Hirugarren aroko aurrenekoak

Calderon de la Barca, Kincaid, Melville eta Fournierren obrak argitaratuko dituzte aurten Literatura Unibertsala bildumanBeste 50 itzulpen liburu kaleratuko dituzte hiru argitaletxek, eta 202ra iritsiko dira hala

2012ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Pedro Calderon de la Barca, Jamaica Kincaid, Herman Melville eta Alain Fournierren obra bana euskaraz irakurri ahalko da aurten, horiek izango baitira Literatura Unibertsala bildumaren hirugarren aroko estreinako argitalpenak. Saila sortu zenetik, 152 itzulpen lan plazaratu dituzte orotara, bi fasetan —1990etik 2002ra lehendabizikoa, eta 2002tik 2010era bigarrena—. Hirugarrenerako, ostera, beste 50 literatur lan kaleratzeko ardura hartu dute Alberdaniak, Ereinek eta Igelak, eta itzultzaileak lehiaketa publiko bidez hautatu dituzte. EIZIE elkarteak du sailaren ardura, eta Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen du.

Xabi Paya izan da itzulpenak egiteko hautatuetako bat. Calderon de la Barca XVII. mendeko poeta eta antzerkigile espainiarraren La vida es sueño antzerki obra euskaratzeko proiektua adjudikatu diote, berak Bizitza amets gisara bataiatu duena. Batik bat, Poloniako Basilio erregearen seme Segismundoz ari da bertsotan idatzitako drama hori. Horoskopoen bidez, seme tirano eta fedegabea aterako zaiola jakin du Basiliok, eta dorre batean giltzaperatuko du, ingurukoei hilik jaio dela sinetsarazita. Erregeak ilobei utziko die kargua, baina herriak altxamendua antolatu eta Segismundo gortera eramango du. Hura aitaren zerbitzura jarrriko da, ordea, apal.

«Nahiko spoiler-a da horrela esatea, baina amaieran patuari aurre egiten dio Segismundok: zoriak zioen aita hilko zuela, baina berak gizatasuna erakusten du», dio Payak. Obra guztia «bizitzaren, errealitatearen eta ametsaren arteko dikotomian» mugitzen da, haren irudiko, eta esparru horiek itaun handietarako bide ematen dute. «Bizitza ametsa bada, ba al dute ondoriorik egiten ditugun ekintzek? Zer dira egia eta gezurra, zer da errealitatea?».

Gaietan ez ezik, metrika aldetik ere oso da obra askotarikoa, Payaren ustez: «Romance-ak ageri dira, silva-k, octava real-ak, decima-k...». Eta: «Euskal Herrian bertsoekin gertatzen den kontu bera da. Zortziko txikia umorerako erabiltzen da; habanera, berriz, gai sakonetarako. Antzerki obran berdin gertatzen da: metrika bakoitzak helburu jakin bat du».

Liburua osatzen duten 3.319 bertsoen itzulpena egiterakoan, bi bidetako bati heltzea deliberatu behar izan zuen: alde batetik, itzulpen askea hauta zezakeen, errimari hainbeste erreparatu gabe obraren mamian zentratzea, eta hura ahalik eta egokiena itzultzea; bestetik, errima eta neurriaren aldeko apustua egin zezakeen, edukia horietara egokituta. Payak bigarrena hautatu du: «Lan hori bestela euskaratzeak ez du zentzurik, baldin eta itzulpen soil gisara argitaratzen bada. Kaleratuko balitz beste formatu batean, ezkerreko orrian jatorrizkoa eta eskuinekoan euskaratua dituela, ez nuke astirik galduko errima eta neurriarekin, eta esfortzurik handiena edukiarekin fidela izaten egingo nuke». Ez da hala jazo, ordea, eta jatorrizko errima eta neurri berak mantendu ditu. Hori bai: gaztelaniazko errima asonantearen tokian euskarazko kontsonantea erabili du, «euskaraz errima asonanteak ez baitu zentzurik».

Aurtengo beste berritasunetako bat da Jamaica Kincaid idazle karibearraren The Autobiography of my Mother eleberriaren euskarazko bertsioa, Alberto Martinez de la Cuadrak itzulia. Kincaidek, bere lanetan ohikoa duenez, kolonialismoaren ondorioak aztertzen ditu, arrazaren, ekonomiaren eta identitatearen inguruan sakonduz. Xuela neska afrikarrak duen barne hutsuneari buruzko istorioa da. Eskoziara joaten da bizitzera, baina han ez du lagunik egiten, ez baita gai inor maitatzeko. Hala ere, behartsuei begirunea die; galtzaileekin identifikatzen da. Bere kondizio postkolonialak eta ama goiz galtzeak alienazio prozesu batean sartu zuten. Orain, bere buruaz lotsatzen da, bere ileaz, larruazalaren koloreaz eta hizkuntzaz. Etengabe ageri dira, besteak beste, porrota, sexua, atsekabea, isiltasuna, misoginia eta krisi existentziala.

Itsasoko kontuak

Itsasoa dute agertoki nagusi Herman Melville idazle estatubatuar mitikoaren Benito Cereno eta Billy Budd nobelek, biak ere Jose Ramon Vazquezek itzuliak. Lehenak gertakari historiko bat du oinarrian: 1799an merkataritza ontzi espainiar batean izandako esklaboen matxinatze bat, hain justu ere. Belaontzi handi bateko buru Amasa Delano kapitainak irla bakarti batean atseden hartzea erabaki du, tripulazioa urez hornitzeko. Hurrengo egunean, beste belaontzi arraro bat hurreratuko zaie lehorrera, abandonatua dirudiena. Laster ohartuko dira, ordea, merkatari espainiar baten ontzia dela, esklabo beltzak eta balio handiko merkantzia gehiago garraiatzen dituena. Lanaren anbiguotasunak gisa guztietako interpretazioetarako eman du jokoa. Batzuek diote testu arrazista eta esklabotzaren apologia dela; besteek, arrazismoaren kontrakoa eta abolizioaren aldekoa dela. Kontuak kontu, kritikarik berrienek hortik harago kokatzen dute eleberria, gizartearen gaiztakerian arakatzen duen lan moduan.

Billy Budd, ostera, Melville hil ostean argitaratu zuten, eta autoreak amaitu gabe utzitako eleberria da. Tripulazio zapaltzaile eta nekagarri batean sartzen den mutiko argi baten nondik norakoak kontatzen ditu: azpiofizial batek, bekaizkeriaz, errebelde izatea leporatuko dio Billy Buddi. Kapitainak biak deituko ditu, bertatik bertara ikusi nahi baitu mutikoaren erreakzioa. Hark, hitz totelka, ez du asmatuko erantzunetan, eta leporatzailea ukabilkadaz hilko du. Moralaren inguruko dilemetan sartzen da hortik aurrera eleberria, heriotza zigorrera kondenatuko baitute Budd.

Azkenik, Alain Fournier idazle frantsesak idatzitako eleberri bakarra itzuli du Monika Etxebarriak, frantziar literaturako obra handienetakotzat hartzen dena: Le grand Meaulnes. François Seurel mutikoak Augustin Meaulnes neskarekin duen maitasun istorioa kontatzen du. Oldarkorra eta ausarta da Meaulnes, ideal erromantikoaren gorpuztea. Ezinezkoaren bilaketa eta umezaroaren eta heldu bihurtzearen artean dagoen mundu misteriotsua ditu aztergai eleberriak.

Aipatuez gain, beste lau liburu ere esleituta daude jada: Antonio Lobo-Antunesen A ordem natural das coisas (Iñigo Roque), Elias Canettiren Die gerettete Zunge (Ibon Uribarri), Mary Shelleyren Frankestein (Iñigo Errasti) eta Merçe Rodoredaren Mirall trencat (Antton Olano).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.