Kritika-Antzerkia

Hilezin izan nahi

'La Patética' antzezlana.
'La Patética' antzezlana.
Agus Perez.
2025eko abenduaren 9a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

'LA PATÉTICA'

Ekoizleak: Espainiako Centro Dramatico Nacional eta Teatro Kamikaze. Inspiraziorako testua: Arthur Schnitzler. Egokitzapen librea, dramaturgia eta zuzendaritza: Miguel del Arco. Eszenografia: Paco Azorin. Argiak: David Picazo. Jantziak: Ana Garay. Musika: Arnau Vila. Antzezleak: Israel Elejalde, Jesus Noguero, Francisco Reyes, Jimmy Castro, Inma Cuevas, Juan Paños, Manuel Pico. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: abenduak 4.

 

Txaikovskiren 6. sinfonia Patetikoa ezizenarekin ezagutzen dugu gurean errusierazko itzulpen txar baten erruz, baina jatorrian pasionatua esan nahi du gutxi gorabehera.

Orain ikusi berri dugun La Patética antzezlanean orkestra zuzendari bat obsesionaturik dabil sinfoniari zentzu berritzaile bat ematearekin, uste izanda lan horrekin sekulako ospea eskuratu eta nolabaiteko hilezkortasuna lortuko duela. Bere eldarnioaren ikur, alboan edukiko du une oro errusiar konpositorearen pertsonaia, eta baita ere baten zein bestearen bizitzetan partaide diren edo izan ziren figura dramatikoak.

Miguel del Arco testuaren egile eta muntaiaren zuzendariak zuku handia atera dio oinarrizko planteamendu horri, eta oraingo zuzendariaren larritasuna aitzakia ona izan da beste kontu batzuei ekiteko, hala nola gaixotasun baten fase terminala, heriotza bera eta hilezin izatearen nahia edota sexu berekoen maitasuna. Azken gai horren kontura Putinen Errusian hedatu den homofobia, gurasoekin izaten ditugun harreman korapilatsuak eta ego neurrigabeko kritikarien kontua ere aztertu dira, sakon aztertu ere, ironia fina barra-barra erabiliz eta dialogo ordainezin asko han-hemenka tartekatuta.

Baina testuaren interesa handia izanik ere, ezinbesteko laguntza eduki du dramaturgia irudimentsuaren aldetik: noizean behin pertsonaien aparte edo barne gogoeta laburrekin zipriztindu dira solasaldiak, maisutasun handiz tartekatu dira era askotako eszenak, eta emanaldian zehar beren-beregi sortutako abestiren bat kenduta, Beethoven, Wagner eta, nola ez, Txaikovskiren beraren zatiak entzun ditugu, musikari buruzko iruzkin mamitsuekin hornituta.

Argien diseinu dotoreak pisu handia eduki noizbehinkako mezu idatziekin eta koloreen zein lerro zuzenen esangurarekin, eta eszenatokiak gela soinugabetu baten itxura hartu du eroetxe bateko gelen nahiz musika grabatzeko estudioen antzera. Bestalde, protagonistaren egoera animikoa irudikatzeko, inguruko pertsonaiak hormetan antzemanezinak ziren ateetatik sartu eta irten dira, eta hormetatik ere agertu eta desagertu dira eskailerak eta beste elementu batzuk. 

Azkenik, gure eskerrik beroenak antzezleen ekipoari: bikainak izan dira haien interpretazioak —haietariko asko rol batean baino gehiagotan ibili da—, eta pertsonaia ordainezin batzuk eratu dituzte amaren, kritikari orojakilearen eta auzokide drogazale jatorraren kasuetan. Antzezlan bikaina, zinez, gaurko antzerkiarekin sano berradiskidetu gaituena. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.