Biolontxeloaren inguruko disko-liburu bat, gazteen inguruko serie bat eta helduentzako sexu lo-kanta disko bat: horiek dira Batera, kultur proiektuak elkarrekin sormen bekako hiru proiektu aukeratuak. Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak bederatzi proposamenen artean hautatu ditu lanok, duten «originaltasunagatik, euskarazko sorkuntzari egiten dioten ekarpenagatik eta euskal jendartean sor dezakeen interesagatik». Hiru hilabete izango dute orain proiektuak garatzeko, eta finantzaketa kolektiboko kanpaina abiatu dute horretarako.
Oihanederrek eta Gauekoak Elkarteen Federazioak antolatutako egitasmo bat da Batera, eta Euskal Herriko 16 eta 30 urte bitarteko gazteek euskarazko kultur proiektuak garatu ditzaten laguntzea du helburu. Hirugarren aldia du lehiaketak, baina, aurten lehen aldiz, Euskal Herri osora zabaldu dute deialdia. Laboral Kutxaren eta Vital kutxaren laguntza jaso dute horretarako.
Loa-loa, laguna du izena Maider Lasaren sormen lanak: helduentzako sexu lo-kanten disko bat egitea da bere asmoa. Euskal lo kanta herrikoiak «berreskuratu», bere erara moldatu, eta horien bitartez «sexu-energia ikertu» nahi du egitasmo artistiko eszeniko bat osatzeko. Antzerkia eta musika egin izan ditu Lasak, eta duela lau urte egindako hausnarketa batetik hasi zen ideia gorpuzten.
«Lo kantak txikitan entzuten ditugun abestiak dira, maitasunez abestu izan dizkigutenak. Amaren bularrarekin, magalarekin eta lasaitasun espazio batekin lotzen dira abesti horiek. Nagusi egiten garenean, entzuteari uzten diogu, ordea, eta, horrekin batera, bularraren segurtasun espazio hori espazio sexual bat bilakatzen da». Bada, musika eta espazioa lotu nahi ditu berriz, konektatzen dituen «energia» hori baliatuta. Bideoak eta zuzeneko ikuskizun baten grabazioa ere egin nahi ditu, halaber.
Eñaut Zubizarretarena ere bakarkako proiektua da: Poliedroa Vol.1. Biolontxeloaren inguruko disko-liburu bat prestatu eta argiratzea du helburu. Bi zatitan banatu du lana. Batetik, «forma eta kolore anitzeko» hemeretzi abestiz osatutako disko bat egingo du. Biolontxeloa musika estilo ezberdinetara egokituko du, instrumentu hori molde klasikoetatik atera daitekeela ikusarazteko. Eta, bestetik, gaurko eta biharko biolontxelo edo biolin jotzaileak lengoaia berri hori erakusteko metodologiaz eta partiturez osatutako liburu bat ere argitaratuko du.
Zubizarretak bizi osoa darama biolontxeloaren inguruan. Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan eta Bartzelonako ESMUCen egin zituen ikasketak, besteak beste, baina beti aritu da musika klasikoaren inguruan. Duela bi urte, ordea, biolontxeloa molde klasikotik kanpo zer parametrotan mugi zitekeen ikertzen hasi zen bere kabuz, eta lan horren emaitza da proiektua, hain zuzen: «Jabetu nintzen mundu oso bat dagoela deskubritzeko eta egiteko. Teknika ezberdinak ikasi nituen, adibidez, eta nire obrara aplikatu ondoren. Eta ohartu nintzen biolontxeloak eta nire gorputzak moldakortasun handia zutela, eta horregatik erabaki nuen Poliedro izena ematea proiektuari».
Talde lana da, ostera, Larrugorritan. Ane Nafarrete, Jone Arriola, Uxue Botas, Itziar Otxoa, Aitor Goenaga, Mirena Nafarrate, Maialen Sorzabalbere, Maider Lazkano, Ainara Arriola eta Biarritz Fernandezek osatutako taldeak egindako serie bat, alegia. «Gazteek egindako eta gazteei zuzendutako» euskarazko fikziozko serie bat egitea proposatu dute, eta, besteak beste, hizpide izan nahi dituzte emakume eta gizonen arteko estereotipo eta mitoak, gai tabuak, egunerokoan dituzten kezkak eta gatazkak.
Donostiako Tabakalerak eskainitako 2deo programari esker hasi ziren proiektua garatzen, eta, orain, lehenengo kapitulua sortu eta filmatu nahi dute. «Gaur egungo gazteak ez dira identifikatuta sentitzen egungo ikus-entzunezko lanetan ikusten dituzten gauzekin, ez dutelako ongi azaltzen beraiek dituzten gatazkak zeintzuk diren edo ez dutelako ongi islatzen. Eta ideia hori izan zen abiapuntua», azaldu du Jone Arriolak. Sei atal izango ditu serieak denera.
Finantzaketa kolektiboa
Lan bakoitzak 2.000 euroko laguntza jaso du, baina proiektua guztiz garatu ahal izateko finantzaketa kolektiboko kanpaina ere abiatu dute. Itsulapikoa.eus atarian jarri dute diru ekarpenak egiteko aukera, eta berrogei egun izango dituzte helburu gisa jarritako kopuruak lortzeko.