Herria, herriak berak kontatua

Josu Martinezen 'Bizkarsoro' filmean parte hartu duten baigorriarrak estreinaldian izan ziren, Donostiako Zinemaldian. «Harro» daude filma «herrian eta euskaraz» sortzeaz.

Baigorriarrak, Donostiako Zinemaldira joateko autobusera igotzen. PATXI BELTZAIZ.
Leire Casamajou Elkegarai.
Baigorri-Donostia
2023ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Asteazkenean, 17:30ean tanko emana zuten hitzordua Baigorriko (Nafarroa Beherea) beheko plazan; zehaztua ere nehoren beha ez zirela egonen; eta hala izan zen. 17:45ean autobusa jadanik abiatua zen; barnean, 50 bat baigorriar eta inguru hurbileko herritar. Euren biziez mintzatu ziren bidean; familiaz eta lanaz, ohidura den bezala. Lanbidea, hain zuzen ere, bakoitzak berea du; bizitza ere bai, orokorrean. Haatik, biak ala biak partekatu dituzte azken bost urteetan: Bizkarsoro filmean aktore lanetan aritu baitira denak.



Baigorrin abiatu proiektua da Bizkarsoro; helburua herritarrekin film baten sortzea zen; herri txiki baten aldaketa politiko, ekonomiko, sozial eta, batez ere, linguistikoei buruz, XX. mendean barrena. Bost urtez, bost film labur sortu dira, bakoitza aldi bat kontatzeko. Ororen buru, bostek bat eginik, film luze bat atera da Bizkarsoro herri asmatuaren XX. mendeko historia kontatzen duena. Josu Martinez filmegileak zuzendu du lana, eta Donostian aurkeztu zuen herenegun, baigorriarrekin batera. Halako proiektuak ez dira urtero sortzen herri batean, ez baita oso ohikoa berrehun bat herritar amateurrekin film baten burutzea. Berria zen, beraz, proiektua.

Kalaken artetik, ikustera zihoazen proiekzioa ere aipatu zuten autobusean; ezinegon handia sumatzen zen. Bost film laburretarik azkena herritarrik gehienek ez zuten oraindik ikusia; lehen laurak, ordea, han eta hor aurkeztuak izanak ziren lehenago.

Lagunak dira Txomin Pebet eta Mikel Iribarne, eta biek parte hartu dute filmean. Autobusean elkarren ondoan jarririk, proiektuaz duten iritziaz aritu ziren. «Ni harritua izan naiz!», Pebetek. Eta zera gehitu zuen Iribarnek: «Donostiako Zinemaldira joatea horrekin, eta ikustea ze proportzioak hartu dituen... Eder da ikustea euskara oraino beste atal batean erabiltzen ahal dugula».

Aktore guziak amateurrak zirenez, jokoaren aldetik, lanketa bereziak egin behar izan zituzten. Aline Etxeberri lehen film laburreko pertsonaia nagusietariko bat da, eta besteren batean figuranteen artean agertzen da, eta baita kantuan ere. Autobusean zen bera ere, eta, azaldu zuenez, aritua zen aurrez antzerkian. Bestelako ariketa bat iruditu zaio, ordea, zinemarena: «Markatu nau eszena bat nola filmatzen den ikusteak, eta nola egiten den berriz, eta berriz... Nahiz eta gero bost segundo besterik ez duen irauten. Lanketa berezia da emozioen atxikitzeko edo begirada sakontzeko». Peio Berterretxe Baigorriko ikastolako irakaslea ados agertu zen Etxeberriren hitzekin.

Helduez harago, haurrak ere aktore lanetan aritu dira; bigarren eta azken film laburretan, hain zuzen, haiek dira protagonista. Berterretxek azaldu zuenez, horiekin lan handia egin behar izan zuen zuzendariak.

Herri baten historia

«Gure ondare bat bezala da; gure historia da, gure iragana. Altxor bat da halako baten kontatzea; laburbiltzen da hainbeste guk bizi izan duguna», azaldu zuen Pantzo Irigaraik. Nahiz eta fikziozko film bat izan, oinarrian euren errealitatea duela iritzi dio. Berterretxeren ustez, Bizkarsoro proiektua «sekulako parada» izan da haurrentzat; nola zinemaren mundua deskubritzeko hala aipatuak ziren gaiak ezagutu eta horietan sakondu ahal izateko. Anti film laburrarekin alderatu zuen filma: «Gaia oso lotua da eskolaren eta euskararen arteko harremanari —garai batean euskara eskoletan erabiltzearen debekuari buruzko filma da Anti—. Eztabaidak ukan ditugu gelan, eta gogoeta batzuk sortu ditugu hortik».

Filmaren kontakizunetik harago, inguruko prestaketa lanetan ere aritu dira herritarrak, bost urtez. Aña Errotabehere arte sailean aritu da, leku irudikapenen osaketan: XX. mendeko giro osoa berriz planteatzeko lanetan, hain zuzen ere. «Oso interesgarria» iruditu zaio lana: «Aitatxi-amatxien ganerrak hustu ditugu».

Anekdotak oroitzen ari zirela, Donostiara iritsi zen autobusa, azkenean. Zera esan zuen Irigaraik iritsi bezain pronto: «Esmokin guti bada hemen, baina tapiz gorrirako prest! Gero beldur naiz argazkilariak sobera geldituko direla ene hartzen». Irriz hasi da segidan, eta lagunak harekin.

Autobusean zegoen beste batek argibideak eman zituen jaitsi aurretik: «Autobusa gelditu bezain laster, segundo batean jaitsi behar dugu denok. Korrika aterako gara, autobusa ezin baita hemen geldi egon». Hala egin zuten. Arrasta kolpea sentitu, eta denak atera ziren ziztu batean Principe zinema aretora abiatzeko.

Filma bukatzean, argiak piztu zituzten berriz. Orduan agertu ziren baigorriarren bisaiak: bakoitzak bere burua pantaila handian ikusi berri zuen, eta harrotasuna ahalkeari nahasi zitzaion une batean. Oro har, hala ere, irri handia zuten denek aurpegian. Trago bat hartu, eta autobusera itzuli ziren berriz. Etxerako bidean, San Leon Indartek filmean agertzen zirenetako batek, esperientzia «ikaragarria» izan zela esan zuen: «Garrantzitsua da hau ondoko belaunaldientzat. Nire amaren adinekoak ez dira ohartu mintzairarekin jokatzen ari zenaz; beldur ziren, segur aski, beren haur ttipiek ere sufrituko ote zuten haiek sufritu zutena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.