«Nire hurrengo pelikula amaitzeko hiru egun falta dira, eta bi liburu idazten ere banabil». Obra ezohikoa da Werner Herzogena (Munich, Alemania, 1942). Sei hamarkada pasako ibilbidean, laurogei lanetik gora egin ditu, filmak gehienak, baina ez bakarrik —poesia argitaratu du; fikzioaren, egiaren eta albiste faltsuen inguruan idatzi; operak zuzendu; zinema eskola ibiltari bat sortu; eta beste—, eta, hain justu, hori azpimarratu du Donostia saria jaso aurreko prentsa agerraldian: jardunean dabilela, eta etortzear denak axola diola, ez askorik iraganak. «Beraz, ez: Donostia saria jasotzean ez dut atzera begiratzen. Orain egin behar dudan horretan dut arreta osoa».
Aurtengo Donostia sarietako bat hari emango ziotela iragartzean, Herzog zinema garaikidean «eragin handienetarikoa» izan duen figura bat dela azpimarratu zuen Zinemaldiak. Dokumentala eta fikzioa landu ditu bere ibilbidean, baita biak batera jorratu ere, eta munduko bost kontinenteetan eta dozenaka herrialdetan egin du lan. Haren filmografian nabarmentzen diren lanetako batzuk dira, besteak beste, Lope de Agirreri buruzko Aguirre, der Zorn Gottes / Aguirre, the Wrath of God (1972); Fitzcarraldo (1982, Zuzendari Onenaren saria Cannesen); The Wild Blue Yonder (2005, Fipresci saria Venezian); eta Encounters at the End of the World (2007, Dokumental Onenaren Oscar sarirako izendapena).
Bucking Fastard da Herzogen filmik berriena, eta Veneziako jaialdian estreinatu ondoren aurkeztu du gaur Donostian. Harreman ezin estuagoa duten bi ahizparen istorioa kontatzen du lanak, eta Orlando Bloomek ere hartzen du parte, zeina agerraldian egon den Herzogekin eta Ariel Leon ekoizlearekin batera.
«Ez dut modu basati batean lan egiten, modu jarraitu batean baizik; baina niretzat erraza da egunean hogei orri idaztea; kopiatzea bezala da»
WERNER HERZOGZinemagilea
Zinemagileak kontatu duenez, aldi berean hitz egiten zuten bi bikiren ideia izan zen filmaren abiapuntua. Duela hamarkada batzuk otu zitzaion, baina abandonatu egin zuen ideia gero, «oso zaila zelako batera hitz egingo zuten bi biki topatzea». Urteak igaro, 30 film baino gehiago egin, eta bueltan etorri zitzaion irudia, ordea. Kate eta Rooney Mara aktoreak topatu zituenean hartu zuen abiada filmak; «antzezle bikainak biak», Herzogen hitzetan. Aipagarria da filmean biek egiten duten lana, baina horrek ez lituzke beste zenbait elementu estali behar, zuzendariaren esanetan: «Istorio honek bai baititu beste elementu batzuk zerikusia dutenak mundu poetikoarekin. Ez du egitura narratibo ohiko bat ere, Hollywoodeko filmetan ikustera ohituta gauden hori».
Bere lan egiteko moduaren inguruan, «oso azkar» idazten duela aitortu du Herzogek; Bucking Fastard, esaterako, bost egunean idatzi zuela. «Ez dut modu basati batean lan egiten, modu jarraitu batean baizik; hartzen ditut atsedenak, egiten ditut etenak, baina niretzat erraza da egunean hogei orri idaztea; kopiatzea bezala da: lehenengo buruan ikusten dut, eta gero paperera kopiatu».
Bloom: «Oreka kontua da»
Rol txikia jokatzen du Bloomek Bucking Fastard filmean; «gizon xalo eta erraz bat da, une batean sakonagoa bihurtzen dena», aktorearen hitzean. Baina tarte txikian agertzen bada ere, nazioarteko itzala du Bloomek, eta galdera ugari izan dira harentzat ere agerraldian. Ospeaz galdetu diote, nola eragiten dion horrek lanean, eta «oreka kontua da», erantzun du aktoreak: «Garrantzitsua da bizitza errealarekiko kontakturik ez galtzea: umeak eskolara eramatea, etxeko lanak egitea... Hortik ateratzen bazara, ezinezkoa da gero pertsonaiak ondo prestatzea».
Bloomek eta Herzogek lehen aldiz egin dute lan batera film honetan, eta aktorearen dohainak nabarmendu ditu zuzendariak: «Orlandori buruz esan nahi dudana da, honezkero famatua den arren mundu guztian, denbora alde duela. Ez galdu bistatik, oso gauza ederrak etortzear dira-eta harengandik». Berak ere hala pentsatu nahi duela esan du Bloomek, begirada aurrera begira jarrita daukala orain: «30 urte lanean daramatzaten aktore askok esaten duten bezala, onena iristear dagoela pentsatzeak emozionatzen nau».
«30 urte lanean daramatzaten aktore askok esaten duten bezala, onena iristear dagoela pentsatzeak emozionatzen nau»
ORLANDO BLOOMAktorea
Kazetari batek, baina, duela urte batzuk elkarrizketa batean esan zuen zerbait gogorarazi dio aktoreari, eta eten egin du Herzogek orduan: «Ez zenukete hori egin behar; ez zenukete Interneten sartu behar eta bilatu zer esan genuen duela 45 urte. Egiten dugun lanaren parte handi bat ez dira ideiak. Esan nahi dut: atletak bezalakoak izan behar dugu, eta zinema egitearen parte fisikoa ere ikusi, ez ideia akademikoetan geratu».
Gizakiari forma «kulturak eta hizkuntzak» ematen diotela ere esan du Herzogek, eta kezka agertu du gizarte garaikidean nagusitzen ari diren zenbait dinamikagatik. Oso gaztea den jendeari mintzatu zaio une batean: «Esan nahi diet: ez ezazue algoritmoek diktatutako bizitza bat bizi; eutsi arretari lurrean zulo bat egiten duzuen bitartean, etxetxo bat egiten duzuen bitartean, adibidez, zuhaitz batean. Mundua gure arima okupatzen has daitekeen momentuan, oso erne egon beharra dago. Oso erne adimen artifizialarekin, gauzak oso zail jarriko baitira».
