«Teatroak bizitzarekin bat egiten du hemen. Hemen deskubritzen duzu teatroak komunitatetik daukana». Zail da, bestela ere, Iñigo Ibarra izenarekin jaiotako mutilaren eta Ander Lipus izena hartu zuen antzerkigile eta Arte Dramako kidearen arteko muga marraztea, baina Aulestiko Antzerki Topaketetan ia ezinezko bilakatzen da ariketa. Azaldu du zergatik: aste betez batera doaz bizitza eta antzerkia Aulestin (Bizkaia). Orain hamar urte antolatu zituzten lehen topaketak, eta, ordutik hona, euskal antzerkigintzaren zentro bilakatu da sei egunez 650 biztanle inguruko herria. Antzerkigintza eta dantza tailerrak antolatzen dituzte goizetik arratsaldera ikasleentzat, eta antzerki emanaldiak gauetan hara biltzen den edonorentzat. Euskaraz dena. Astebetez hiriburu bat da Aulesti, herrixka maskaraz.
Ez da erraza izan marka, ordea: kasik hasterako egin zuen estropezu egitasmoak. Bigarren urtean egon ziren dena bertan behera uztekotan, Lipusek gogoratzen duenez. «Garai hartan Antzerkiola Imaginarioarekin genbiltzan, taldea desagertze prozesuan zegoen, eta topaketarik ez egitea erabaki genuen, baina herrikoek eskatu ziguten mesedez jarraitzeko topaketekin». Horregatik, antolatzailearen gogoeta: «Hamar urte iraun badu, herriak berak halako topaketa batzuen beharra sentitu duelako izan da». Hura izan zen lehen malda, baina ez da bakarra izan. Orain lau urte izan zuena du gogoan Jasone Parada Arte Dramako kideak. Aulestiko Udalak eusten zion ordura arte jaialdi osoari eta ikasleen astebeteko egonaldiei. Baina Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiaren ateak jo, eta hala lortu zuten segitu ahal izateko babesa. «Urte hartan aurrera egingo genuela erabaki genuen, eta hurrengo urtean ikusiko genuela». Eta, halere, hamar.
Lipusek hasi du kontaketa: «Ikaragarria da zenbat irakasle pasatu diren hemendik». Paradak eman dio datua: «Ia 40 izan dira». Eta Lipusek berriz: «Euskaraz irakasteko jendea badago, eta ez dira gutxi oraindik etortzeko falta direnak». Ez dira asko, ordea, euskaraz arte eszenikoak lantzeko aukerak. Salbuespena da Aulesti horregatik. Lipus: «Behar zen halako zerbait. Leku batzuetan euskara existituko ez balitz bezala da, baina bat-batean konturatzen zara tailerrean dauden hamar ikasleetatik zortzi euskaldunak direla». Parada: «Jendea etortzen da ez tailer hau edo bestea dagoelako, baizik eta badakielako tailerrak euskaraz izango direla eta maila bat izango dutela. Jendeak konfiantza dauka. Guretzat, ona da hori».
Eta ikasleekin nola, hala ikusleekin ere. Emanaldi bila aritu beharretik, emanaldiak hautatzera egin dute jauzi, diotenez, gora egin baitu hamarkada betean euskarazko antzerki eskaintzak. Gora kopuruan eta gora eskaintzan. Eta publikoa erakartzen lagundu du horrek ere. «Lehen urtean, taberna batean egiten genituen saioak, eta, orain, ostiral eta larunbatean pilotalekua behar izaten dugu. Iaz, 300 ikusle inguru batu ziren, eta 650 biztanle inguru dauzka Aulestik!».
Paradak aitortu du. Bada maiz jasotzen duten galdera bat: «Zergatik joaten zarete halako herri txiki eta bakartu batera?». Baina badu galderak bere erantzuna. «Hemen babes handia daukagu, etxean bezala gaude, eta badugu leialtasun apur bat ere. Harrera oso ona izan dugu, eta hori ezin da utzi ezeren truke. Babesa dugu, eta babes horregatik funtzionatzen dute topaketek». Sei emanaldi antolatu dituzte aurten, 11 ikasle batu dituzte, eta sei irakasle.
Eskua euskaraz erabiltzea
Transformazio unea du hau Natxo Monterok, herriko frontoi alboko gela kanpoaldean. Dantza irakasle dabil topaketetan goizero, 09:00etatik 11:00etara, baina amaitu ditu gaurko lanak, eta ikasle sartuko da hurrengo eskolan. Esperientzia osoa bizitzera joan da Aulestira. «Aste beteko trebakuntza eta topaketa honen parte izan nahi nuen. Ogibide honetan beti elikatu behar duzu zeure burua». Euskalduna izan arren, eta lanbidean urteak daramatzan arren, lehen aldia du aurtengoa euskaraz irakasten eta euskaraz ikasten. Eta euskaraz ezagutu du bere gorputza gaur. «Gaurko eskolan ez dut jakin palma esaten [esku ahurra]. Uste dut inoiz ez dudala erabili euskaraz».
Oinutsik daude eguzkitan Maddi Martiarena, Rakel Salinas eta Marina Suarez Ortiz De Zarate, eskolatik atera berri haiek ere. Antzerkigintzan aritzen dira hirurak, eta pozarren daude eskolekin. Kalitatea nabarmendu du Suarez Ortiz de Zaratek: «Luxua da antzerkia euskaraz egin ahal izatea, eta, gainera, oso jende onarekin ari gara». Eskolaz kanpo ere segitzen du eskolak, gainera, Martiarenak dioenez: «Zortzi orduz aritzen gara eskoletan egunero, baina hortik aterata ere klasean segitzea bezala da, jendearekin hizketan segitzen duzulako». Salinas ere, pozik, etengabeko hartu eman horrekin: «Denok etortzen gara izugarrizko gogoarekin. Magikoa da bizikidetza».
Hiriburu bat herrixka maskaraz
Hamargarren urtea bete dute aurten Aulestiko Antzerki Topaketek, eta pozik daude antolatzaileak egitasmoak lortu duen babesarekin.Larunbatera arte iraungo dute tailerrek eta antzerki emanaldiek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu