Hiri bat belarriz paseatzea

Bilboren soinu-erretratua egin dute Maialen Lujanbio bertsolariak eta Xabier Erkizia soinu artistak 'Gurdi irrintzi orbaindua' piezan. Bilbon aurkeztu dute lana zuzenean.

Inigo Astiz
Bilbo
2016ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Hiri hau begientzat egina da, begiek agintzen dute hemen: usainak, airea, soinuak ez dira erretratuetan azaltzen». Bilbo hartu dute ardatz Maialen Lujanbio bertsolariak eta Xabier Erkizia soinu artistak Gurdi irrintzi orbaindua irrati pieza sortzeko, eta, hain zuzen ere, hiriaren soinu erretratu bat egitea izan da haien asmoa. Duela hilabete Bilboko Azkuna Zentroak antolatutako Prototipoak jaialdiak iraun bitartean hirian egindako grabazioak eta orduan hartutako oharrak biltzen ditu lanak, eta belarrietarako mapa bat sortu dute harekin. Belarrientzako Bilbo bat. Asteazkenean aurkeztu zuten jendaurrean Consonni ekoizpen etxeak Azkuna Zentroan antolatutako La Publika irrati magazinean, eta Danele Sarriugarte idazleak proiektuaz egindako galderak ere erantzun zituzten.

Catherin Lee Bates abestigile iparramerikarrak 1850ean idatzitako testu bat duabiapuntu Erkiziaren eta Lujanbioren piezak. Idazleak garai hartako Bilbon ikusi eta entzundakoaz egiten duen deskribapenak abiatu zuen proiektua, eta deskripzio hori hitzez hitz irakurriz abiatu zuten horregatik beren pieza. «Baserritarrek bi zurezko gurpil soilen gainean doazen idi orga pisutsuak gidatzen dituzte (...). Estruktura guztia, gurpileko burdinazko eraztunak eta iltzeak ezik, egurrezkoa da, eta bai ardatzak, nahi hari lotuta doazen gurpilek biratzerakoan kirrinka ikaragarria sortzen dute. Baserritarrak maite du soinu hori. Bere ustez, kirrinka idien gustukoa da, eta, gehienbat, deabrua uxatzen du».

Eta soinu horrekin dator bi munduren arteko talka, zeren eta industrializaziorantz zihoan hiriak debekatu egin baitzuen zarata hori. Galarazi egin zieten sarbidea idi gurdiei. Isuna? 25 pezeta. Batesen hitzak berriz: «Euskaldun haietako batek goizean ernatu, uztarririk ederrena aukeratu, idiei jarri, beren begi pazienteak tapatzen zituzten gorri koloreko larruak arreta handiz ezarri eta herrirako bidea hartu zuen. Herriko etxera iritsi zen xuxen-xuxen. Bertan 25 pezetako isuna ordaindu, eta egun guztian bere gurdia kalez kale paseatu zuen denei kirrinka entzunaraziz».

Pulunpak errepidean

Erkiziak irakurri zituen idazlearen hitzak emanaldian, eta gurdi zahar baten kirrinka entzun zitekeen atzealdean. Izan ere, Batesek deskribatutako gertakari hura berregitea izan zen Erkiziak Prototipoak jaialdirako egindako proposamenetariko bat: bi idik tiratutako egur hutsezko gurdi zahar bat paseatu zuen soinu artistak Bilboko kaleetan maiatz amaierako egun batez, eta orduan egindako grabazioak baliatu dituzte emanaldirako. Kirrinka, apatxen kolpeak errepidean, zintzarrien pulunpa...

Ez dute gurdiaren grabazioa soilik erabili, ordea; astebetez hirian bildutako beste hots batzuk ere baliatu dituzte hiriaren soinu kronika egiteko: txoriak, garbitzaileen kamioia, Kale Nagusiko manifestazioak, motorrak, solasaldiak, motorrak, elektrizitatea, motorrak... Ahots gutxi. Eta horregatik Lujanbioren apuntea: «Jarri belarriak erne, entzun, inork entzuten ditu ahotsak? Ez dakit inork entzuten dion inori». Eta borobilago: «Ziudade bat ez da ahotsaren eskalakoa. Ez du ahotsik entzuten. Ez daki. Ez dago entzuteko egina».

Eta hizkuntza paisaiarentzako tarte bat ere bai. «Hizkuntzak ere entzuten dira. Gaztelera nagusiki. Hizkuntza afrikarrak zonaldeka. Eta ingelesa. Ingelesa hiriaren gogoan. Ingelesa proiektu berrien tituluetan. Ingelesa eraikin berrien izenetan».

Pozik agertu ziren bi sortzaileak egindako ikerketa lanarekin. Lujanbiok azalpena Sarriugarteri: «Hiriaren geruza ezberdinak entzutera jartzea izan da ariketa nire kasuan, eta soinu horien zergatia aztertzean hiriaren egiturarekin, planteamenduarekin eta politikarekin lotura duten hainbat eta hainbat kontu ateratzen dira».

Prototipoak jaialdian bertan aurkeztu zuten bi sortzaileek bertan egindako lanaren lagin bat, baina asteazkenean eman zuten lehenengoz material horrekin sortutako irrati pieza zuzenean. Emaitzarekin pozik bi egileak, eta baita bildutako material multzo handiarekin zerbait gehiago egiteko gogoz ere. «Ez goaz promesak egitera, baina material asko dugu bilduta, eta posible da zerbait garatuagoa egitea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.