Aspaldian Aretharekin sobera gogoratu gabe... Abuztuaren 5ean BERRIAn argitaratutako elkarrizketa Iñaki Añuari: "Aretha Franklin da Gasteizko jazzaldira ekarri nahi eta ezin izandako artista bakarra". Airez nahiz itsasoz bidaiatzeko beldurrak. Eta, egun gutxiren buruan, sarean irakurria: “Gravely ill”. Eta segituan hil.
Soularen profeta nagusien artean ahotsik sendoena.
C.L. Franklin erreberendoaren alaba, Ermaren ahizpa. Gospeletik pop musikara salto egin eta bertan tradizio afroamerikarra (bir)txertatu izanaren paradigma. Herrikoitasuna eta bertutea.
Detroiten hazi arren, Motorraren Hiriko doinu eztiez ez: Muscle Shoals-en soinu gordinetan ezagun egin zitzaiguna.
Otis Reddingen kantua, Aretha Franklinek abestua: R.E.S.P.E.C.T. Eskubide zibilen eta emakumeen borrokaren ereserkia bihurtu zuena. Behar duguna begirunea da.
Osabari esker lehen aldiz Blues Brothersen 1980. urteko filmean ikusi genuena.
Soul Train saioan Rocksteady kantua eman zuena.
Neguren Gora Herria kantuaren introko boz sendatzailea “I love you, I love you, I...”.
Plastikozko pop izar horietako bat izateko gizakiegia; gizakia izateko naturaz gaindikoegia.
Onerako edo txarrerako ondorengo R&B abeslarien kanon nagusia ezarri zuena. Harentzat naturala zena erridikuluraino imitatua izan dena.
Banakoaren autoafirmazioa eta komunitaren identitatea sortu edota sendotzea da musika beltza esaten diogun horren mirari nagusietarik bat. Horretan ere erraldoi. Entzun orain Curtis Mayfieldekin batera egindako Sparkle filmaren soinu banda.
Musika bizitzarako ezinbestekoa zen garai eta tokien oihartzuna dakar gaur ere Arethak, eta herentzia utzi digu: berriz ere halaxe izateko beharra. Sentipen natural bat. Ez Adiorik.