Hamaika kulturgilek egin dute bat Durangoko Azokan gaur, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Hezkuntza Legearen zirriborroaren «irakurketa kritikoa» plazaratzeko. Haien ustez, kultur transmisioa eta ezagutza bermatzeko «ezinbestekoa» behar luke euskal kulturak Hezkuntza Lege berrian zein ikastetxeetako curriculumean. Baina legearen zirriborroa irakurrita, ez dute kultura «zehar-lerro» izango den bermerik ikusi. «Ez oinarrizko hezkuntzan, ez beste hezkuntza eremu batzuetan ere». Horregatik, Landako plazan irakurritako manifestuan «kezka handia» azaldu dute, eta gabezia horiek betetzeko eskaria egin diete ordezkari politikoei.
Katixa Agirre idazleak eta Imanol Epelde kultur eragileak irakurri dute testua, eta beste hamaika sortzaile ere izan dira bertan euren atxikimendua azaltzen. Bertan izan dira, besteak beste, Joxemari Agirretxe 'Porrotx', Oier Guillan, Iñaki Ziarrusta eta Eneritz Artetxe antzerkigileak, Elkar, Txalaparta zein Euskal Editoreen Elkarteko ordezkariak, Dani Fano Xabiroi aldizkariko zuzendaria, Iratxe Retolaza kultur ikerlari eta eragilea, Laura Mintegi, Jose Luis Otamendi eta Nerea Loiola idazleak, Eider Eibar ilustratzailea, Unai Iturriaga bertsolaria, Mikel Urdangarin musikaria eta Amagoia Gurrutxaga Lanarteako kidea. Eta ondorengo erakundeak ere bat datoz irakurritakoarekin: Jakin, Euskaltzaleen topagunea, Hik Hasi, EIZIE, Bertsozale elkartea, Dantzan, Ibaia, EHAZE, Musika Bulegoa, Galtzagorri elkartea, Dantzaz, Ahotsenea, Euskal Pen Kluba, Musikari elkartea eta Euskal Idazleen Elkartea.
Kultura ardatz
Zirriborroan kezka eragiten dieten lau puntu nabarmendu dituzte agerraldian. Salatu dutenez, Hezkuntza Legearen zirriborroak ez du kultur hezkuntza edo hezkuntza artistikoa «funtsezko adartzat» jotzen. Diotenez, zirriborroak ez dakar euskararen eta euskal kulturaren egoera diglosikoari buruzko aipamenik. Ez dago euskal kulturari espresuki uztartutako helbururik ere. Eta, azkenik, irakurketa kritikoaren arabera, zirriborroak ez du euskal kulturaren transmisioa eta ezagutza bermatuko duen erakunde, organo edo funtzio iraunkorrik aurreikusten.
Zirriborroan gaiak zentralagoa behar lukeela uste dute agerraldian izan diren eragileek. Haien hitzetan, kultur hezkuntza baita «jardun eraginkorrenetariko bat», besteak beste, pentsamendu sortzailea eta kritikoa sustatzeko, nortasunaren garapena sustatzeko, zein gizarte kohesioan urratsak egiteko.
Proposamen zehatzak
Euskarak eta bere kulturak «bereizezinak» behar luketela ere uste dute, eta hizkuntzaren normalizazioarekin lotuta deskribatu dute kulturgintza. «Euskara ez da normalizatuko euskarazko kulturgintzaren ekosistema osasuntsurik gabe». Joan etorrikoa da harreman hori, gainera, diotenez, euskara normalizatu ezean, ezinezkoa baita ekosistema osasuntsu hori ere. «Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzak prozesuaren amaieran euskaldun oso izango diren ikasleak hezi nahi baditugu, ezinbestekoa da euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatzea». Eta, azaldu dutenez, euskararen eta euskal kulturgintzaren historia eta oraina irakasteaz gainera, beharrezko ikusten dute, «euskaraz sortzeko grina» transmititzea ere.
Irakurketa kritikoaz harago, proposamen zehatzak egiteko asmoa ere azaldu dute agerraldian. Iragarri dutenez prest dute horretarako dokumentua. Hezkuntza Sailari igorriko diote egunotan, eta euren kezka bera duten kolektibo eta eragileei plataformarekin harremanetan jartzeko deia ere egin diete.