindako egonaldietan Iturbidek errespetuz jokatu zuela azpimarratu du komisarioak, eta zehaztu horixe bera erretratatzen zuela. Are, Millanek iritzi dio «poesia eta emozioa» dagoela haren irudietan, eta lortu nahi duela ikuslea «kamerak jaso duenetik haratago joatea». «Errealitatea jasotzen du bere emozioetatik, esperientzietatik eta ametsetatik abiatuta. Funtsean, haren erretratuek herrien aniztasuna ohoratzen dute, epaiketa moralizatzaileetan erori gabe». Hala, gehitu du subjektuen edertasuna, errespetua eta duintasuna erakusten dituela.

Horrez gain, Millanek nabarmendu du Iturbide bere inguruan gertatzen ari zenetik kanpo zegoela une oro. Hots, orduko modetatik eta tekniketatik at zegoen. Hori dela eta, haren begirada «independente» gisa definitu du komisarioak. Gaineratu du ez zuela inoiz argazki agentziekin lan egin, eta, komisarioaren ustez, hori da argazkilaria besteengandik bereizten duena. «Gaur egungo gizartean, erresistentzia ekintza humanistiko bihurtzen da argazkilariaren begirada arretatsua, errespetuzkoa eta patxadatsua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA