Koronabirusak eragindako krisiak hiri oso bat kaxoian gordetzera behartu zuen Pedro G. Romero artista (Aracena, Huelva, Espainia, 1964). Bilboko Arte Ederren Museoak eta BBVA fundazioak sortutako Bideoartea Sortzeko Multiverso beka jaso zuen sortzaileak 2018. urtean, eta Sevillaren erretratu koral bat eskaintzen zuen ikus-entzunezko bat sortu zuen babes horri esker. Hiriko kultura flamenkoari lotutako bederatzi pertsona esanguratsuk egindako beste hainbeste paseo mutu biltzen zituen lanak, baina osasun krisia lehertu, eta ezkutuan eduki behar izan du geroztik. Flamenkoak deitzen da pieza, eta orain izan du, azkenik, lehenengoz jende aurrean erakusteko aukera, Bilboko Arte Ederren Museoan jarri du ikusgai Sevillaren bere erretratu hori.
2019an Gonzalo Garcia Pelayo zuzendariarekin batera Nueve Sevillas izeneko filma sortzen lagundu zuen Romerok. Pelikula hartan ere, orain instalazioan agertzen diren bederatzi protagonistek hartzen zuten parte, eta, ondorioz, lan paraleloak dira biak. Gidoi zehatzik gabe sortu zuten filma, Romerok azaldu duenez: «Hainbat egoera sortzen genituen eta grabatu eta grabatu egiten genuen». Bi ordu pasako filma izan zen prozesu horren emaitza, eta, artistak dioenez, lan haren muina da orain instalazioan ikus daitekeena. Haren «esentzia psikogeografikoa», zehazki.
«Bideoetan agertzen diren pertsonek askotariko pertsonaiez egindako fresko bat osatzen dute, eta, guztien artean, hiriaren mapa heterodoxo bat aurkezten dute»
PEDRO G. ROMEROArtista
Instalazioan, hitzik egin gabe, mutu, hirian paseoan ikus daiteke filmeko protagonistetako bakoitza, eta, paseo kiribil batean balego bezala, bisitariak ere, Bilboko museoko areto batetik bestera paseatu beharko du haiek ikusteko. Bost minutu eta bederatzi segundokoa da paseo sekuentzia horietako bakoitza, eta, beraz, guztira, 49 minutuko ikus-entzunezko zatikatu bat da instalazioa.
Flamenkoa ez da existitzen
Izan ere, protagonistetako bakoitzak du bere bideo propioa aretoetan. Haiekin batera, artistak flamenkoari, hiriari zein ijitoa izateari buruzko hainbat gogoeta ere txertatu ditu hormetan. «Flamenkoa ez da existitzen» dio lehen aretoan dagoen idazkietako batek, eta flamenkoa deskolonizazio prozesu bat ere badela gogoratzen du beste batek. Eta beste areto batean, Sevillaren izaera askotarikoaz mintzo da beste testuetako bat: «Sevilla hiri anakronikoa da», dio. «Hainbat garai historiko gainjartzen ditu, polirritmoetan, gurutze erako erritmoetan, erritmo bitar eta hirutarretan, amalgama batean».
Artistaren hitzetan, hiriaren zein hiriko kultura flamenkoaren erretratu «heterodoxo» eta «koral» bat osatzen du instalazioan agertzen diren parte hartzaileen multzoak ere. «Bideoetan agertzen diren pertsonek askotariko pertsonaiez egindako fresko bat osatzen dute, eta, guztien artean, hiriaren mapa heterodoxo bat aurkezten dute. Gainera, Sevillaren nortasunaren irudi oso tenkatua erakusten dute». Eta, gero, banan-banan aurkeztu du bideoetako pertsona bakoitza hori erakusteko.

Yinka Esi Graves da lehen sekuentziako protagonista, Londresen jaiotako sustrai afrikardun flamenko dantzaria. Juan Jimenez Bobote flamenkozale eta artistaren laguna da instalazioko beste paseatzaileetako bat. Gonzalo Garcia Pelayo Sevillako kontrakulturako figura esanguratsua da beste bat. Javiera de la Fuente perutarra ere bada instalazioaren parte, eta zaldi gainean ikus daiteke hirian paseoan Vanesa Montoya toreatzaile ijito lesbiana. Eta, azkenik, David Pielfort poetak, Rocio Moreno eta Rudolf Rosgas Janek artistek eta Pastora Filigrana ijito aktibistak osatzen dute bederatzikoa.
Irudietan isilik ageri dira protagonista guztiak, baina soinuak eta kantak ere entzun daitezke instalazioko bozgorailuetan, besteak beste, txoriak eta zaldien apatxak. Halaber, ijitotasunari buruzko eta naziek haien aurka egindako jazarpenari buruzko gogoetak entzun ahalko ditu bisitariak, bai eta kanta batzuk ere.
Bilboko erakusketan egindako aurkezpenean, agerian geratu da flamenkoaren kulturari buruz zer-nolako erudizioa duen ere, eta, hain zuzen, ikerketa eta praktika artistikoa uztartzeko modu hori laudatu zion Espainiako Kultura Ministerioak, iaz, Arte Plastikoen Saria emanda. Artista ez ezik, ikertzailea, komisarioa, editorea eta zinema zuzendaria ere bada, gainera, eta haren lanetan ohikoa izaten da goi kultura eta behe kultura deitzen diren horien arteko mugak zalantzan jartzea.
Multiverso proiektua
Batez ere, Sevillan eta Bartzelonan egiten du lan Romerok, baina ezagun du Euskal Herria ere. Arteleku espazioan egona da, esaterako, eta, horrez gainera, Iruñeko Ikuspuntu jaialdian ere izan da azken urteetan. 2016an Bake ituna erakusketako komisarioa ere izan zen Donostiako Kultur Hiriburutzako programazioaren barruan, eta, berriki, Zorraren Z erakusketa ere antolatu du Zumalakarregi museoan, Ormaiztegin (Gipuzkoa).
Bilboko Arte Ederren Museoak eta BBVA Fundazioak 2017an jarri zuten abian Multiverso izeneko programa, eta bi ildo nagusi izan ditu. Hitzarmen horren bidez, alde batetik, hainbat artista garaikideren lanak ikusgai jartzeko aukera izan du Bilboko Arte Ederren Museoak. Baina, horrez gainera, euren lanak ekoizteko laguntzak jasotzeko aukera ere izan dute beken deialdi irekira aurkeztu diren artistek. Josu Rekalde, Ana Laura Alaez, Antoni Abad, Toni Serra, Mabel Palacín, Nadia Hotait eta Manu Arregi artistek hartu dute parte deialdi horretan, esaterako, eta, Pedro G. Romeroren lana bezala, Bilbon egon dira ikusgai haien lanak ere.