Hertzainak bueltan da. Hertzainak, bai: 1993. urtetik lehen aldiz bilduko dira haren kide klasikoetako hiru, azken bira egiteko. Ordutik eman izan dituzte kontzertu solteak, baina ez modu ofizialean. Azkena gure alde izena izango du birak, eta irailaren 29an emango dituzte xehetasun gehiago, prentsaurreko batean.
Duela hiru urte ere eman zituzten kontzertu batzuk Hertzainak izenarekin. Gari abeslaria eta Josu Zabala baxu jolea beste hainbat musikarirekin elkartu ziren kontzertu batzuk emateko, eta arrakasta izan zuten. Oraingoan, ordea, Luis Javier Saiz Txanpi bateria jolea ere batuko zaie Gariri eta Zabalari. BERRIAk, hasieran, Kike Saenz de Villaverde gitarra jolea ere haiekin izango zela iragarri zuen, baina okerra da informazio hori.
1981etik
Hertzainak taldea 1981. urtean sortu zen, eta, lehen esan bezala, 1993an utzi zion jotzeari. Hasieran Xabier Montoia zen taldeko abeslaria, baina hark 1982an utzi zuen, M-ak sortzeko; haren ordez sartu zen Gari.
Formazio horrekin sei disko argitaratu zituen taldeak: Hertzainak (1984), Hau dena aldatu nahi nuke (1985), Salda badago (1988), Amets prefabrikatuak (1990), Zuzenean (1991), eta Denboraren orratzak (1992). Haietan plazaratu zituzten Euskal Herrian ereserki bilakatu diren hainbat kantu: Aitormena, Ta zer ez da berdin, Pakean utzi arte, Eh txo!, Egunero...
1993. urtean jo zuten azken kontzertua, Donostiako Anoeta kiroldegian, baina gero ere musikari lotuta jarraitu zuten lau kideek: Doctor Deseo taldera batu ziren Saenz de Villaverde eta Txanpi; bakarkako ibilbide oparoa izan du Garik; eta Zazpi Eskale edota Gu eta Gutarrak taldeetan jo zuen Zabalak.