Hiru plaza euskal sorkuntzari

Mintzola hizkeraren lantegiak kultur tailerrak eta sormen egonaldi bat antolatu ditu aurtengo udazkenerako. Askotariko diziplinetako zenbait artistak hartuko dute parte: bertsolariek, dantzariek, aktoreek eta umoristek...

Ezker-eskuin, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendaria eta Miriam Urkia Euskaltzaindiaren ikerketa sailburu eta Gipuzkoako ordezkaria. GORKA RUBIO / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
2023ko urriaren 11
00:00
Entzun
Bi urte pasatxo dira Mintzolafundazioa desegin, eta Euskaltzaindiak hartu zuenetik haren gaineko ardura. Hizkeraren lantegi izendatu zuten orduan egitasmoa. Mintzolak euskarazko ahozko jardunean du jarria arreta egun; euskarazko eguneroko hizkeran, batik bat. Besteak beste, ikerketan eta sustapenean ari da lanean. Hain zuzen ere, hiru egitasmo antolatu dituzte aurtengo udazkenerako bi arlo horien inguruan. Atzo goizean aurkeztu zituzten egitasmook, Donostian, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak eta Miriam Urkia Euskaltzaindiaren ikerketa sailburu eta Gipuzkoako ordezkariak.

Bi kultur ekintza antolatu dituzte sustapenaren arloari dagokionez: Ahostegunak tailerrak eta Ahots Baten sormen egonaldia. Euskal Herriko Bertsozale Elkartearekin elkarlanean antolatu ditu Euskaltzaindiak bi egitasmo horiek. Antolatzaileen arabera, «gazteak izango dira protagonista» bietan: «Ahostegunak ekinaldiaren bitartez, 18 eta 22 urte bitarteko gazteek bertsoaz, literaturaz, kantuaz eta antzerkiaz gozatzeko aukera izango dute». Amaia Elizagoien ipuin kontalariak, Itziar Telletxea abeslariak eta Aner Peritz eta Oihana Arana bertsolariek osatzen dute antolaketa taldea, eta lau izango dira artista gonbidatuak: Ainhoa Larretxea gai emailea, Sustrai Colina bertsolaria, Garazi Arrula idazlea eta Goxua'n saltsa musika taldea. Azaroko hiru ostegunetan izango dira saiook, 9an, 16an eta 23an, Iruñean, Euskaltzaindiak Nafarroan duen ordezkaritzan. Doakoa da sarrera ere, baina aldez aurretik bete beharko da izen ematea, Mintzolaren webgunean.

Hain zuzen ere, Ahostegunak proiektuaren formatu bertsuan egingo da Ahots Baten sormen egonaldia, eta berbera izango du antolaketa taldea ere. Hala eman dituzte antolatzaileek haren gaineko azalpenak: «Euskarazko ahozko sorkuntzan dabiltzan gazteak elkartu, beren arteko harreman sareak ehundu, eta adierazpide desberdinak esperimentatuko dituzte». Beizamako aterpetxean (Gipuzkoa) egingo dute egonaldia, abenduaren 26tik 30era. Artista gonbidatuen berri ere eman zuten. Honako hauek izango dira: Nerea Ibarzabal eta Ane Labaka bertsolariak, Oier Zuñiga aktorea, Beatriz Egizabal umorista, Gaizka Sarasola antzerkigilea, eta Martxel Rodriguez dantzaria. Azaroaren 20tik abenduaren 10era izango da izena emateko aukera, Mintzolaren webgunean.

Urriaren 18an egingo duten mintegi baten berri ere eman zuten aurkezpenean. Zehazki, ikerketaren arloan saritu dituzten gradu eta master amaierako lanen, ikerketa monografikoen eta beste erakunde batzuekin elkarlanean abiatutako ikerketen emaitzak aurkeztuko dituzte mintegian. Donostian izango da, Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaritzan, 09:00etan hasita.

Arratsaldean, berriz, Arikala ikastetxeetan lagunarteko euskara sustatzeko ikerketa taldeak eta EHUko irakasle ikertzaileek parte hartuko dute mintegian. Antolatzaileen arabera, bi ikerketa talde horiek hitanoaren inguruko azterketaren ondorioak azalduko dituzte, eta baita euskal gazteen eguneroko hizkerarako adierazkortasunean euskarak beste hizkuntzen aldean duen pisua ere. Doakoa izango da sarrera, baina bertaratu nahi duen orok izena eman beharko du donostiaordez@euskaltzaindia. eus helbidera idatzita, edo 943-428 050 telefono zenbakira deituta.

Euskal ahozkotasuna

Atzo aurkeztu zituzten hiru egitasmoak ikerketaren eta sustapenaren arlokoei badagozkie ere,Urkiak gogorarazi zuen «hiru zutabe» dituela oinarrian Mintzolak: ikerketa, sustapena eta ezagutza transferitzeko bokazioa.

Mendizabalek gaineratu zuen ahozkotasuna «funtsezko faktorea» dela euskararen erabilerari dagokionez: «Gizarte harremanetan hizkuntza sanoa eta bizia erabiltzeko garaian ezinbestekoa da ahozkotasun aberats eta jori bat». Hain justu, horretan sakontzea du xede Mintzolak: «Euskararen erabilera areagotzeko tresnak eskuratzeko lan egin nahi dugu, herritarren eguneroko hizkeran inpaktu positiboa lortzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.