1971n, Gasteizko Manuel Iradier Txangolari Elkartearen aretoan egin zuen lehen emanaldia Gorka Knorrek (Tarragona, Herrialde Katalanak, 1950). Han hasi zuen ibilbidea euskal kantagintza berrian, eta, ordutik, musika ez da inoiz haren bizitzatik desagertu, nahiz eta urte luzez ardura politikoak lehenetsi dituen. Ostiralean eta larunbatean kontzertu bat emango du Gasteizen, Carles Cases, Matthieu Haranburu eta Aitor Furundarena musikariekin batera. «Memoriaren eta euskal kulturaren aldeko aitortza moduko bat» izango dira emanaldiok, Knorrek esan duenez. Musikariak telefonoz erantzun die BERRIAren galderei.
55 urte geroago, berriro ere Gasteizera itzuliko zara, zure lehen zuzenekoa hartu zuen hirira. Zer sentitzen duzu?
Sentimendu askoren nahasketa da. Azken urteotan ez dut bakarkako emanaldi askorik egin, eta aitortu behar dut nire anaia Natxo hil zenetik are gehiago kostatu zaidala oholtzara bakarrik igotzea. Haren hutsunea handia izan da nire bizitzan, pertsonalki eta musikalki. Bestalde, efemerideak berak ere pisua du. Ez dira egunero 55 urte betetzen norberak lehen kontzertua eman zuenetik. Gainera, lehen emanaldi hura Gasteizen izan zen, Manuel Iradier elkartean, eta nolabait zirkulua ixten dela sentitzen dut. Horregatik da hain berezia Arkabian egingo duguna. Baina ez dut nahi ospakizun nostalgiko hutsa izatea, ez dut nahi jendea etortzea soilik iraganari begiratzeko. Horregatik jarri diogu Iraun izena.
Zergatik Iraun?
Hitz bakar batean bildu nahi genuen kontzertuaren ideia osoa. Irauteaz aritzea ez baita soilik pertsona baten bizitzari buruz hitz egitea. Herriek ere iraun egiten dute, hizkuntzek ere bai, kulturak ere bai, baldin eta belaunaldi bakoitzak aurrekoaren lekukoa hartzen badu. Kontzertu honetan kantu askok dute hari komun hori. Batzuk duela 50 urte idatzi nituen, beste batzuk berriagoak dira, baina guztiek hitz egiten dute herri baten duintasunaz, memoriaren garrantziaz edo etorkizunerako itxaropenaz. Nik beti sinetsi izan dut kantuek bizitza propioa dutela. Egilea desagertu egiten da, baina kantuak hor geratzen dira. Horixe da, niretzat, irautea.
«Abesti batzuk duela 50 urte idatzi nituen, beste batzuk berriagoak dira, baina guztiek hitz egiten dute herri baten duintasunaz, memoriaren garrantziaz edo etorkizunerako itxaropenaz»
Horregatik ez da izango atzera begirako kontzertu soil bat.
Izango da atzera begiratzeko tarterik, 55 urteko ibilbidea ezin baita ezkutatu, baina ez dugu arrakasta handienen bilduma bat prestatu. Horrek ez luke zentzurik izango. Alderantziz egin dugu. Errepertorioa osatzerakoan, geure buruari galdetu diogu zer kontatu nahi genuen gaur, 2026 honetan. Horren arabera aukeratu ditugu kantuak.
Errepertorioan badira urte luzez ezkutuan egon diren piezak ere, ezta?
Bai. Bereziki garrantzitsua da Gasteiz Martxoak 3 berreskuratzea. 1976an Lluis Llachekin Donibane Lohizunen eman genuen kontzertu batean norbaitek magnetofono batekin egin zuen grabazio anonimo bati esker baino ez da gorde. Garai hartan ezin izan genuen grabatu, eta orain berreskuratzea justizia egitea iruditzen zait, gertakari haietatik 50 urte bete diren honetan.
«Nik beti sinetsi izan dut kantuek bizitza propioa dutela. Egilea desagertu egiten da, baina kantuak hor geratzen dira. Horixe da, niretzat, irautea»
Irailak 27 kanta ere abestuko duzu, bere garaian zentsuratutakoa.
Bai. Frankismoaren azken fusilamenduei buruzko kanta da, eta garai hartan zentsurak debekatu egin zuen grabatzea. Azkenean Herri Irratiak egindako grabazio bati esker gorde ahal izan zen. Geroago argitaratu nuen, baina oso jende gutxik ezagutzen du. Aurten, fusilamendu haietatik ere 50 urte beteko dira. Horregatik iruditu zait garai egokia berriro kantatzeko.
Zenbait urteurren izango dira aurten.
Bai. Martxoaren 3ko gertakarien 50. urteurrena da, irailaren 27ko fusilamenduena ere bai, eta, gainera, 50 urte dira Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur desagerrarazi zutenetik. Nire gitarrista izan zen hasieran, lagun mina, eta bihotzean daramat oraindik arantza hori. Kontzertu hauetan guztiek izango dute beren aitortza.
Perturrekin oso lotura estua izan zenuen.
Hark erakutsi zidan gitarra jotzen, bere etxean. Gero, Martuteneko espetxean preso izan nintzenean, gitarra bat izateko baimena eskatu nuen, eta han gehiago praktikatu nuen. Kartzelatik irten ondoren hasi ginen elkarrekin emanaldiak eskaintzen. Gero ihes egin behar izan zuen, eta Iparraldean ikusten genuen elkar noizean behin. Desagertu baino bi aste lehenago etorri zen kontzertu batera; hura izan zen elkar ikusi genuen azken aldia.

Zure bizitzan musika eta politika eskutik joan dira. Nola uztartu dituzu?
Beti egon da bien arteko hari komun bat. Egia da profesionalki hamar bat urtez baino ez nintzela musikatik bizi izan, baina gero Jaurlaritzan, Europan eta kooperatibetan lanean aritu naizen urte guztietan ere ez dut inoiz musika utzi. Musika nire bizitzaren parte da. Eta orain kontzertu hauek ere aitzakia dira Gasteizera itzultzeko eta euskal kulturaren eta euskalgintzaren alde lanean aritu diren guztiei aitortza egiteko.
Zuk barrutik bizi izan zenuen euskal kantagintza berriaren sorrera. Gaur egun ere musikak badu eraldatzeko gaitasunik?
Testuingurua erabat aldatu da, baina herri baten irauteko nahiak beti aurkitzen ditu adierazteko bideak. Hala ere, gero eta zailagoa da kontzertuak antolatzea gaur egun. Emanaldi txiki bat prestatzea oso garestia da, eta bakarlari eta talde askok laguntza handiagoa beharko lukete. Askotan, jaialdi handiei baino ez diegu begiratzen, baina oinarrian bada jende asko aurrera egin ezinik dabilena.