Ikusle huts izan ordez, kultur emanaldien protagonista bilakarazi nahi ditu herritarrak Donostiako Olatu Talka jaialdi amateurrak. Europak maiatzaren 10ean ofizialki izendatuko du Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburua, eta, izendapen egunarekin bat eginez, jaialdiak hiriaren azken muturreraino zabaldu nahi ditu ikuskizun eta ekintzak. Horregatik, herritarrek bidalitako proposamenekin osatuko dute aurtengo programa.
Edonork bidal ditzake proposamenak otsailaren 29a arte. Igor Otxoa Donostia 2016ko proiektu zuzendariaren esanetan, aniztasuna eta ahal bezainbeste jende erakarri nahi du jaialdiak: «Herritarrek Olatu Talkaren proiektua uler eta zabal dezaten da gure helburu nagusia. Ideiaren bat duen edonork parte hartzeko aukera izatea, alegia. Guk proiektuak koordinatuko ditugu, baina ezkutuan, protagonistak herritarrak izan daitezen».
Zortzi zatitan banatuta
Jaialdia zortzi taldetan banatuko dute, ikuskizunen nortasunaren arabera: Trans eraldatzaileak, Eko ekontzienteak, Geo geopoetikoak, Lab esperimentalak, Koop kooperatiboak, Pop herrikoiak, Net Sarean eginak eta Diy zuk zeuk eginak. Ainara Martin Donostia 2016ko zuzendari artistikoaren hitzetan, talde horiek kalean egunero entzun daitezkeen proposamenak, ideiak eta kultura bizitzeko moduak sailkatzeko erabiliko dituzte: «Talde horiei esker, jaialdia hiri guztian barrena sakabanatuko dugu modu ordenatu batean; ideia guztiak lotuko dituzten hariak izango dira».
Aurtengo jaialdiaren egitasmoak iazko berberak direla gogoratu du Martinek: «Ez gara ezer berria sortzen ari, soilik iaz sortutako ekimena zabaltzeko asmoa daukagu. Donostiaren inguruko herriek ere parte hartzea nahi dugu, eta atzerritarrek antolatuko ditugun ekitaldiez gozatzea gustatuko litzaiguke». Jaialdirako proposamenak ondoko webgunera bidal daitezke: [email protected].
Herritarren proposamenek osatuko dute Olatu Talkaren programa
Donostiako erdigunean ez ezik, auzoetan eta inguruko herrietan ere kultur ikuskizunak antolatuko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu