Hiru txori iparraldera begira

Xabier Erkiziak eta Maialen Lujanbiok 'Txori mugariak' lana estreinatuko dute etzi, Donostian

Xabier Erkizia musikaria eta Maialen Lujanbio bertsolaria, atzo, Donostian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Jon Fernandez.
Donostia
2011ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Txori migratzaileek ez dituzte ezagutzen mugak. Iparraldetik hegoaldera egiten dute ibilbidea, edota alderantziz, urtaroaren arabera. Alabaina, geografiak marraztutakoez harago, egon badaude iparra eta hegoa bereizten dituzten mugak: ikuspegiak jarriak, politikak ezarriak. Txori mugariak ikuskizunaren bitartez, iparra zer den ulertzeko ibilbidea egingo dute Maialen Lujanbio bertsolariak, Xabier Erkizia musikariak eta Stephane Garin musikari eta fonografistak. «Txori migratzaileak joan doaz. Gu txori mugariak gara».

Donostiako Literaktum jaialdiaren enkarguz sortu dute ikuskizuna, eta astelehenean estreinatuko dute Lugaritz kultur etxean, 20:00etan. «Enkargua egiterakoan Iparraldearekiko harremana sortzeko interesa nabarmendu ziguten, iparraldeko eta hegoaldeko artistak elkarlanean aritzea sustatzeko. Kako artean diogu iparraldeko eta hegoaldeko, kontzeptu arriskutsua baita. Oinarri ez eze, gaitzat hartu dugu azkenean, eta iparrari buruzko ikuskizuna sortu dugu», dio Erkiziak.

«Iparraldearen ideia asko aldatzen da, nondik begiratzen den», esan du Lujanbiok. Beraiek irrati performancea hautatu dute begiraleku gisa. «Ez da lan erraza proiektua zer den azaltzea», aitortu du Erkiziak. «Lan esparru eta diziplinak desagertzen direnean edo beraien arteko mugak lanbrotzen direnean sortu izan dira irrati performancea bezalako genero hibrido eta definitzeko zailak». Iparraren ideia azaltzeko hitzak, hotsak eta erritmoak aldez aurretik grabatutako soinu eta elkarrizketekin bateratuko dituzte ikuskizunean. «Elementuen arteko elkarrizketa sortuko dugu zuzeneko irratsaioan, eta entzuleak edo ikusleak lotu beharko ditu ideia guztiak,bere kontakizun propioa eraikitzeko».

Glenn Gould eredu

Irrati performancearen esperimentuan murgiltzeko Glenn Gould (1932-1982) pianista kanadarra hartu dute erreferentzia gisa. Batez ere Bachen sonatak jotzeko modu bereziagatik ezagun egin zen, baina irratigintzan ere arrastoa utzi zuen Gouldek. Besteak beste, The Idea of North (Iparraren ideia) irrati dokumentala egin zuen 1970ean. Kanada iparraldearen eta bertako jendearen gaineko hausnarketa berritzailea proposatu zuen. Musikako kontrapuntuaren teknika hartu eta irratira pasatu zuen, ahots kontrapuntuak eginez. Antzeko teknikak landu dituzte Erkiziak, Garinek eta Lujanbiok ere.

«Finean, hitzen eta hotsen gainean egindako lana da, Erkiziak eta biok Ornitorrinkus ikuskizunean ere elkarrekin lantzen ari garen bidean», azaldu du Lujanbiok. Izan ere, lau urte inguru daramatzate bertsoa lurralde berrietara eramanez Ornitorrinkus proiektuaren bidez.

Nolanahi ere, estreinaldia iristeko irrikaz daude hiru sortzaileak: proiektua hezurmamitzeko, sentsazioak nabaritzeko. «Gidoia badaukagu, baina inprobisazioak ere izango du tartea. Etzi egingo dugu lehen aldiz ikuskizuna, eta, beraz, oraindik ez dakigu performanceak zer forma hartuko duen», dio Lujanbiok. Azken finean, Erkiziak azaldu duenez, egileek eurek ere ez dute argi proiektua zehazki zer den. «Ornitorrinkus-ekin gauza bera gertatzen zaigu lau urte igaro ostean ere. Ez dakigu musika taldea den, kontzertua den, berriketaldia den... Antzeko sentsazioa dugu Txori mugariak proiektuarekin ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.